Nahia Zudaire bigarrenez igo zen atzo podiumeko hirugarren lekura Singapurren jokatzen ari den igeriketa egokituko Munduko txapelketan. Basque Team-en bekaduna den igerilariak hirugarren denborarik onena egin zuen SB7 mailako bularreko 100 metroko finalean, eta brontzezko domina eskuratu zuen; aldez aurretik, S8 kategorian estilo libreko 400 metroetan lortu zuen bestea. 100 metroko bular-igeriketako proba da, hain zuzen ere, Zubietako igerilariaren gustukoenetakoa, horren erakusle diploma paralinpikoa eman zion 2024ko Parisko Jokoetako laugarren postua.
Finala zuzenean jokatu zuten arratsaldeko saioan, goizeko sailkatze proba egin beharrik gabe. 3. kaletik egin zuen igeri gipuzkoarrak, hirugarren kokatu zen proba hasi bezain pronto, eta ez zuen inork gainditu.
Zubietako igerilariak 44.26ko denbora markatu zuen lehen 50 metroak egindakoan pareta ukitu zuenean, eta bigarren zatian ondo eutsi zion posizioari, Yan NG Cheuk Hong Kongeko igerilaria atzean zelatan egon arren eta aurretik zihoazen bi igerilariek ezarritako abiadura gorabehera.
Mariia Pavlova errusiarrak oso erritmo bizia ezarri zuen eta 1:24.51ko denborarekin, urrezko domina lortzeaz gain, munduko marka berria ere ezarri zuen. Zilarrezko domina Iona Winnifrith britainiarrak irabazi zuen, 1:26.57ko markarekin. Eta brontzea Nahia Zudaireren lepora joan zen, kronoa 1:33.87an gelditu zuelarik.
Horrenbestez, bular-igeriketako 100 metroko proban aipatutako diploma paralinpikoa eta bi brontzezko domina batu ditu dagoeneko igerilari gipuzkoarrak, 2023an Manchesterreko Munduko Txapelketan irabazitakoa eta 2024an Funchalen Europako Txapelketan jasotakoa.
Llopis, zortzigarren
Bestetik, Iñigo Llopisek tximeleta estiloko 100 metroetako finala jokatu zuen S8 kategorian. Igerilari donostiarra zortzigarren izan zen 1:07,43ko markarekin, Ting Li txinatarrak (1:02,12), Alberto Amodeo italiarrak (1:02,87) eta Eduard Horodianyn ukrainarrak (1:03,36) osatu zuten podiumetik nahikoa urrun.
Azpimarratu beharrekoa da gipuzkoarrak laugarren postuan amaitu zuela goizeko sailkapen saioa, 1:06.23ko denborarekin, eta horri esker sartu zen finalean.