Udane Juaristi azkoitiarrari txikitatik gustatu zaio marraztea. Hori horrela, Arte Ederretan lizentziatu zen pintura espezializazioan, eta azken urteotan erakusketak alde batera utzi gabe, muraletan eta kaleko artean nabarmendu da. Munduan zehar aritu izan da pin-tzelkadaz pintzelkada artelanak sortzen. Hala, Asturiasen egindako lan bat 2019ko horma-irudi azpimarragarrienen zerrendan sartu zuen Street Art 360 webguneak. Argazkietatik abiatuta, collage bidez egindako obra koloretsuak sortu ohi ditu; batik bat hiri-paisaiak pintatzen ditu. Enkarguz egiten ditu lanak normalean, muralak zein koadroak.

Nolatan hasi zinen marrazten?

-Umetatik asko pintatzen nuen etxean, eskulanak egiten nituen. Bizi osoa horrela jardun dut, nire kasa pintatzen. Arte Ederrak hasi nituenean hasi nintzen serioago, nire gustuko ikasketak hautatzeko aukera izan nuenean.

Egun zein helbururekin marrazten duzu?

-Behin ere ez dut helbururik izan, txikitatik gustatu izan zait eta horregatik marrazten dut. Argi nuen pintatzearekin zerikusia zuen zerbaitetik bizi nahi nuela eta esan daiteke egun nire zaletasunetik bizi naizela.

Irudi handiak eta muralak egiten aritzeagatik egin zara ezagun, 'Udatxo' ezizenaren itzalean.

-Betidanik gustatu izan zaizkit, oroitzen dut kalean grafitiak eta irudiak paretetan ikusterakoan inbidia puntu bat sentitzen nuela. Nire herrian -Azkoitian- hasi nintzen pareta txiki batzuetan eta pixkanaka paretak handituz joan dira. Oso gustuko dut kaleko artea, koadro bat espazio itxi batean gelditu ohi da, muralak edota koadro handiak, aldiz, denen eskura daude eta oso polita iruditzen zait.

Kaleko artista izateak zertarako aukera eskaintzen dizu?

-Lehenik, bidaiatzeko aukera ematen dit. Ez nuen inoiz pentsatuko muralak eginez Marokora edo Alemaniari iritsiko nintzenik. Bertatik itzuli berria naiz. Norbere ukitua munduko edozein tokitan uzteko aukera ematen dizu kaleko arteak. Horrez gain, jendea ezagutzeko aukera, muralak egiten aritzen diren munduko hainbat artista ezagutu ditut.

Eta nola ikusten duzu gaur egun kaleko artea Euskal Herrian?

-Denetarik dago, baina oro har oso balorazio positiboa egiten dut. Herri eta hiri askotan dago martxan kaleko artearen mugimendua. Paretak berpizten ari dira artistak. Lehen atzerrian asko ikusten ziren, baina orain hemen ere ikusten dira eta pozgarria da. Halaber, muralak ikusteko modua aldatu da, lehen grafitiak bandalismoarekin lotzen ziren, egun aldiz gehiago errespetatzen da. Kalean egotearren ez du balio gutxiago artelan batek. Hala ere, arte mundua beti izango da zaila, asko exijitzen duen lan bat da.

Euskarriari ere keinu eginez, gai urbanoak dira nagusi zure artelanetan. Hiriak, kaleak, herritarrak...

-Ohiko eszenak, egunerokotasuneko bizitza islatzen dutenak, kaleko giroa azaltzen dutenak marraztea gustatzen zait. Saiatzen naiz pintzelkada solteekin sortzen. Mugimendua adierazten duten pinturak dira.

Baduzu inspirazio iturririk?

-Hasieratik bizikletak pintatzen hasi nintzen, txokoetan aparkatuta. Kotxe zaharrak, tranbiak, kale zaharrak ziren nire inspirazio iturri. Kaletik joan eta argazkiak ateratzen ditut, eta argazki horietatik abiatzen dut lan bakoitza. Egunerokotasuneko bizitzari garrantzi handia ematen diot. Aitzitik, nire lanek, errealista izateaz gain, badituzte abstraktuarekiko joera duten pintzelkadak. Mugimenduak azaltzen dira. Lauso. Bestalde, lan-tzen ditudan gaiekiko kontrastea bada ere, mendian dut txoko bat, naturaren erdian, eta bertan baserri batean dudan garaje batean ari-tzen naiz lehen bozetoak egiten. Ingurune baketsuan guztiz.

Koloreak ere garrantzia du zure lanetan...

-Momentuan eskatzen didan zerbait da kolorearena. Horregatik, momentuan barruak eskatzen didanaren arabera erabiltzen ditut koloreak. Hasiera batean, unibertsitate garaian, kolore marroixkak, tristeak, erabiltzen nituen; beste garai batean, urdin asko erabili nuen. Momentu honetan, aldiz, fosforito asko erabiltzen dut, kolore biziak.

Zein teknika erabiltzen duzu?

-Urte askoan teknika mistoa landu dut, pintura nahasten dut collage-arekin eta transfer-arekin, collage-aren estiloko teknika batekin. Baina, gaur egun, gehiago ari naiz soilik pintura erabiltzen. Akrilikoz pintatzen dut normalean. Aldatzea eta gauza berriak probatzea gustatzen zait.

Zein prozesu izaten duzu artelan bat sortzerakoan?

-Normalean argazkiak ateratzen ditut kalean eta ordenagailuan gordeta ditudan argazkietatik ideiak hartzen joaten naiz. Batzuetan, argazki solte bat izaten da, besteetan, hiru argazkirekin muntaia edo collage bat sortzen dut Photoshop-aren bidez. Gero sorturiko bozetoa mihise edo horma batean plasma-tzen dut.

Artelan bat sortzeko zer da garrantzitsuena?

Norberarena egitea. Norberak bere barrutik egindakoa izatea, estilo propioa jarraituz. Artelan denek dute artistaren izaera edo nortasunarekiko loturaren bat.