Nesken zesta punta oso bizirik dago, ondorio horixe atera daiteke Berritxun ospatu den Xisterako Nesken Nazioarteko Topaketetatik. Larunbatean eta igandean izan dira, eta guztira 40 pilotari inguru batu dira bertan. Euskal Herriko, Frantziako eta Kataluniako ordezkaritza zabala izan delarik. Izan ere, Xisteraren barruan dauden klubez gain, Pamiers, Toulose eta Vasconia Barcelona taldeak ikusi dira bertan.

Zestaz gozatu ahal izan dute neskek, baina garrantzitsuena, asteburu batez elkarren berri izan, hobeto ezagutu, eta euren kontuak partekatzeko aukera izan dute, eta horrekin aurrera beste urrats bat eman du emakumezkoen zesta puntak. Adin ezberdinetako kirolariak batu dira, umeetatik hasi eta helduenganaiano iritsiz, eta amaieran denak pozez txoratzen, eta hurrengo urteari begira jarrita atera ziren.

Horrela, larunbat goiza kinielentzako izan zen. Bertan hiru jokatu ziren. Nicolas-Gurrutxaga, Goienola-Revilla eta Aldazabal-Perez izan ziren irabazleak. Ainara Gurrutxagaren kasua ere berezia da, izan zere Bartzelonako Vasconia taldean ari baita. Aita azpeitiarra du, ama kataluniarra eta Bartzelonan bizi da. Goizean Xistera Zirkuitoko partida bat ere jokatu zen.

Arratsaldean berriz, kinielak eta partiduak jokatu ziren. Kinieletan, Idoeta-Otaño, Idoeta-Elezgarai, Otaño-Arai izan ziren irabazleak. Partidetan, berriz, Arakistainek eta Arbek 2-0 irabazi zieten Uclesi eta Calvori (15-7 eta 15-14). Laugiek eta Merinok 2-1 hartu zituzten mendean Ortiz de Mendibil eta Garcia (14-15, 15-5 eta 5-3). Azkenik, Cañisek eta Lizardik 2-0 irabazi zieten Aldazabali eta Perezi (15-11-15-13).

Igandea izan zen azkeneko eguna eta kinielak jokatu ziren, Xisterako Zirkuitoko partida batekin batera. Miren-Uzuri, Beltran-Arai eta Cañis-Arai izan ziren azkeneko eguneko kinieletako irabazleak. Honekin akabo aurtengoz, eta amaieran denak pozez zoratzen utzi zuten Berritxu, eta dudarik gabe hori seinale oso ona da.

Nesken Xistera Zirkuitoa

Arakistain-Merino 0 Ortiz de Mendibil-Arriola 2 (10-15 eta 3-15)

Lehen jokoan berdintasuna izan zen setaren erdirarte. Hor apurtu zuten jokoa urdinek, eta hortik aurrera neurketa erabat kontrolpean izan zuten. 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 2-4, 3-4, 3-6, 6-6, 6-9, 7-9, 7-10, 8-10, 8-13, 10-13 eta 10-15.

Bigarren jokoa aidean eraman zuten urdinek. Oso azkar egin zuten zuloa, eta gorriak asmatu ezinik aritu ziren, beti aurkarien menpe. 0-4, 1-4, 1-8, 3-8 eta 3-15.

Aldazabal-Calvo 2 Arakistain-Arriola1 (14-15, 15-12 eta 5-4)

Ez dago emozio gehiago eskatzerik partida bateri, hiru joko estu batzuen ostean, azkeneko tantoan erabaki baitzen dena. Lehenengoa urdinek eraman zuten. Hasieran gorriak aurretik hasi baziren ere, berehala jarri ziren aitzinetik Arakistain eta Arriola eta beti izan zuten aldea, baina azken aldera Aldazabalek eta Calvok harrapatu egin zituzten. Hala ere, jokoa urdinek amaitu zuten. 2-0, 2-1, 3-1, 3-3, 4-3, 4-4, 4-10, 7-10, 7-11, 8-11, 8-12, 9-12, 9-13,11-13, 11-14, 14-14 eta 14-15.

