Mikel eta Esti Markezek proiektu berria dute esku artean. Azalberritzen , autoekoizpena, konfinamendu sasoian sortutakoa. Bosna kantu sortu dituzte, eta diskoaren zein abestien liburuxkaren ilustrazioak Concetta Probanza marrazkilariak egin ditu. Hamar abestietan entzuleek linealtasun bat nabarituko duten arren, sorpresak ere izango direla diote aita-alabek. Diskoa salgai egongo da Durangoko azoka birtualean, ohiko dendetan eta www.mikelmarkez.eus atarian. Webgunean diskoak sinatzeko eta pertsonalizatzeko aukera ere eskainiko dute.

Elkarlanean egin duzuen lehenengo apustua da?

Esti Markez: Bai. Lehenago Biribilean diskoan parte hartu nuen zenbait kantutan, baina abestiak bereak ziren. Orain, diskoan dauden kanten erdiak nireak dira; beraz, elkarrekin egindako lana da.

Nola edo zergatik sortu zitzaizuen elkarrekin aritzeko beharra?

E. M.: Berrogeialdian bururatu zitzaigun. Jendeak galdetzen zidan ea inoiz diskorik atera behar nuen, baina kantuak sortzeko ondo egon behar duzu, eta kontzentratuta. Etxean konfinatuta denbora nuenez eta lasai nengoenez, nahigabe atera zitzaizkidan abestiak. Aitari bidaltzen nizkion eta berak proposatu zidan elkarrekin disko bat grabatzea. Bost kanta nituen eta berak beste horrenbeste.

Mikel Markez: Bai, abestiak bidaltzen genizkion elkarri, eta erdi txantxetan planteatu genuen diskoa ateratzearena. Konfinamendua bukatu zenean grabatzen hasi ginen.

Beraz, konfinamendu sasoia 'azalberritzeko' izan da baliagarria.

E. M.: Bai, eta zerbait aldatu da. Aurreko diskoan abesti denak aitarenak ziren. Orain, gainera, kantu guztiak berriak dira eta azalberritu egin gara. Ni, esaterako, sortzen hasi naiz.

M. M.: Nik ere etapa berri bat bezala ikusten dut. Erabaki dugu proiektu bat egitea bion artean; proiektu berri bat da, azalberritze bat. Azalberritzen da diskoaren izenburua, baina beste aukera batzuk ere aztertu genituen: Lore azala, Azala... Azalberritzen iruditu zi-tzaigun zela metaforarik politena.

Entzuleek eta zuen jarraitzaileek nabarituko dute aldaketa. Baina esentzia ere aldatu da?

M. M.: Musikalki eta estetika aldetik eremu berdintsuetan gabiltza. Egia da armonia edo musika ez dela hainbeste aldatu, nire abestiei dagokienez, behintzat. Aurreko diskoan Julen Alonso, Arkaitz Miner eta Andrea Bidart izan genituen bidelagun. Eta disko berri honetan ere horiek ditut ondoan nire kantuetan. Dena den, kontzertuei dagokienez beste 'eszenario' batean gaude. Orain ez da Mikel Markezen kontzertua izango, Esti eta Mikel Markezen kontzertua baizik. Horrek dena aldatzen du.

E. M.: Nire ustez, Mikel Markezengandik oso desberdina da diskoa. Nire kantek asko ezberdintzen dute, freskoagoak direlako, gazteagoak. Berak bere esentzia ez du galdu, eta nik nirea zein den oraindik ez dakit.

M. M.: Bai, Esti elementu berria da. Jendeak ez daki nola kantatzen duen, zeri buruz hitz egiten duen, bere kezkak zeintzuk diren... Guzti hori defenditzea tokatuko zaio orain.

Diskoa elkarrekin ateratzearen aldeko apustua egin duzue. Zer dakar disko honek bakarkakoek ekarriko ez luketena?

M. M.: Esti nire alaba da, eta etxean beti kantatu izan dugu elkarrekin. Beraz, latente zegoen gauza baten agerraldia izan da. Gainera, azkenengo diskoan jada hasi zen Esti eszenariora igotzen eta nirekin kolabora-tzen. Dudarik gabe, disko honek niri zerbait berria dakarkit, baina ez dut aparteko gauza bat bezala bizi. Proiektua gorpuztea eta orain arte modu intimoago batean egin duguna jendaurrean aurkeztea izan da berritasuna.

E. M.: Ni ez naiz inoiz bakarka ibili, beti aitarekin. Beraz, antzekoa izan arren, ezberdina ere bada. Lehen bere abestietan kolabora-tzen nuen. Orain, abestiak nireak dira.

Zuekin batera, musikariak ere ibiliko dira.

E. M.: Bai. Horiekin dugun harremana oso ona da, eta nabaritu egiten da eszenarioan. Alde horretatik, oso lasai nago. Sortzerako orduan ere asko lagundu dute eta beraiekin lan egitea erreza da.

M. M.: Arkaitz Miner nire belaunaldikoa da. Julen Alonso Esti baino bizpahiru urte nagusiagoa, eta nirekin ezertan hasi baino lehen Estiren laguna zen. Beraz, zuzenekoei begira bakoitzak musikari bat ekarriko balu bezala da.

E. M.: Ondo dago, gainera. Gu gazteagoak gara, eta nik erakarri dezakedan publikoa ez da nire aitak erakarriko lukeena. Pertsona batzuk berdin-berdin etorriko dira ikusten ni edo nire aita, baina beste batzuk ez lirateke aita ikustera joango eta bai ni ikustera. Edo alderantziz.

