Musikaren bidez, argitasunaren bila

'Nirbana' bigarren diskoa argitaratu du Nikotinak. Reggae, dancehall eta reggaetoi doinuen bidez, egunerokotasuneko gaiak landu dituzte

10.01.2022 | 13:15
Keif, Jon Tolosa 'Nikotina' eta Little Martin Selektah taldekideak

BIZITZAN argitasun egoera aurkitzea". Hori da nirbana hitzaren definizioa eta horixe bera lortu nahi du Jon Tolosa Nikotinak, bere disko berriaren bitartez entzuleek "argia" topa dezaten, "abestiak entzuten doazen heinean, alaitasun edo poztasun egoera aurkitzea". Nirbana jarri dio izena zortzi kantaz osaturiko lanari. Little Martin Selektah DJ lanetan eta Keif koroetan, eszenatokietara bueltatu da Nikotina.

Jamaikako erritmoetatik abiatzen da Nikotina, reggae, dancehall€ Dena dela, Tolosak berak azaldu duenez, Nirbana ezin da estilo bakarrean sailkatu. "Guk betidanik jorratu izan ditugu reggae-a eta dancehall-a, baina horrez gain, rap-a ere egiten dugu eta disko honetan reggaetoi abesti bat ere badago€ Esan dezakegu gure oinarria reggae-a dela, baina ez genuen nahi jendeak estilo bakarrean etiketatzea, nahiago genuen bakoitzak bere imajinaziotik ondorioak ateratzea". Bigarren disko honetan "are gehiago ireki" direla aitortu du Tolosak, "momentuan behar dugunaren eta sentitzen dugunaren arabera, horixe egingo dugu, pop musika zein musika klasikoa izan".

GAZTEEI ZUZENDUTA

Egunerokotasunean aurkitzen ditugun bidegabekeriei buruz hitz egiten du Nikotinaren lanak, klaseen artean dauden desberdintasunei buruz zein askatasunaren garrantziaz. "Neska-mutil guztiak animatu nahi ditugu gure oraina eta etorkizuna hobetzeko borroka egitera, indarrak batuz eta maitasuna eta askatasuna nagusi diren bide bateratua eginez". Batez ere nerabeei zuzendu zaie Nikotina lan honetan, "momentu askotan eduki-tzen dituzten zailtasun eta inseguritateei buruz" abestu du. "Nahi nuen batez ere jende horri mezu bat iristea, laguntzea euren prozesu horretan. Baina egia da gaztetxoez gain ikusi dugula jende helduagoak ere berdin-berdin sentitu duela mezua". Mezua aipatzen duenean, Tolosak kontatu du bizipen pertsonaletatik asko jaten duela, baina inguruan duen jendearekin hitz egiten ere saiatzen dela eta hortik ondorio bat ateratzen, bere abestietan islatu ahal izateko. "Jende ezberdinari entzun eta gai anitzei buruz debatitu. Kritika soziala ere badago, agian bigarren disko honetan aurrekoan baino gutxiago. Sartu ditugu 'pullita' txiki batzuk, jendeak ikusteko gure ideologia zein den, baina ez genion zentralitate osoa ere eman nahi horri".

Kritika soziala eta eguneroko arazoak bai, baina badaude abesti sentimental edo dantzagarriagoak ere. Zu eta ni reggaetoi abestiaren bidez, "jendeak hegan egitea" du helburu Nikotinak. "Diskoa egin baino lehen, nik abesti hori banuen buruan, dantzagarriagoa, erromantikoagoa agian, pertsonalagoa€ Azken finean, maiteminduta dagoen pertsona oro identifikatuta sentitu daitekeena", aitortu du.

Nirbana azaroan atera zuten arren, apirilean Kondorraren hegaldia aurrerapen kantua igo zuten sareetara eta sekulako harrera izan zuen. Dronetikan Airworksekin egindako bideoklipak "sorpresaz" harrapatu zuen jendea, izan ere, lehenengo diskoa 2018an argitaratu zuten eta 2020ra arte gelditu gabe egon ziren kontzertuak ematen, eta zuzenekoetan zeuden enfokatuta. "Aurrerapen kantuarekin jendeari gogorarazi nahi genion: ei, oraindik hemen gaude! Boom bat izan zen abestia eta oso gustura gelditu ginen. Horrek lagundu egin zigun diskoa bukatzeko prozesuan. Erdibidean geunden, pixka bat saturatuta eta jendearen eran-tzunak eta berotasunak asko animatu gintuen aurrera jarraitzeko".

GELDITU ETA SORTU

Berrogeialdian sortu zen Nirbana, bira bukatu eta etxean sartzeak, gelditzeko eta zentratzeko abagunea eman zion Tolosari, sortzen hasteko: irakurri, idatzi€ "Nire munduan sartzeko hartu nuen denbora hori. Balkoian jartzen nintzen, koadernoarekin. Taldekoekin beti nengoen kon-taktuan, baita Stepi Selektah ekoizlearekin ere. Garai gogorra izan zen denontzat, etxean geratzea, baina honek sortu zigun ilusio bat aurrera jarraitzeko". Musikak betidanik barruak askatzeko eta bere burua hobeto ezagutzeko balio izan diola aitortu du Tolosak, baita mezu bat zabaltzeko aukera ere. "Batzuetan zaila egiten da horrelako proiektu bat eramatea, baina biho-tzak esaten dit ezin dudala inoiz ere utzi. Ez dut bizitza musikarik gabe ulertzen, behar dudan gauza bat da".

Durangoko Azokan, Ahotsenean, izan zuen lehenengo geltokia Nirbana-k. Urduritasunez, baina lanak oso harrera ona izan duela kontatu du musikariak: "nik beldurra nuen baina hitz onak baino ez ditut jaso. Jendeak zure musika entzutea eta kon-tzertuetan zure abestiekin disfrutatzen ikustea sekulako sentsazioa da". Hala jarraituko dute, bada, Nirbana jende aurrean aurkezten jarraitzeko unea heldu zaio Nikotinari eta Euskal Herriko oholtza ezberdinetan ikusi ahalko ditugu datorren hilabetetik aurrera. Otsailaren 11n, Atarrabiako Totem aretoan izango dira; otsailaren 24an, Bilboko Kafe Antzokian eta martxoaren 4an, Donostiako Dokan.

noticias de noticiasdegipuzkoa