Sei hautagai Zalduaren txapela janzteko
euskal pentatloiaGabirondo, Izeta VI, Otaegi, Errazkin, Peñagarikano eta Irazabal egongo dira bihar finalean
- Euskal Pentatloiak txapeldun berria izango du bihar (22.00etan, ETB1en). 2018tik hona jokatu diren modalitate honetako hiru edizioetako irabazle Xabier Zalduak, ez du aurtengo kanporaketetan parte hartu, denboraldiko tarterik handiena Julen Gabirondoren aurkako apustua prestatzen eman duelako. Palmaresean zumarragarra ordezkatuko duten sei hautagaien artean, iaz txapeldunorde izandako Gabirondo bera ere badago; 2019an bigarren izan zen Joseba Otaegi, urtebetez parte hartu gabe egon ondoren pentatloiari berriz ekinda; azken kanporaketako denborarik onena lortu zuen Izeta VI.a, Kepa Peñagarikano pilotari ohia, eta Iñaki Errazkin eta Aritz Irazabal aizkolariak ere bertan izango dira.
Gizonezkoen txapelketa ez ezik, emakumezkoen banakako txapelketa bat ere jokatuko da estreinakoz, hiru parte hartzailerekin: Karmele Gisasola -Zelai III-, Garazi Arruti eta Lucia Orbe.
Aurten parte-hartzaile berriak eta lehiaketa sistema berria aurkeztu ditu txapelketak. Lehen aldiz, bi kanporaketa egin dira sei finalistak erabakitzeko, nahiz eta parte-har-tzaile batzuek finalaurrekoan bakarrik lehiatu behar izan zuten. Joseba Otaegi eta Irazabal bi sailkapenak gaindituta iritsi dira. Bizkaitarrak eta Izeta IV.ak euren lehen finala jokatuko dute, bi final baino gehiagotan inork parte hartu ez duen taldean. Zalduaz gain, Arria V.aren hutsunea ere nabarmentzekoa da, orain hilabete batzuk amaiera eman baitzion bere kirol ibilbideari.
1500 ikuslentzako tokia izango duen Azpeitiko zezen plazan jokatuko da. 16 urtez azpikoek doan sar-tzeko aukera izango dute.
Parte hartzaileek 100 kiloko harri borobilari 25 jasoaldi egin beharko dizkiote, 400 kiloko harri bat herrestan eramanez bi plaza egin, hiru kanaerdiko moztu, 50na kiloko txingekin sei plaza, eta korrika plazari 30 itzuli egin (hiru kilometro).
Hiru parte-hartzaile bizkaitar izango dituen emakumezkoen txapelketarekin hasiko da ikuskizuna. Karmele Gisasola -Zelai III- da faborito nagusia, Garazi Arruti eta Lucia Orberen aurrean. Arrutik eta Orbek elkarrekin irabazi zuten orain hilabete batzuk emakumezkoen binakako lehen euskal pentatloi txapelketa. Parte-hartzaileek 15 jasoaldi egin beharko dituzte 63 kiloko bolarekin, 250 kiloko harritzarra plaza bete arrastatu, 36 hazbeteko bi enbor moztu, 25 kiloko txingekin lau plaza egin, eta korrika kilometro t'erdi.
BIGARREN TXANDA
Aritz Irazabal (Ugao, Bizkaia, 1991). Otaegik bezalaxe bi kanporaketak gaindituta lehiatuko da finalean estreinakoz aizkolari bizkaitarra. Orain bi asteko finalerdian laugarren izan zen. Finalean debutari izango da, Izeta VI.a eta Kepa Peñagarikano bezalaxe.
Julen Gabirondo (Urnieta, 1989). Euskadiko sega txapelduna bigarren izan zen iaz, 35 segundoko tartearekin. Aurten, sega eta aizkoaren arteko apustu mistoa irabazi dio Zalduari eta, Izeta VI.a bezala, Euskal Herriko Hirugarren Mailako Txapelketan parte hartzen ari da aizkorarekin hobetu asmoz.
Kepa Peñagarikano (Azpeitia, 1981). Laugarren izan zen 2020an. Orain bi asteko finalerdian azken postuan sailkatu zelarik. Orain arte jokatutako binakako bi pentatloi txapelketetan ere parte hartutakoa da pilotari ohi azpeitiarra.
HIRUGARREN TXANDA
Andoni Iruretagoiena, Izeta VI (Aia, 1993). 2020an eta 2021ean binakako txapelduna izandakoa, eta iaz bakarkako kanporaketa bakarra gainditzeko postu bakarrera geratu zena. Euskal Herriko Hirugarren Mailako Txapelketan parte hartzen ari da diziplina honetan hobetzeko helburuarekin. Azken kanporaketan denborarik onena egin zuen.
Joseba Otaegi (Zizurkil, 1983). Txapeldunorde 2019an. Iaz parte hartu ez zuenez, Getariako arraunlari ohia den aizkolari zizurkildarrak bi kanporaketa gainditu behar izan ditu finalean sartzeko. Bigarren kanporaketan bigarren denborarik onena lortu zuen.
Iñaki Errazkin (Ibarra, 1981). Bosgarren izan zen aurreko edizioan. Aizkolari hau, bigarren kanporaketako hirugarren denborarik onenarekin sartu zen finalean.