Xisterako Zirkuitua bere amaierara iristen ari da, eta jadanik larunbateko final handiak besterik ez dira geratuko. Mutrikuko pilotalekua gainezka zela jokatu ziren finalerdiak, eta Agirre-Mandiola eta Barinagarrementeria-Aitor Elkorobarrutia gizonezkoen gazte eta maila nagusian sartu ziren finaletara. Ortiz de Mendibil-Lizardi, emakumezkoetan.

FINALERDIAK:

GIZONEZKOAK GAZTE MAILA

Agirre-Mandiola 25 Perez-Goixerri 19 Berge-Olazagasti 9

Finalerdi polita izan zen kinielaren erdira arte. Une batzuetan, gainera, Perez eta Goixerri aurretik ere izan ziren, baina erditik aurrera Agirrek eta Mandiolak euren aginte makila atera zuten, eta kiniela apurtu egin zuten euren alde, finalerako geratzen zen txartela eskuratuz. Atzean Mandiolak agindu egin zuen, eta aurrean Agirrek pilota daukanean ez du barkatzen, eta oraingoan ere zumaiarrak tanto bikainak egin zituen. Finalean, Galletebeitia eta Iturralde izango dituzte aurrez aurre.

GIZONEZKOAK MAILA NAGUSIA

Aaron-Ibarluzea 22 Goixerri-M.Elkorobarrutia 23 Barinagarrementeria-A.Elkorobarrutia 25

Handia, ederra, bikaina, esan daitezkeen gauza on guztiak esan daitezke finalerdi honi buruz, sekulakoa izan baitzen. Hiru bikoteek izan zituzten irabazteko aukerak, eta emozioak azkeneko unera arte iraun zuen. Hiruak berdinduta ere behin baino gehiagotan egon ziren, eta lehen postuan ere hiru bikoteek izan zuten egoteko aukera. Azkeneko txanpa horretan, ordea, Barinagarrementeriak eta Aitor Elkorobarrutiak aurre hartu zuten, eta finala jokatzeko txartelarekin amaitu zuten. Adituen ustez, bikote hau zen irabazteko aukerarik gutxien zituena, baina eurak izango dira azkeneko jardunaldian arituko direnak. Antxon eta Manci izango dira datorren larunbateko euren aurkariak.

EMAKUMEZKOAK

Ortiz de Mendibil-Lizardi 25 Jauregi-Calvo 18 Landa-Arriola 10

Mutilen gazte mailako finalerdiaren oso tankerakoa izan zen hau. Landa eta Arriola azkar geratu ziren atzean, eta beste biren artean emozioa izan zen kinielaren erdira arte. Jauregi eta Calvo izan baitziren lehen postu horretan. Bigarren zatian, ordea, gorriek euren nagusitasuna erakutsi nahi izan zuten, eta horixe egin zuten. Atzean Lizardik botere handia dauka, eta aurrean Ortiz de Mendibilek min handia egiten du. Eurak ziren irabazteko faboritoak eta eurak izango dira finalean. Aldazabal eta Arbe izango dira euren aurkariak.