Ezkutukoaren muga hautsiz

'Mugak' izeneko dokumentala ontzen ari dira Mikel Barberia eta Itsaso Etxeberria. Iragan mendeko 40ko eta 70eko hamarkada bitarte Pirinioetako mugan bizi izandako kontrabandoa izango du hizpide lanak. Finantzaketa fasean dago orain eta diru bilketa bat jarri du martxan lan taldeak

13.09.2021 | 16:04
Argazkian, 'Mugak' dokumentalaren atzean dagoen lantaldea.

DIKOTOMIETAN oinarritutako munduan, bi ideia kontrajarriren bitartez azaldu ohi da errealitatea. Bien artean dagoena da muga, marra gorria, kontzeptu bat, gauza bat edo norbera alde batean edo bestean kokarazten duen marra ikusgarri zein ikusgaitza. Mugek marrazten dute mundua, mugek zehaztu bizitza. Badira muga fisikoak; ikusi eta ukitu daitezkeenak, eta badira esplizituki egon barik ere lerro artean ezarritako mugak. Horrelako hausnarketetatik tiraka ari dira Itsaso Etxeberria eta Mikel Barberia sortzaileak. Izan ere, muga fisiko batetik abiatuta, askotariko mugez jardun nahi duen dokumenta on-tzen ari dira: Mugak. " Inposatutako muga asko eraikitzen doaz bizitzan zehar: zer dagoen ondo eta zer gaizki, zer egin behar den eta zer ez, zer kontatu behar den eta zer isilpean gorde, zer geratzen den arlo publikoan eta zer pribatuan", azaldu du Etxeberriak.

Gogoeta horren bueltan jaio da Mugak dokumentalaren proiektua, pribatua izan zen ekintza bat publiko egiteko, isilpean gordetakoari ahotsa emateko. Izan ere, proiektuak 1940 eta 1970 urteen artean Espainia eta Frantziaren arteko mugako kontrabandoa du hizpide. Zehazki, Nafarroako Pirinioetako mugan kokatutako Ultzama, Bortziriak eta Baztan eskualdeetan jazotakoa erakutsiko du dokumentalak.

Jardunbide funtsezkoa bezain ezkutukoa izan zen mugalariena, bereziki ingurune geografiko zehatzetan. Testuinguru zehatz batean -36ko Gerraren osteko garaia- herritar askok biziraupenerako izan zuten bide bakarra bihurtu zen; garai ilunetan ogibide iluna zen mugalariena, ezkutukoa. Horregatik, ezkutuko jardun hura argitara ateratzeko bide izan nahi du dokumentalak.


Zuzendari lanetan jardungo da Etxeberria, eta argazki zuzendaritza izango du egiteko nagusi Barberiak. Proiektuaren lehen txinparta eurek piztu zuten arren, talde zabalago bat eratu dute proiektua aurrera ateratzeko. Idoia Calvo da ekoizlea, Alvaro Garcia arduratu da irudiaz eta diseinu grafikoaz eta Lorian taldeko Maria Mateok eta Peio Iturriak hornituko dute musikaz dokumentala.

Etxe barrutik jasoa

Dokumentalaren ernamuina hainbat osagairen bidegurutzean kokatzen dute; jakin-mina, jakintza eta aukera. Interesa arlo pertsonaletik dator, etxetik: "Itsaso eta bion familiak Ultzamakoak dira eta txikitatik izan dugu presente, nire kasuan modu itxiagoan, bakarrizketa formatuan, baina horrek eraman nau ezagutu nahi izatera", baieztatu du Barberiak.


Familiako ondareari jakintza teknikoa gehituz ekin zioten mugalarien egitekoaren eta garaiko testuinguruaren ezagutzan sakontzeari. Gaia zehaztuta zuten arren, arlo "zabalegia" zen kontrabandoarena, eta nola mugatu erabaki behar izan dute. Hautua egina dute dagoeneko: protagonisten ahotsetatik zuzenean jasota, kontaketa pertsonala eta istorio kolektiboa uztartuko ditu dokumentalak. Asmoa da lau testigantzaren bidez eraikitzea kontakizuna, bakoitzaren bizipen pertsonalak eta kontakizun kolektiboa uztartuz. Etxeberriak azaldu duenez, garaiko protagonisten oroitzapen bozgorailu izan nahi dute: "Istorioaren parte bat bada kontrabandoa, baina horrek ahalbidetzen digu beste gauza askotaz hitz egitea: zergatik erabaki zuten kontrabandoan aritzea, nolakoa zen garaiko bizitza, hartu behar izan zituzten erabakiak, egun horren inguruan egiten dituzten hausnarketak€".

Oraindik protagonistak nortzuk diren guztiz erabakita ez duten arren, irizpide bat markatu zuten hasieratik: behintzat lau protagonistetako bat emakumezkoa izango da. Zuzendariak jakinarazi du emakumeek kontrabandoan zuten egitekoa nabarmentzeko manera dela hori: egon bazeudela eta funtsezko parte hartzea zutela.

Isilduak ala isilaraziak

Proiektuaren helburuei dagokionez, beharra eta nahia dela sumatzen dute sortzaileek. Batetik, egileen nahi propioa, beraien eskualdeko, etxeko nahiz herrialdeko historia ezagutzeko nahia. Bestetik, berriz, mugalari izandakoen premia. Barberiak azaldu duenez, kontatzeko gogo eta nahi horretan bidelagun izan nahi dute: "Beldurragatik ez dute ezer esan askotan eta badu gai pribatuaren arrastoa hor nonbait, eta guk orain nahi duguna da beraiekin denbora para eta hortik joan eraikitzen istorioa".

Proiektua aurreprodukzio fasean dago: finantzaketa lortzen eta kastina ixten ari dira. Proiektua finantzatzeko diru bilketa jarri dute martxan Verkami plataformaren bidez. Ekarpena egiteko hainbat aukera zabaldu dituzte eta orotara 5.000 euro lortzea dute helburu. 5 euro eta 300 arteko ekarpena egin daiteke. Aurtengo udazkenean ekingo diote lehenengo grabaketei, eta neguan, aldiz, kamerak itzalita jardungo dira. 2022ko udaberrian egingo dute bigarren grabaketa aldia, eta uda probestuko dute edizio lanetarako. Estreinaldia 2022ko udazkenean aurreikusten dute sortzaileek.

noticias de noticiasdegipuzkoa