Euskal kultura bere zabaltasun osoa da Beratzen saioaren lehengaia. Izenak iradoki antzera, patxadaz eta mimoz prestatzen du Sarai Roblesek (Barañain, Nafarroa, 1996), eta entzuleentzat gomendio berriak uztea da bere obsesioa.

Irratsaioaren bosgarren atala kaleratu berri duzue. Nolakoak izaten ari dira hastapeneko urratsak?

Irratikoek askatasun osoa eman didate nahi ditudan gaiak lantzeko, nahi dudan jendea gonbidatzeko, eta horregatik nahiko gozagarria izaten ari da bidea. Lehenengo kapituluen grabaketan urduriago nengoen, gero lasaituz joan nintzen eta oso gustura egiten dudan lan bat da.

Euskal kulturaren inguruan aritzeko gai eta gonbidatu desberdinak aukeratzen dituzu saio bakoitzerako, zeren arabera?

Hasieran nahi nuen saioak oinarrian literatura edukitzea. Forma eman ahala eta gonbidatuak aukeratu ahala, oinarri hori pixka bat lausotu da, baina saiatzen naiz literatura atal guztietan presente egoten. Gaiak eta gonbidatuak askatasun osoz eta a carpicho aukeratzen ditut: pentsatzen dut nik zer entzun nahiko nukeen, zein gairen inguruan nahiko nukeen irratsaio bat entzun, eta zer jende entzun nahiko nukeen nik entzule soil bat banintz. Horren arabera jotzen dut jendearengana eta saiatzen naiz haientzat erosoak edo interesgarriak izan daitezkeen gaiak proposatzen.

Azkenaldian asko ugaritzen ari dira podcastak, baita euskarazkoak eta euskal kulturaren ingurukoak ere. Zer lotura duzu horiekin? Saiatzen zara gaiak ez errepikatzen edo horietatik erreferentziak hartzen?

Ez dut eredu bat hartu euskal podcast batena ez deus. Uste dut gai honen inguruan badaudela podcast dezente, baina ez dugula elkar zapaltzen. Adibidez, oso gustura en-tzuten dut Durangoko Azokako BaDa!Bil, baina formatua antzekoa izan arren, uste dut ez dugula elkar zapaltzen. Niri podcastak entzutea asko gustatzen zait, baina arrazoi batengatik edo besteagatik nire podcast gogokoenak gaztelerazkoak dira. Horietakoren bat bai hartu dut erdi-erreferente moduan-edo, estiloko zerbait egiteko. Estilo hori da gai interesgarriak lantzen dituena, baina beti entzulearentzako amu bat uzten duena; izan liburu bat, dokumental bat, pelikula bat edo abestiren bat… hori da nire obsesioa podcast honekin.

"Uste dut Euskal Herrian irratia oraindik fuerte dagoela, eta podcastak ez hainbeste”

Sarai Robles - ‘Beratzen’ irratsaioa

Ondo jantzitako saioa da, erreferentzia eta zita ugari aipatzen dituzu, eta nabaria da elkarrizketatuekin badagoela aurreko lanketa bat.

Bai, eta asko gustatzen zait lan hori. Saiatzen naiz irakurri ditudan liburuetan bilaketa bat egiten, gidoi bezala erabiltzeko. Nik elkarrizketatuei gidoi proposamen bat bidaltzen diet eta aukera ematen diet nahi dutena gehitu eta kentzeko. Gonbidatuekin batera elkarbanatzen dut lana, eta horrela erosoagoa da denontzat.

Iaz kolaborazio tarte bat zeneukan Euskalerria irratian, eta horren ondotik proposatu zizuten saio oso bat zure gain hartzea.

Oso gustura egiten nituen kolaborazioak. Askoz laburragoak ziren eta egiten nuena zen hitz edo kontzeptu bat hartu, askotan aktualitatearekin zerikusia zuena, eta hortik tiraka proposatzen nituen nire gustuko kantuak, erreferentziak, poemak eta nahasketak. Irratsaio osoaren proposamena ilusio handiz hartu nuen; eta, gainera, badu kolaborazioetan egiten nuen hortik zer edo zer. Aurretiazko lana antzekoa da; etxean ditudan liburuetatik gauzak hartzea, baina lan handiagoa eskatzen du eta baditu beste hari-mutur batzuk hasieran aurreikusten ez nituenak, baina pozik nago.

Irudian, bi gonbidatuak eta Sarai Robles aurkezlea. Euskalherria Irratia

Orain arte kultura, jendaurrea, bidea eta hiria bezalako gaiak landu dituzue, eta kultur gomendioen saio oso bat ere egin zenuten. Zer dator hurrena?

Nahiko nuke Gabonetako saio bat egin, justu abenduaren 24an aterako baita hurrengoa. Hortik aurrera baditut ideiak, adibidez, autoritatea landu nahiko nuke kontzeptu bezala euskal kulturan, literaturaren inguruko zerbait ere, eta kultur gomendioena noizbehinka egin nahiko nukeen zerbait da.

Podcast zalea zarela aipatu duzu, zer lotura duzu irratiarekin eta zein egoeran ikusten duzu egun?

Uste dut Euskal Herrian irratia oraindik fuerte dagoela eta podcastak ez hainbeste. Batzuetan iruditzen zaigu baietz, baina oro har oraindik ez gara hainbeste podcastak kontsumi-tzekoak, eta irratiak badu bere txokoa etxe gehienetan. Uste dut biek dituztela haien gauzak eta bientzako tokia dagoela.

Zer da zuretzako Euskalerria Irratian aritzea?

Iruñerriko jendearentzat Euskalerria Irratia beti hor egon den irratia da, ezagutzen dugun lehengo grabaketa estudioa da, oso gertuko sentitzen dugu Iruñeko euskal munduan gabiltzanok. Hor txoko bat edukitzea luxu bat da beste ezer baino gehiago. Mimoz zaintzen saiatzen naizen espazio bat da, miresten baitut hor dabiltzan asko.

Amaitzeko, lehen ‘BaDa!bil’ podcasta aipatu duzu, gomendatuko zenuke besteren bat?

Euskalerria Irratian ere egiten den Flop Kultura, entzuteko super atsegina da eta nik asko gozatzen dut. Berriako Ezer ez eta festa ere asko gozatzen nuen edukiz, baina jada ez dago. Eta nire erreferente nagusia, nahiz eta euskaraz ez izan, Civerlocutorio da.