- Itxura batean Acunsa Gipuzkoa Basketek gogor eutsi egin nahi zien ACB ligan jarraitzeko aukera bakanei, Burgosko kantxa zailean lortutako garaipenarekin. Titulurako play-off-era sailkatzea helburu duen taldeari 69-80 nagusitu zitzaizkion gipuzkoarrak, baina igande honetan jasandako porrot etsigarriarekin ia aukera guztiak galdu zituen. Eta ez bakarrik matematika hutsak erakusten duenagatik, hori kontuan izanda eta sei jardunaldiren faltan, salbazioa oraindik posible baita bi garaipenera eta averagea kontra dutela baitaude (alegia, bederatzi garaipenekin dauden hiru taldeetako batek baino hiru garaipen gehiago beharko lituzke, Fuenlabrada, Betis eta Estudiantes), eskaini zituen sentsazio txarrengatik baizik. Gipuzkoarrek 99-71ko emai-tza mingarriarekin galdu zuten Zaragozan, eta 32 puntuko aldearekin ere galtzen ibili ziren.

Marcelo Nicolak zuzentzen duen taldea partidatik kanpo egon zen hasiera hasieratik, eta ez zuen markagailua iraultzeko inolako jarrerarik erakutsi. Gauzak horrela, GBCk miraria beharko luke salbatzeko; azken sei partida hauetan aipatutako aurkariek baino hiru partida gehiago irabaztea.

Lan zail horri hurrengo liga konpromisoan bertan heldu beharko diote, datorren larunbatean Illunben UCAM Murtziaren aurka 18.00etan hasita. GBCren entrena-tzaile izandako Sito Alonsoren taldea, play-off-a jokatzeko eskubidea izango duten zortzi taldeen artean sailkatzeko lehian dabil, helburu hori lortzeko aurrean dituenei bi garaipenen aldea atera beharko badie ere.

LEB Oro

Horrenbestez, koronabirusaren pandemia agertu eta amaitu gabe geratu zen denboraldian igo-tzea lortu eta urtebetera gauzatu daiteke berriro ere maila galtzea. Hala gertatuko balitz, eta talde donostiarrak amaierara arte hori ekiditeko borroka egingo duen arren, litekeena da Gipuzkoako bi talde bat etor-tzea estatuko saskibaloiaren zilarrezko kategorian. Izan ere, horrelakorik ez baita inoiz gertatu, baina une honetan Juaristi Iraurgi SBk igotzeko kanporaketa jokatzen ari da (Zilarrezko LEB Ligako liga erregularreko bi multzoetako liderrek jokatzen dutena). Emakumezkoetan badago aurrekari bat, 2015-16 denboraldian Liga Femenina 2an IDK Gipuzkoa eta Añares Rioja (Iraurgi Saski Baloia) batera izan baitziren.

Joan den igandean Azpeitian jokatutako joaneko partidan, 2017-18 denboraldian Urrezko LEB ligan aritutako Urola Erdiko taldeak, Barça B mendean hartu zuen sei puntuko errentarekin (65-59). Alde hori baliatu beharko du datorren igandean Bartzelonan 16.45ean hasiko den norgehiagokan. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoa Basketen jaitsiera batetik, eta Iraurgiren igoera bestetik, gerta-tzeke daude oraindik.

Juaristi Iraurgi SBk sei puntuko errenta babestu beharko du igandean Barça Bren kantxan