- Bidasoa-Irunek gaur Artalekun Ademar Leonen aurka jokatuko duen partida (20.00etan, Gol TV) "oso oso parekatua" izatea espero du Jacobo Cuétara entrenatzaileak, "xehetasun eta ñabardura txikiek erabakiko dutena, partida hauek beti izan ohi diren bezalaxe". "Testuingururik gabeko gerra izan daiteke, lehenago gertatu dena alde batera utzita; bataila latza izango da, eta garrantzitsuena aurrera ateratzea da", aitortu du entrenatzaileak. Taldea "gogotsu" ikusten omen du joan den igandean Navaren aurka lortutako garaipenaren ostean, eta "beti egin izan dugun bezala lehiatzeko borondatearekin".

"Europarako plaza horietarako bi hautagai izango gara aurrez-aurre, txapeldunorde izateko aukerak ditugunak", esan zuen Cuétarak. Baita ere gaineratu zuen igandean Irungo taldeak "erantzun ona" eman zuela, "Europatik kanporatzeak ekarritako une mingotsaren ondoren. Porrotak gertatzen direnean asko hitz egiten da, are gehiago irabaztera ohitzen zarenean, porrotek min handiagoa egiten baitute, eta horiei buruz gehiago hitz egiten da".

Entrenatzaile bidasotarrak aitortu zuenez "erreakzio on" hori taldean dagoen "giro onari" ere zor zaio: "Baldintza guztiak eman ziren: giro ona ikusleei dagokionez, eskubaloi-grina eta giroa, eta taldean bajak izan arren, oso erreakzio onuragarria. Taldeak sendotasuna erakutsi zuen, maila ematen jakin zuen, eta garaipen garrantzitsua lortu zuen, gainera, markagailuan alde handiarekin. Egia esan, oso pozik amaitu nuen ".

Cuetararen iritziz, igandekoa izan zen Irungo taldearen partidarik "konstanteena, defentsari dagokionez, 60 minutuetan. 5:1 sistemarekin oso bolada onak izan ditugu beste partida ba-tzuetan, helburua ez baita soilik golik ez jasotzea, kontraerasoetan gol aukerak sortzea baizik. Defentsan beste momentu on batzuk ere izan baditugu ere, ezin gara ohitu ligako defentsarik onena izatera denbora guztian ".

"Ezinezkoa da partida guztietan, uneoro, txapelketako defentsarik onena bagina bezala defendatzea. Erasoan ere beste hainbeste; partida guztietan 30 goletik gora sartu ezin diren bezalaxe, defentsak ere ezin du partida guztietan 23 gol baino gutxiago jasotzea lortu", azaldu du Cuetarak. Bere hitzetan,"Nava bezalako aurkari bat gol kopuru horietan uztea azpimarratu beharrekoa da. Arrakasta handitzat hartu behar da, eta ez pentsatu hori beti horrela izango denik, oso zaila baita hori lortzea ".

Gaurko norgehiagokari begira, Ademar Leon taldea izango da arerio; igandean Granollersen erakutsi zuen bezala, "azkenera arte, amore eman gabe, borrokatu ohi den taldea. Une batez bazirudien emaitza erabat bestelakoa izango zela, Ademar Leon jota zegoela eta Granollersek askoz errenta handiagoa atera zezakeela. Eskubaloia horrelakoa da baina. Partida horretan gertatu zena Asobal ligan maiz gertatzen ari da; erritmoagatik, berdintasunagatik, presioagatik€ ".

"Horrelakoak guri gertatzen zaizkigunean, behin edo behin, eskuak burura eramaten ditugu, etsita; baina askotan gertatzen da, eta horrelako partzialak saihesten jakin behar da. Jo eta ke eutsi behar zaio amaierara arte, eta partidak ez dira inoiz eman behar, ez galdutzat ez irabazi-tzat", adierazi du Asturiaseko entrenatzaileak.

Azken entrenamendu saio baten faltan, min hartuta dauden Jon Azkue, Donát Bartók eta Dan Racotearen artetik baten bat berreskuratzea espero du Cuétarak. "Nekez izango dira jokatzeko moduan, eta inor berreskuratzen ez badugu, arazo larriak izango ditugu", adierazi du entrenatzaileak, giharretako lesioetatik hobetuko direnaren esperantzarekin.

"Lehiatzeko moduan gaudela uste dut, baina lesioek ahuldu egin gaituzte, eta hain partida orekatuan horrek aldea areagotu lezake", adierazi du entrenatzaileak. "Inolaz ere, gaudenak beti egin izan dugun bezala lehiatuko gara, garaipenaz erabat konben-tzituta".

"Europarako txartela lortzeko bi hautagai izango gara nor baino nor"

Bidasoa Irun taldeko entrenatzailea