Markina-Xemeingo finalekin Xisterak bere egun handia biziko du
ZESTA PUNTA | Hiru lehiaketen txapelak jokoan izango dira Bizkaiko pilotalekuan
donostia - Mutilen Xistera Ugarein Zirkuitua eta Nesken Xistera Zirkuitua iritsi dira euren amaierara eta bukaerako festa handia larunbatean izango da Markina Xemeingo pilotalekuan. Zestaren gunerik garran-tzitsuenetakoan jokatuko dira hiru finalak 18.00etatik aurrera.
Mutilen gazte mailako finalarekin ekingo zaio arratsaldeari. Bertan, Galletebeitia eta Iturralde, Agirreren eta Mandiolaren aurka neurtuko dira. Final ikusgarria izango da, lau pilotariak sasoi onean iristen baitira neurketa honetara. Bi atzelariek sekulako maila eman dute txapelketan zehar, eta hor gailentzen denak irabazteko asko izango du. Aurrean Agirre ikuskizuna emateko prest joango da, eta atzean Iturraldek agintzen ez badu, behin-tzat, Galletebeitiak zumaiar gaztea mendean hartzea ez du erreza izango.
Ondoren emakumezkoen finala izango da. Aldazabalek eta Arbek, Ortiz de Mendibilen eta Lizardiren aurka neurtuko dituzte indarrak. Final hau ere dotorea izango da. Nahiz eta finalerdia jokatu behar izan duten, adituen ustez, Ortiz de Mendibil eta Lizardi dira faboritoak. Aurrelari gasteiztarrak bere eguna baldin badauka, ez da erreza izango bera geratzea.
Azkenik, gizonezkoen maila nagusiko finala jokatuko da. Bertan, Antxon eta Manci izango dira alde batetik, eta bestetik, berriz, Barinagarrementeria eta Aitor Elkorobarrutia. Lehen bikotea izango da garaipena lortzeko faborito nagusia. Biak, gainera, aurtengo Zirkuituan bi aldiz izan dira bikotea osatuz, eta bi torneoak irabazi zituzten, Donibane Lohizunekoa, eta Tolosakoa. Horrez gain, bat aurrean eta beste atzean, bi onenak izan dira jokatu diren torneo ezberdinetan. Hala ere, finalerdietan ere ez ziren faboritoen zerrendan sartzen Barinagarrementeria eta Elkorobarrutia, baina finalean daude, eta seguraski presiorik gabe joango dira, eta garbi dago, biek oso bikote arrisku-tsua osatzen dutela.
Baina larunbateko eguna ez da arratsaldeko finalekin bakarrik osa-tzen, askoz ere jardun zabalagoa izango da, ekitaldiz josita izango baita eguna. Zesta zaleak direnek, goizetik hasita izango dituzte zestako partidak ikusiz gozatzeko aukerak, Markina-Xemeinen bertan, Etxebarrian, Bolibarren eta Berritxun, gaztetxoen jardunaldiak ikusteko parada izango baita, eta bertan arituko dira euren maila erakusten etorkizunean Xisterako Zirkuituetan arituko diren neskak eta mutilak. Egun osoko festa izango da larunbatekoa. - N.G.