Xabier Anduaga, tenorra

Anduaga: "Orain dela lau urte ez nuen planteatzen orain nagoen lekuan egotea"

Opera Awards saria eskuratu du Xabier Anduaga tenor donostiarrak. Lanean jarraitzea helburu, munduko hainbat antzokitan izango da datozen hilabeteetan

31.05.2021 | 12:29
Xabier Anduaga, tenorra

Vasilisa Berzhanskaya mezzosoprano errusiarrarekin batera Opera Awardsen abeslari gazte onenaren saria jaso du Xabier Anduagak (Donostia, 1995) hilabete honetan. Orain Madrilgo Erreal Antzokian ekainean aurkeztuko den Viva la mamma opera komikoa prestatzen ari da gaztea.

Abeslari gazte onenaren saria jaso duzu. Nola sentiarazten zaitu horrek?

-Ez nuen espero, baina oso garran-tzitsua da niretzako. Sari honek nire lana ondo egina dagoela adierazteaz gain aurretik ditudan konpromiso guztiak agertzeko indarra eman dit.

Zer suposatzen du zure ibilbidean holako sari batek?

-Azken batean nire ibilbidearen hasieran nago, hori espero dut behintzat! Eta hain garrantzitsua den sari bat hartzeak, esan dudan bezala, indar asko eman dit ikasten jarraitzeko eta noski, gogo askorekin aurrera egiteko.

Sari honek gehiago ezagutzera emango zaitu. Beldurra ematen dizu jauzi horrek?

-Sari honek nire izena palestrara ekarri du eta egia da ardura dakarrela. Baina esan dezaket indar handiagoa ematen didala beldurra baino. Argi daukat sari batek ez didala ibilbidea egingo, beraz laguntza txiki bat izan den arren, lanean eta ondo abesten jarraitu behar dut.

Nazioarteko hiri askotako operetan abestu duzu. Oraindik egon ez zaren zeinetan abestea gustatuko li-tzaizuke?

-Londresera eta Estatu Batuetara joatea gustatuko litzaidake, mundua ezagutzea eta teatro berriak ezagu-tzea€ ikaragarria da, beraz joango naiz baina oraindik ez. Joan naizen lekuetara itzultzea ere gustatuko li-tzaidake, ez dizut gezurrik esango.


Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan kantatzeko aukera izan zenuen joan den udan. Zer izan zen zuretzako etxean 'jokatzea'?

-Familiak eta lagunek munduan zehar egiten dudana ikusteko aukera izatea garrantzitsuena izan zen niretzako, haiek hurbil izatea. Etxean abestea pozgarria izan zen eta espero dut aukera asko izatea haien aurrean abesten jarraitzeko.

Noiz hasi zinen abesten?

-Txikitatik abestu dut, baina nire debuta operan 2016an egin nuen Italian eta hortik aurrera ez diot kantatzeari utzi.

Nola ezagutu zenuen opera?

-Aita musikaria da eta opera txikitatik entzun izan dut etxean, baina ez nuen ezagutzen. Zuzendari garrantzitsu batekin audizio bat egiteko aukera izan nuen eta hortik aurrera barneratu nintzen operaren munduan. 2016tik gaur egunera arte bost urte dira, ez gehiago.

Baduzu erreferenterik?

-Asko ditut. Munduko tenore guztiak bezala Luciano Pavarotti txikitatik entzuten dut eta ez diot entzuteari utziko, erreferentea da guztiontzako. Tenore espainiar asko entzun ditut, Carreras, Domingo edo Aragall adibidez. Baina Pavarotti entzuten ez dudala esango banu gezurretan arituko nintzateke.

Zeintzuk dira aurrera begirako proiektuak?

-Orain Madrilen nago ekainean aurkeztuko dugun Viva la mamma opera prestatzen. Horren ostean Mallorkara eta Napolesera joango naiz eta udan gauzak lotuta ditudan arren, oraindik kolokan daude pandemia egoera dela eta. Estatuan, adibidez, asko abestuko dut datorren urtean, baita Bilboko Abao operan ere.

Nola planteatzen duzu karrera?

-Pixkanaka. Orain dela lau urte ez nuen planteatzen orain nagoen lekuan egotea, orduan nahiago dut pixkanaka lanean jarraitu. Teatroetara beti prest joan, dena ondo ikasita€ lasai egoteko batez ere. Nire-tzat oso garrantzitsua da gutxinaka hobetzen saiatzea, bestela atzera zoazelako. Baina ez dut helburu finkorik jartzen, urte asko abesten egotea gustatuko litzaidake eta horretarako adibidez burua eta lasaitasuna behar da.

Pandemiak eragin handia izan du kulturan. Nola bizi izan duzu zuk egoera hori?

-Hasieran gaizki. Parisera eta Alemaniara joatekoa nintzen dena bertan behera utzi zutenean. Donostian nengoen baina denok bezala ez nuen familiarekin egoteko aukerarik izan, beraz opera berriak ikasteko denbora hartu nuen.

Antzoki asko itxita egon dira denbora luzez.

-Musikaz eta kulturaz bizi den jende asko dago egun eta pena handia izan da halako egoeran ikustea. Gaur egun oraindik lanik gabe dauden lankideak ditut. Nik behintzat zortea izan dut Espainian kontzertuak egiteko aukera izan dudalako eta ez naiz denbora luzez geldirik egon.

Alde horretatik babestuta sentitu zara?

-Nik uste ezin dela esan ez garela babestuak egon, hemen behintzat teatroak eta jaialdiak aurrera joaten saiatu direlako. Nik zortea izan dut eta Donostian, Granadan edo Sevillan abesteko aukera izan dut, baina Alemanian eta Frantzian nituen konpromiso guztiak adibidez bertan behera geratu dira pandemiaren ondorioz.

Uste duzu kultura kontuan hartzen hasi garela orain?

-Pandemiari esker kulturak gure bizitzetan duen garrantziaz jabetu gara. Gure lagunekin egiten dugun guztia kultura da, kontzertu eta operak ikustea ere kultura den bezala eta denok behar dugu hori gure bizitzan.

noticias de noticiasdegipuzkoa