Bigarren jokoa alderantzizkoa izan zen. Oraingoan Aldazabal eta Calvo izan ziren aurretik jarri zirenak ia hasieratik, eta lortutako tarteari eusteko modua egin zuten, ongi neurketa kudeatuz. 1-0, 1-1, 4-1, 4-3, 5-3, 7-3, 7-5, 8-5, 8-7, 9-7, 9-8, 11-8, 11-9, 12-9, 12-10, 13-10, 13-12 eta 15-12.

Azkeneko jokoa emozioz beterikoa izan zen, bietako edonork irabazteko modukoa, eta azkenean amaierako tantoa gorrien alde joan zen, neurketa irabaziz. 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 4-2, 4-4 eta 5-4.

Goixerri-Elkorobarrutia eta Agirre Olazagasti izan dira Zumaiako irabazleak

Ostiral gauean amaitu zen Zumaiako Xistera Ugarein Zirkuitoko Torneoa, eta bertan Agirre-Olazagasti, gazteetan, eta Goixerri-Elkorobarrutia, maila nagusian, izan ziren onenak.

GAZTEAK:

Etchegaray-Segurola 0 Agirre-Olazagasti 2 (11-15 eta 14-15)

Lehen jokoa oso polita izan zen emozioz beterikoa. Gorriak aurretik ibili ziren markagailuan zatirik gehienean, baina azkeneko bost tantoetan erabaki zen neurketa. 10nako berdinketaren ostean, Agirrek eta Olazagastik 1-5eko partziala lortu zuten. 0-2, 2-2, 2-3, 3-3, 6-3, 6-4, 8-4, 8-8, 9-8, 9-9, 10-9, 10-10, 10-12, 11-12 eta 11-15.

Bigarren jokoan emozioa azkenerarte egon zen, baina lehenengoaren kontrakoa izan zen. Oraingoan Agirre eta Olazagasti partida osoan zehar aurretik ibili ziren, baina inoiz tarte handirik lortu gabe, eta azkenean Etchegarayk eta Segurolak 14na berdintzea lortu zuten. Hala ere, seta eta finala urdinek amaitu zuten. 0-2, 1-2, 1-3, 2-3, 2-7, 3-7, 3-8, 5-8, 5-9, 6-9, 6-10, 7-10, 7-11, 10-11, 10-12, 11-12, 11-13, 12-13, 12-14, 14-14 eta 14-15.

Maila nagusia:

Goixerri-Elkorobarrutia 2 Aaron-Uranga 0 (15-12 eta 15-7)

Goixerrik eta Elkorobarrutiak aise irabazi zuten Zumaiako finala. Goixerri izan zen finaleko protagonista nagusia. Mutrikuarra joko ikaragarriarekin dago, eta bera horrela dagoenean oso zaila da aurre egitea. Gainera, atzean, Elkorobarrutiak ere primeran lagundu zion.

Hala ere, lehen jokoan erdirarte emozioa izan zen, baina zortzinako berdinketaren ostean neurketa gorriek apurtu egin zuten euren alde. 0-2, 2-2, 2-3, 3-3, 3-4, 4-4, 4-5, 5-5, 5-7, 7-7, 8-7, 8-8, 10-8, 10-9, 11-9, 12-9, 12-10, 13-10, 13-11, 14-11, 14-12 eta 15-12.

Bigarren jokoan ez zen kolorerik egon. Gorriek berehala egin zuten ihes, eta neurketa erabat kontrolpean izan zuten. 1-0, 1-1, 1-2, 2-2, 5-2, 5-3, 6-3, 6-4, 9-4, 9-5, 11-5, 11-6, 14-6, 14-7 eta 15-7.

Tolosako kanporaketak

Tolosako Ugarein Xistera Zirkuitoko, Elolaren Oroimenezko Torneoko kanporaketak ere asteburu honetan jokatu dira. Igande eguerdian jendeak erantzun oso polita eman zion finalerdiak ikusteko. Kiniela erara jokatu ziren kanporaketak, eta gazte mailan Berge eta De Betelu izan ziren irabazleak. Bigarren, berriz, Arrillaga eta Iturralde sailkatu ziren, eta bi bikote hauek jokatuko dute datorren larunbat eguerdiko finala. Maila nagusian, berriz, Antxon eta Manci atera ziren garaile, eta bigarren, berriz, Anton eta Sanchez. Bi bikote hauek jokatuko dute finala.