Síguenos en redes sociales:

50 urte Tabeik Everesteko gailurra zapaldu zuela

Tsering nepaldar sherpa lagun zuela, orain mende erdi, Junko Tabei japoniarra izan Everesten tontorra zapaldu zuen lehen emakumea

50 urte Tabeik Everesteko gailurra zapaldu zuelaCedida

Tsering nepaldar sherpa lagun zuela, orain mende erdi, Junko Tabei japoniarra izan Everesten tontorra zapaldu zuen lehen emakumea. Balentria horretan, mendiak berez dituen zailtasunak gainditzeaz aparte, emakumezkoen mendi-espedizioen erabat kontra zegoen japoniar gizarte matxistaren traba guztien gainetik ere pasa behar izan zuen.

Edmund Hillary zeelandaberritarra eta Tenzing Norgay sherpa Everesteko gailurra menderatzen lehenak izan eta 22 urtera, hiru urteko prestaketa lan luzea behar izan zuten, 1975eko maiatzaren 16an, Tabeik Japoniako banderarekin munduko gailurrean egin zuen argazki mitikoa atera ahal izateko.

Metro eta erdiko altuera eta 42 kiloko pisua zuen

Tabei, metro eta erdiko altuera eta 42 kiloko pisua zuen emakume iharra izan zen balentria handiaren protagonista, hain zuzen ere, NBEk martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguntzat estreinakoz ospatu eta bi hilabetera.

“Everesterako espedizioa egiteari buruz hitz egiten hasi ginenean, mendizale komunitateko gizon gehienak gure asmoaren aurka jarri ziren, soilik emakumez osatutako talde batekin joatea ezinezkoa izango zela esanez”, kontatu zuen 2015eko elkarrizketa batean, minbiziak jota hil baino urtebete lehenago.

Erabat tradizionala zen japoniar gizartean, Junko Ishibashi –1965ean Masanobu Tabei mendizalearekin ezkondu arte hura baitzen bere abizena– aitzindaria izan zen, hezkuntzan eta neskatila zela zaletu zen alpinismoan emakumearen presentzia aldarrikatzen.

60ko hamarkadan, ingeles literaturan lizentziatuondoren, emakumezkoen mendi klub bat sortu zuen Himalaiara joateko asmoz.

Hasieran mesfidati hartu bazuten ere, halako bateanJaponiako Mendizale Elkarteak onartu eta 1970ean Annapurna III (7.555 metro) mendatera bere lehen igoaldia egiteko baimena jaso ahal izan zuen.

Handik bost urtera, berak 35 eta hiru urteko alaba zituela, nagusiki emakumez osatutako talde batekin Everesteko bideari ekiteko ordua iritsi zen. Babesle bila ia etsita ibili ondoren, azkenean egunkari baten eta telebista-kate baten laguntza eskuratu zuen.

6.300 metro

Egitasmoa porrot egiteko zorian egon zen, 6.300 metroko altueran lotan zeuden kanpamenduan elur-jausi batek erabat lurperatu zituelako, baina zorionez, nola hala erreskatatu zituzten.

Emakume batzuek amore eman zuten, baina Tabeik eta taldeko beste kide batzuek, besteak beste Yuriko Watanabek, aurrera jarrai-tzea erabaki zuten bizitako susto izugarritik onera etorri ondoren.

Garraiolari gehientsuenek pairatutako altuerako gaitza zela eta, alpinista bakarra aukeratu behar izan zuten azken saiakera egiteko, eta Tabei hautatu zuten Watanabe bertan utzita; Tsering izango zuen bidelagun.

Maiatzaren 16an historia egin zuten, aintzatespenak jada beste izen bat bazuela ez zekiten txinatar emakumez osatutako beste talde bat gailurrera iritsi baino hamaika egun lehenago.

Ez zen Tabei izan, ordea, zortzimilako bat zapaldu zuen lehen emakumea, urtebete lehenago Naoko Nagaseko, Mieko Mori eta Masako Ucida herrikideek lortu baitzuten marka hori Manaslun, garai hartako Japoniako mendizaletasun oparoaren adierazgarri.

“Mendi bakarra eskalatu banuen ere, lehen emakumea izateak ikaragarri aldatu zuen nire ingurune guztia”, esan ohi zuen Tabeik, Everestera igotzeak eragin zuen talka oroituz, Hirohito enperadoreak berak ere heroina harrera egin baitzion.

Zazpi gailurrik altuenak zapaldu zituen

Balentria haren ostean, alpinismoari estuki lotuta jarraitu zuen, eta beste mugarri bat ere ezarri zuen, 1992an kontinenteetako zazpi gailurrik altuenak zapaldu zituen lehen emakumea izatea erdietsiz.

Ingurumenaren babesean murgildu zen, eta herrialde ugaritan ibili zen bere testigantza eskaintzen. Minbiziak eraman zuen 2016ko urriaren 20an, 77 urte zituela.

“Erreferente handia, atzetik etorri ginen beste alpinista guztioi bidea erakutsi ziguna. Borrokalari sutsua bere azken egunera arte. Beti gogoan izango zaitugu zapaltzen ditugun gailur guztietan”, adierazi zuen, haren herio-tzaren berri izandakoan, 2010ean hamalau zortzimilakoak eskalatu zituen lehen emakumea bilakatu zen Edurne Pasaban gipuzkoarrak.