Malen Osa: “Zegamak beti du nire egutegian toki berezia”
Igeriketa eta futbola utzi ostean, oñatiarrak trailera egin zuen salto, eta lehengo urtean bigarren postua lortu zuen Zegama-Aizkorrin
Malen Osa (Oñati, 2002) covid19aren pandemiak zenbait kiroletan ezarritako neurriengatik hasi zen trailean. Gaztea bada ere, azkar bete du elitera iristerainoko ibilbidea eta dagoeneko munduko trail korrikalari onenen artean dago oñatiarra. Igandean, oso ongi ezagutzen duen Zegama - Aizkorrin parte hartuko du, lehengo urteko bigarren postua hobetzeko helburuarekin.
Zer moduz hasi duzu denboraldia? Japonian eta Txinan denbora onak lortu dituzu.
Hala da. Japonian hirugarren postua lortu nuen eta hori emaitza aldetik oso ondo dago, baina egia esan ez dut denboraldia nahi nuen bezala hasi. Asko ari nintzen entrenatzen eta oso motibatua joan nintzen Asiara. Arazoa, txapelketetan sartzeko mentalki prestatuta ez nengoela izan da agian. Arazo ezberdinak medio ez dut nahi nuen errendimendua ematerik izan eta Txinan ez nuen lasterketa bukatu, adibidez. Hala ere, oso gogotsu nago Zegamarako.
Batzuetan emaitzak eta sentsazioak ez dira eskutik joaten.
Kirolaren parte da, eta denboraldi hasieran tokatu zait niri sentsazio ez hain onak edukitzea.
Zegama lasterketa aproposa izan daiteke sentsazioak berreskuratzeko.
Hitz handiak dira horiek, beti oso maila handia duen lasterketa izaten delako. Urtetik urtera zailagoa da goiko postuetan sartzea, eta ez dut inoiz helburu izan hura irabaztea. Ez nuke lasterketa gaizki amaituko azkarrena ez izanda ere. Helburu nagusia etxeko mendiez gozatzea izango da berriro ere. Sentsazio onak badauzkat, aurreko urteko denbora hobetzen saiatuko naiz.
"Kirolaren parte da, eta denboraldi hasieran tokatu zait niri sentsazio ez hain onak edukitzea"
Egutegian modu berezian markatzen duzu lasterketa?
Oñatiarra izanik, beti izan da nire mendia Aizkorri. Txikitatik joan izan naiz ia astero. Benetan berezia da lasterketa hori niretzat, gertuko jendea animatzera etortzen delako eta esan bezala, oso ondo ezagutzen dudan toki batean korritzen delako. Zegamak beti dauka egutegian toki berezia.
Prestaketa berezia ari zara egiten?
Lehengo urteko prestaketa berdina jarraitu dut. Lasterketa baino bi edo hiru aste lehenago hasi gara tokian bertan entrenamenduak egiten. Hala, denborak eta ibilbidea aztertu ditzaket lasterketa modu batean ala bestean planteatzeko. Etxetik gertu izanik, askoz errazagoa da prestakuntza espezifikoa egitea.
Ibilbidea aztertuta, lasterketa aurretik diseinatzen duzu?
Noski. Ibilbidea oso ondo ezagutzen dut eta, esate baterako, badakit puntu batetik bestera zein erritmoan joan behar dudan. Lasterketa luzea da, eta fuerte hasiz gero, luzeegia egin daiteke. Burua argi eduki behar da, eta nik adibidez, denborak markatuta dauzkat lehenengo zazpi kilometrotarako. Ondoren, beste zati batzuetan ere markatuta ditut denborak. Kontrol zehatza eramanda errazagoa egiten zait bukaerara freskoago iristea.
Zein da zure indargunea?
Oso ondo moldatzen naiz jaitsiera eta eremu teknikoetan. Zegaman, gailurrera iritsi eta jaisteko tarteetan ateratzen dut denborarik handiena nire aurkariekiko.
Korrikan ez duzu horren ibilbide luzea. Inoiz pentsatu zenuen maila honetara iritsiko zinenik?
Ez, eta guztiz ezustean iritsi zen traila nire bizitzara. Ez dira urte asko pasa honetan hasi nintzenetik, eta egia da bilakaera oso esponentziala izan dudala azken urteotan. Oso gustura eta pozik nabil. Prozesuaz gozatzen ari naiz eta, oraingoz, nire ideia urte askoan jarraitzea da. Etapak modu egokian erre behar ditut horretarako eta egunero lan egin.
Futbola eta igeriketatik trailera.
Batxilerra bukatutakoan, igeriketa utzi nuen ikasketetan zentratzeko. Hortxe etorri zen pandemia eta taldeko kirolak debekatu egin zituzten. Orduan hasi nintzen mendira gehiago joaten eta korrika egitera ohitzen. Herrian oso kuttuna dugun Aloñako igoeran parte hartu nuen eta horrek animatu ninduen beste lasterketa batzuetan ere parte hartzera.
"Herrian oso kuttuna dugun Aloñako igoeran parte hartu nuen eta horrek animatu ninduen beste lasterketa batzuetan ere parte hartzera"
Nolakoa da eliteko korrikalari baten egunerokoa?
Uztailean unibertsitate ikasketak bukatu nituenetik profesional gisa aritzen naiz trailean. Salomon taldean nago eta oso baldintza onak dauzkat. Horrek, kirolean 100%ean jardutea ahalbidetzen dit, trailari denbora asko eskaintzeko aukera ematen didalarik. Denboraldian zehar, garaiaren arabera aldatzen ditut entrenamenduak. Helburuen arabera antolatzen ditugu entrenamendu motzago ala luzeagoak.
Igandera begira, eguraldiaren aldetik zer zenuke nahiago?
Lurzorua apur bat bustita badago, ezin hobeto. Ez dut bero askorik gustuko, eta euri zaparradarik ere ez. Jolasteko moduko eguraldia nahiko nuke.