Galdera baten inguruan eraiki du Pablo Agüero zinemagile argentinarrak iaz Euskal Herrian filmatu zuen Akelarre pelikula: Zer da sorgin bat? Gaur aurkeztuko da Zinemaldiko Sail Ofizialean eta erantzuna bilatzeko, filmeko protagonistei galdetzea baino hoberik ez dago.

2018. urteko udan 850 emakume gazte aurkeztu diren castingera, bostek pasa zuten, eta Amaia Aberasturik antzezten duen Ana protagonistarekin, guztira sei dira sorginak. Hobe esanda, horiek dira filmean sorginkeria egotzita espetxeratutako seiak. Pertsonaiek ez dakite sorgin bat zer, aktoreek, aldiz, bai; luze hausnartu dute horren inguruan. Garazi Urkola (Villabona, 22 urte) Kattalin da; Irati Saez de Urabain (Agurain, 22 urte), Olaia; Jone Laspiur (Donostia, 24 urte), Maider; Lorea Ibarra (Arrasate, 17 urte), Oneka; eta Yune Nogueiras (Bergara, 21 urte), María. Guztientzat lehen esperientzia profesionala izan da kameraren aurrean. 2018an ez zuten industria zinematografikoa zer zen apenas ezagutzen; orain A kategoriako zine jaialdi batean defendatuko dute filma.

"Sorgina hitzak berak dioena da, sortu eta egiten duena", erantzun du Laspiurrek, gaineratuz, "jakina, beste erabilera bat eman izan zaio". Bere aburuz, "zientzialari bat izan zitekeen" edo "komunitateko zaintzailea edo medikua, sortzen zuena edo bizitza ekartzen zuena"; beti ere, "rol positibo bat" izan du. Bide beretik hitz egiten du Ibarrak, jendeak "pertsona txartzat" zituen, baina ez da horrela, "libre bizi ziren emakumeak ziren, inposatutako legeak onartzen ez zituztenak". "Horregatik esaten zen ez zirela pertsona onak, Elizak edo gizarteak agindutakoa ez zutelako betetzen", gehitu du.

Bere aldetik, Saez de Urabainek dio erreportaje honek plazaratzen duen galdera erantzutea zaila dela, eta Akelarrek duen zentzu "politikoari" erreparatzea proposatzen du, "bai generoaren aldetik eta baita euskal emakume izateari dagokionean ere". Zentzu honetan, "alderdi feministatik" harago eraman nahi du pentsamendua. Horregatik, pelikulak duen emakume begiradaz gain, Aguraingo aktoreak nabarmendu egin nahi izan du Agüerok gertakari historiko batzuei buruz egindako "berrirakurketa kritikoa", eta sorginen mitoaren inguruan emandako ikuspegi berria. "Ez da gai berria, beste batzuetan ere egin dira horrelako pelikulak", gogoratu du; baina Akelarren, beste filmetan ez bezala, emakumeak ez direla "inuzenteak edo beldurtiak". Urkolak ñabardura garrantzitsu bat gehitu du honen harira: "Sorginak boterea duten emakumeak dira, zentzu onean diot". Alegia, "bere buruaren jabe dena" eta "bere burua eta ingurukoak zaintzeko jakintza lurtarra duena". Nogueirasek, bere aldetik, beste izenondo bat gehitu du: sor17 eta 24 urte bitarteko sei neska dira 'Akelarre' filmeko protagonistak. bat? ginak emakume "ausartak" dira, "beste batzuk esateko gauza ez ziren horri, hitzak jartzen dizkiotenak".

