Taberna zuloen xarma

Gasteizko 15 musika aretotako komunak margotu eta erakusketa bat ondu du Igor Agirre artistak. 'Caguers de Poesie' izenburupean, akuarelaz egindako artelan koloretsuek zuzeneko musikariei omenaldia egitea dute xede

04.06.2021 | 10:49
Agirre Old Tower Stuff dendaren kanpoaldean

ATENTZIOA ematen du Gasteizko San Bizente kaleko Old Tower Stuff binilo dendako erakusleihoak. Komun-ontzi bat ageri da, gainean binilo bat duela eta aldamenean taberna edo musika areto bateko komun baten margolana. Igor Agirre artista gasteiztarraren Caguers de Poesie erakusketarako gonbita berezia da. Hain zuzen, dendako atea zeharkatuta, binilo artean, zuzeneko musika eskaintzen duten 15 aretotako komunak ikus daitezke akuarelaz egindako margolanetan.

Binilo dendan sortu zen erakusketa egiteko ideia. Rufo arduradunak zerbait antolatzea proposatu zion Agirreri, eta honek, gizarteak bizi duen pandemia egoeran, tabernariei, baina batik bat, musikaren sektorean lan egiten dutenei omenaldi bat egiteko beharra sentitu zuen. "Orain geldirik egotea tokatzen zaien baina hainbeste eman digutenei". Musika zalea da Agirre, eta aitortu duenez sarri joaten da zuzeneko kontzertuak ikustera. "Toki horietan oso ondo pasatu dut, asko eman didate; jendea ezagutzeko aukera, besteak beste". Halaber, faltan botatzen ditu. "Artelan hauen bidez, azken urtean gertatu denaren ondorioz ahaztu ditugun tokiekin, bakarrik gelditu direnekin, beraiekin, gogoratu nahi izan dut". Era berean, gogoetarako aukera irekitzen du erakusketak. Aurrera jarraitu ahal izateko, bizirauteko, dituzten arazoak azpimarratu ditu artistak.

Frantsesezko caguer eta cahier hitz jolasetik sortu zen Caguers de poesie izenburua: Cahier: (fr) Koadernoa, plegua. Caguer: (fr) Ezkutatze. Halaber, gaur egungo sorkuntzak komuneko paretetan isla-tzen dela uste du artistak: "Espazio askeak dira". Era guztietako gauza sekretuak gordetzen dituzte, pribatuan gertatzen diren, baina haien hormetan erregistratuak gelditzen direnak: poesia, bertsoa, lirika, pintada soilak€ adierazpen askera irekitako espazio txikiak.

Sarritan ikus daitezke margoak, pegatinak, sinadurak... horregatik, Agirreren ustez norbere barnea husteko tokiak dira komunak, zentzu guztietan, libre sentitzeko. Zentsurarik eta mugarik gabeko adierazpenerako hormatzat ditu. "Musika aretoen komunek zerbait berezia daukate, jende asko igarotzen da bertatik, elkargune bat dira". Istorio eta historia askoko guneak dira, zapaltzen dituen erabiltzaile bakoi-tzeko beste bizipen. Hala, Agirre kontziente da bakoitzak bere istorioa duela, eta guztiek ez dutela iritzi ona komunekiko. Bere helburua komunera zihoan aldiro ikusten zuen postala ateratzea izan da. "Estetikoki ikaragarri gustatzen zaizkit komunak".

Taberna bat zapaltzerakoan bertako komunei argazkiak ateratzea gustatzen zaio Agirreri, marrazki eta zirriborroak egiteko. Ostean, arkatzez paperera pasatu eta gero kolorea sartzen du. Caguers de Poesie erakusketa sortzeko ideiaren aurretik lauzpabost margolan zituen eginda eta erakusketan ez dauden beste zenbait ere baditu gordeta. "Garai hauetan ez da erraza izan nahi nituen argazki denak atera ahal izatea", adierazi du.

"Haitzuloek margoak ezkutatzen zituzten eta tenpluetako cellasek elementu sakratuak gordetzen zituzten bezala, gure kultura garaikidean piktogramak ezkutatzen dituzten Sancta Sanctorum kontzertu-espazioetako bazterrak dira". Hiriko leku magikoak. Hala, Orbain, Candela, Helldorado, Urban Rock, Gaztetxe, Herre, Parral, Dazz, Iguana, Errekaleor edo Jimmy Jazz, akuarela bihurtu ditu Agirrek.

Toki dekadente, desenkusatu, zahar, edota zikintzat hartzen dira komunak oro har. Aitzitik, Agirrek erakusketako margolanak akuarelarekin margotzea erabaki zuen. Oro har, paisaiak margotzeko erabiltzen dira akuarelak. Artistak azaldu duenez, teknika gisa zaila da akuarelarena, zerbait gaizki ateraz gero ezinekoa da zuzendu edo atzera egitea. "Azkarra da baina kontrolatu beharrekoa". Aldi berean, berehalakotasun freskura dauka eta ideia oso argi eduki behar da akuarelekin margotzerakoan. Bestalde, akuarela aukeratu du, batez ere lanak egiteko duen lekua dela eta. "Espazio txikia da, eta formatu txikia egin behar dut, gutxi zikintzen duen eta usaintzen ez duen materialarekin"

Old Tower Stuff leku berezia da Arabako hiriburuan musika maite dutenentzat. Alde zaharrean kokatua, erakusketa areto bat baino leku aproposagoa da Agirreren ustetan. "Alternatiboa eta kontrakulturaren tenplu". Bertan ez balitz, Caguers de Poesie erakusketak ez lukeela zentzurik uste du artistak. Hain zuzen, espazio horretarako sorturiko erakusketa da.

Erakusketa uztailaren 1 arte egongo da ikusgai Old Tower Stuff binilo dendan, nahi duenak Agirreren artelanak ikusi ditzan, baina artistak adierazi du dagoeneko margolan gehienak salduta daudela. 150 euro inguruko balioa dute. Etorkizunean, gehiago sortzen jarraitu nahi luke eta ez litzaioke axolako proiektu honekin jarrai-tzea. "Mundu guztiko tabernetako komunak margotuko nituzke"

noticias de noticiasdegipuzkoa