"Futbolak euskal literaturan duen presentzia erakutsi nahi izan dugu"

16.01.2021 | 19:20
Jon Kartazar EHUko katedraduna eta Mari Mar Boillos EHUko irakaslea eta ikertzailea.

Bata bestearen osagarri izateak ez du esan nahi batak bestea behar duenik, bere horretan balio ez duenik. Izan daitezke osagarri, bateragarri eta bakarkako bidean baliogarri. Bi errealitate, elkarren artean osagarri; futbola eta egungo euskal literatura dira Mari Bar Boillosen eta Jon Kortazarren ustez, horien adibide argi.

Egungo eta aurreko idazleen lumetatik atera dira futbolari eskainitako hitzak; esaterako, Bernardo Atxagarenak, Kirmen Uriberenak, Karmele Jaiorenak, Juan Mari Irigoienenak, Almudena Grandesenak, Raquel Anserosenak€ Futbola gai nagusi bihurtu da idazle askoren orrietan, eleberri, ipuin, bertso, poema zein antzezlanetan. Eta hori da, hain zuzen ere, Boillosek eta Kortazarrek Egungo euskal literatura eta futbola liburuarekin bilatu dutena: "Futbolak euskal literaturan duen presen-tzia erakutsi nahi izan dugu, eta ere berean, azaldu nahi izan dugu osagarriak direla, ez daudela banatuta".

Futbola beste zerbaiten metafora bat da askotan, Kortazarren ustez. "Neurri batean, gizarte baten metafora izatera ailegatzen da: badira arrazoi soziologikoak, futbolak duen indar ekonomikoa eta merkantilista tarteko, baina, modu berean, futbola gure bizitzetan dagoenik ezin ukatu". Pasioarekin, norberaren haurtzaroarekin, gurasoen irakaskuntzarekin€ lotura duela argi dauka EHUko Literatura katedradunak. Futbolari buruz hitz egiten denean, beste gauza garrantzitsu batzuei buruz hitz egiten dela ulertzen du; alegia, identitateari buruz, fideltasunari buruz, maitasunari buruz, nazioari buruz€

Futbolak Boillosen eta Kortazarren bizitzetan ere badu zatitxo bat hartua. Biak ala biak futbol zaleak dira; futbola ikusi egiten du lehenak, eta jokatu, ordea, bigarrenak. Ikuspegi ezberdinetatik, baina biek gozatzen dute futbolaz.

Suitzatik Euskal Herrira Liburua egitearen ideia 2016. urtetik dator. Suitzara joateko deitua izan zen Kortazar, St.Gallen unibertsitatean egingo zuten kongresu batean parte hartzekotan. Kirola eta literatura izango zuten hizpide, nahiz eta gehienbat, futbolaz aritu. Ramiro Pinillaren Aquella edad inolvidable eleberria ardatz hartuta, hitzaldia prestatu zuen Mundakako idazleak, Yvette Sanchezek antolatutako kongresurako. Denetan, azken hitzaldia izan zen bizkaitarrarena, eta, nahi gabe, aldez aurreko hitzaldi guztien laburpen bat egin zuela ohartu zen; alegia, "nobela horretan zeudela jende guztiak aipatutako zertzeladak". Suitzakoa Euskal Herrira ekartzeko nahia izan zuen orduan. Pentsatu eta ahalegindu egin ziren, Boillos eta bera. Udako ikastaro bat antolatu zuten, Yvette Sanchez bera ere gonbidatu zuten. Baina, pandemiaren ondorioz, "ez zen giro"; saiatu arren, ez zuten jende nahikorik lortu. Baina, behintzat, egin zuten jendeak hi-tzaldi edo artikuluak idaztea. Eta, hala, irailetik abendura, liburua eratu zuten.

Hiru ataletan banatu dute lana: Ikerketa, Didaktika eta Sorkuntza. Ikerketa akademikoa bildu dute lehenengoan; eleberrietan, an-tzerkian eta bertsolaritzan zein iruditerian (lanen azaletan) futbolaren agerpena aztertute dute, Ivette Sanchezen sarrera nagusi bat lagungarri hartuta. Horrekin batera sartu dituzte atal horretan, Kortazarrek Suitzan emandako hitzaldi hura eta Luis de Castresanaren El otro árbol de Guernica, besteak beste. Bigarren atalean (Didaktika) ikerketa praktikara nola eraman daitekeen erakutsi dute. Horretarako, Ana Merinoren lana hartu dute aintzat, batetik. Iowako (AEB) unibertsitateko irakaslea da Merino, eta Kortazarrek dionez, "literatura idazten ikasteko programa oso trinko bat du". Futbolari buruzko literatura erabiltzen du bere irakasgaietan, "batez ere, ikasleen interesa pizteko". Merinorenarekin batera, Boillosen beraren lana ere jaso dute Egungo euskal literatura eta futbola liburuan. Ipuin bi hartu, eta eskoletan nola erabil daitezkeen azaltzen du, ipuin horiek lantzeko ariketa batzuk proposatuz.

Hirugarren eta azken atala da sorkuntzarena. Kortazarrek gogora-tzen duenez, ikerlariek beti dute oinarri bat, eta hori sorkuntzarena da. "Horrelako liburu akademikoetan behar da sorkuntza sartu; behar da momentu batean adibideak eman". Hala, Pablo Garcia Casado lagunaren ipuin batekin, Manuel Rivasek futbolari buruz idatzitako ipuinarekin eta Karmele Jaiok Athletic Club Fundaziorako egindako ipuin batekin osatu dute azken zatia, besteak beste.

Futbolak dituen ertz anitzak jaso dituzte aztertu duten literaturan, baina ez dute euskaraz egin den literatura guztia azaldu; batez ere, eleberria, antzerkia eta bertsolaritza izan dituzte aztergai nagusi. Ipuinak, komikiak eta gainontzekoak, beste baterako utziko dituzte; izan ere, bigarren liburu bat egitera nola animatu pentsatzen ari dira. "Datorren urtean, posible bada, beste ikastaro bat egingo dugu, bigarren ideia horrekin, lehenengoan aipatu ez diren genero eta emaitza horiek azalduz". Eta bigarren lan horretan ez du zalantzarik Kortazarrek: sorkuntzak izango du bere tokia.