Iraganeko estamentuek ez zituzten emakume zaintzaile eta aske hauek begi onez ikusten, ordea. Agüero, XVII. mendeko sorgin-ehizari buruzko istorio batekin lehiatuko da Urrezko Maskorra lortzeko bidean. Euskal Herrian kokatu arren, bere izaera unibertsala aldarrikatu izan du beti, Europako beste gune batzuetan, baita Estatu Batuetan ere, horrelako prozesuak eman zirelako. Halere, badu tokian tokikoarekin ere zerikusirik, 1609an Bordeleko epaile Pierre de Lancrek idatziako Tratado de Brujería Vasca. Descripción de la Inconstancia de los Malos Ángeles o Demonios liburuan oinarritu baitzen Agüidazteko. Hainbat hilabetez Euskal Herria bisitatu ondoren idatzitako obra da Lancrerena, baina ez zen bere bisitaren emaitza bakarra izan: 60 emakume sutara eraman zituen. Akelarreko protagonistek, berriz, ez dute heriotza zigorrik onartuko; aurrez borrokatu gabe ez behintzat. Statu quo-a, gizonek osatzen duten Inkisizioaren boterea, hankaz gora jartzen saiatuko dira. "Pablok, gure pertsonaiei gertatutakoa gaur egungo neska batzuei gertatu izan balitzaie bezala idatzi du pelikula", argitu du Laspiurrek, eta Urkolak gaineratu: "Gaur egun edozein izango ginateke sorgin".

"FRESKOTASUNA"

Argentinarrak "freskotasuna" nahi zuen neska talde protagonistarentzat; horregatik, esperientzia gabeko edo gutxiko aktoreen aldeko apustua egin zuen. Zer eragin du horrek? "Pertsonaiek gugandik asko izatea". Jone Laspiurren hitzak dira, kasu berezia guztien artean, Akelarre aurkezteaz gain, Zinemaldian eskainiko diren beste bi ekoizpenetan ere izango baita: David Pérez Sañudok zuzendu dituen Ane filmean -New Directors sailean lehiatuko da-, eta Alardea telesailean. "Datorrena nahiko handi ikusten dut, baina bertan egon arte ez dut guztiz sinetsiko", dio donostiarrak Zinemaldiari erreferentzia eginez. Laspiurrek Arte Ederrak ikasi ditu eta Koban eta Nogen taldeekin abestu izan du. Maite Arroitajauregi, Mursegori esker, izan zuen Akelarreren berri -Mursegok musika jarri dio pelikulari-: "Nire profileko neskak bilatzen ari zirela esan zidan, gazteak, eta nolabait musika eta dantzarekin lotura zutenak". Bideo bidez egin zuen proba, hiru hilabeterako Perura bidaiatu aurretik; telefonoak, ordea, ez zion jotzeari utzi. Etorkizunera begira ere, diziplina guzti hauetan lanean jarraitzeko ideia du Laspiurrek.

Bostek onartzen dute castingera aurkeztu zirenean, horrelako proba bat zer zen ezagutzeko egin zutela, asmo gehiagorik gabe. Oso pozik daude erabaki hura hartu izanaz, eta Zinemaldian parte hartzea "zirraraz" bizi dute. "Erantzukizun handia izan da, baina baita esperientzia polita ere", dio Irati Saez de Urabainek, proba horretara beste 800 emakume baino gehiago aurkeztu zirela gogoratzean. Zinemaldian luzemetraia defendatzea ere "erantzukizuna" dela onartzen du.

Aurrera begira ere, ez dute alboratzen aktore lanean jarraitzea, zaila dela onartu arren. Garazi Urkola eta Yune Nogueiras, hain zuzen ere, Bilboko Dantzertin ari dira Arte Dramatikoak ikasten. Irati Saez de Urabainek, bere aldetik, Gizarte Antropologia ikasi du, baina "zalantzati" dago, ez daki bide horretatik jarraituko duen, deskubritu duen mundua "asko gustatu" zaiolako. Lorea Ibarrak Hizkuntza Modernoen gradua hasi du aurten, baina esperientzia honen ondoren, Arte Dramatikoen inguruko zerbait ere ikastea dabilkio buruan, halere "airean" dagoen zerbait da, oraingoz.