Kualitatiboki, baina, disko honek badakar zerbait berria. Publiko ororen gustukoa ez izateak kezkatzen zaituzte?

M. M.: Denen gustukoa izango den ez dago inoiz jakiterik. Dagoeneko jaso ditugu feedback batzuk aurretik egin izan ditugun zenbait bideorengatik, eta esan dezakegu erantzuna oso ona dela. Beraz, ez gaude kezkatuta diskoa jendearen gustukoa izango den edo ez. Elkarrekin zerbait egiten dugunean harrera beti ona izan delako. Kantuak dira garrantzitsuago, estetika edo beste edozer baino. Nire ibilbide musikalean goian edo behean jarri nautenak kantuak izan dira, kantu horiekin asmatu izana edo ez izana.

E. M.: Oso zaila da jakitea abesti batek zein bide hartuko duen. Nik kaleratu dudan Oroi-tzapenek esnatu naute singlea, adibidez, diskotik kentzekotan egon ginen. Instrumentuak sartu aurretik, ez nuen ikusten disko honetarako zela, niri asko gustatu arren. Albo batean utzi genuen, eta beste bederatziak egin genituen.

Baina singlea da.

M. M.: Saiakera egitea erabaki genuen eta, azkenean, aurrerapen kantua izan da. Kantu batzuek prozesuan galdu egiten dute, eta beste batzuek irabazi.

E. M.: Egia da. Tonua aldatu genion abestiari, baita gitarra ere, eta grabatzen hasi ginenean pianoa sartzea erabaki genuen. Abestiak asko irabazi zuen, eta entzunaren en-tzunaz grabazio egun batean saltoka bukatu genuen, azkenean lortu genuelako. Aitak bai, baina nik ez nuen single bezala ikusten. Baina nahasketa egitera joan ginen egun batean teknikoak berak ere esan zigun: "Hau da aurrerapen kantua, ezta?". Eta hala izan da.

Kontzertuak dituzue aurreikusita. Zuzenekoak ematea pentsatu duzue? Edo beste aukeraren bat aurreikusi duzue?

M. M.: Egoerak baldintzatuta batetik, eta gure erabakiz bestetik, ez dugu inolako presarik izango diskoa aurkezteko. Konfinamenduaren ostean grabatu dugu, eta orain aurkeztu. Baina dena geldi dago orain, eta gauzak aste batetik bestera ari dira antolatzen. Beraz, oso zaila egiten zaigu esatea non egongo garen eta zertan. Guzti hau normalduko balitz, martxoa bueltan egingo ditugu zuzenekoak. Izan ere, emanaldi indartsuak eskaini nahi ditugu, musikari guztiekin eta leku txukunetan. Momentu honetan hori zaila da.

E. M.: Gauza batzuk lotzen ari gara, urtarriletik aurrera egitekoak. Baina ez dakigu posible izango den. Beraz, nahiago dugu datarik ez aurreratzea. Kontzertuak eman nahi ditugu publikoa aurrean dugula. Entzuleen berotasuna sentitu nahi dugu, eta txaloak entzun.

'AZAL BERRITZEN' DISKOKO ABESTIAK

Bost abesti egin ditu Mikel Markezek:

- 'Bila nazazu': Singlea da. Toti Martinez de Lezeak egindako testua, "ereserkitxo bat", maitasun baten amaiera, egoera baten amaiera. Etorriko denaren beldur, ametsak albo batera ez uzteko dio abestiak.

- 'Miloika bider': Toti Martinez de Lezearen testua, historian izan diren emakumeei buruzkoa; euskal matriarkatua, nolabait esateko.

- 'Zenbat denbora da hondartza': Alaia Martinen bertsoek maitasun baten zain egon daitekeen denborari buruz hitz egiten dute. "Harea denbora bada, zenbat denbora da hondartza?"

- 'Maitasun kanta bat': Jon Maiaren bertsoak, teorizazio bat, maitasun kantuak egiten dituztenen inguruan. Maitasun kantuei buelta bat eman eta letrak dio maitasun kanta guztiak bat bakarra direla, eta norbera protagonista.

- 'Zer nahi dugun jakitea': Alaia Martinen bertsoak, zein zaila den ba-tzuetan jakitea zer nahi dugun jakitea. Erretratu bat da, bizitzaz pixka bat desenkantatu den pertsona baten erretratua.

Bost abesti baita, Esti Markezek:

- 'Oroitzapenek esnatu naute': Esti Markezen letrak dira, pertsona batek bizitzan utzi duen hutsunearen ingurukoak. Letra tristea den arren, nork bere mugak gainditzearen aldeko abestitzat du egileak.

- 'Zer da maitasuna?': Jendeak askotan egiten duen galdera da, eta hitzetan azaldu ezin zuena adierazteko kanta bat sortu du Esti Markezek. "Ez dauden horien isiltasuna, sentipen oro da maitasuna". Amonari idatzi zion esaldi hori ere bada maitasuna.

- 'Zigor zeldetan': Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak liburutik ateratako letra: "Zer axola zaio zigor zeldetan dagoenari urtaro aldaketa". Koarentenan sortu zuen abestia, kartzelan daudenei keinu bat.

- 'Ez da bizitza': Pako Aristiren poema, baina aitaren laguntzarekin, esen-tzia aldatu gabe egokituta. Bizitzari buruzko abestia da. Kantu existentzialista da, besteekiko ezberdina. Rapa izatera heldu gabe, zati batzuk errezitatu egiten ditu.

- 'Printzesak eta printzeak': Alaia Martinen letra da, printzesen eta printzeei buruzko abestia. Sare sozialak eta Instagram ditu gogoan egileak; ez garena erakutsi nahia.