Arrastoan

27.10.2020 | 21:31

Badakit egungo 'Ni'-aren poetiken gorazarrezko korronte nagusiaren kontra noala –alferrik–, baina gero eta konbentzituago nago: literatura 'Ni'-a arrastoan sarturik manten-tzean datza, egoa ahalik eta gehien bridatzean alegia. Besteak beste.

Horren adibide bikaina bezain paradoxikoa eskaintzen digu Benjamin Moser-ek idatzitako Susan Sontag-en biografia monumentalak (Anagrama, 2020). Liburuak, ezin bestela izan, ertz asko dauka, XX. mendeko bigarren erdialdeko intelektual nabarmengarrienetako baten ibilerak kontatzen dituen neurrian. Hor dago, camp estiloaren azterketaren bitartez, postmodernismoaren eta ikasketa kulturalen totum revolutumari ateak zabaldu zizkion idazle gaztea, eta, bestalde, goi kulturaren seriotasunaren galeraz lantua jotzen zuen jakinduria entziklopedikoko egile heldu eta zorrotza. Hor, orobat, garai bateko ezker erradikalaren tropo guztiak bereganatuz –Kubara edo Txinara egindako bidaia akritiko samarrak barne–, Vietnamgo gerrari adoretsu aurre egin zion idazle konprometitua, eta, helduaroan, "sozialismo errealeko" erregimenen izugarrikerien arbuioa egin ondoren, Sarajevon bere gorputza balen pean hamaika aldiz jartzeko adorea erakutsi zuen intelektual are konprometituagoa.

Baina, artikulu honen gai nagusiarekin lotuta, deigarria iruditu zaidana, egile estatubatuarraren bizitzaren eta lanen errepaso sakon horretan, da nola, horren pertsona egozentrikoa izanik –Moserrek froga ugari ematen ditu–, Sontagek apenas idatzi zuen, agerian, bere buruaz, ez bere fikzioetan, ezta bere entseguetan ere. Esaterako, minbizia inguratzen zuten irudi literario eta sozial kaltegarrien aurkako bere Gaixotasuna metafora gisa liburuan (1978) ez zuen aipurik egiten berak, pronostiko guztien kontra, gainditu zuen minbiziari buruz. Nekez imajina dezakegu gaurko edozein idazle tamainako balentria burutzen.

Egia da, Moserrek frogatzen duen bezala, besteaz ari denean –kanpokoaz, munduaz, kulturaz–, funtsean, bere buruaz ari dela: Canettiren edo Benjaminen erretratuak egitean, Susan Sontagez ari dela; Sartreren idazkera "anfetaminikoa" salatzean, ezin dela ahaztu bere obraren zati handi bat droga horren eraginpean idatzi zuela Sontagek berak. Eta utzi zuen egunerokoaren gai nagusia, ia bakarra –ehundik gorako liburuki!– Susan Sontag bera dela, orobat. Horregatik nioen paradoxikoa dela, gai honekin lotuta, bere jarduna. Edonola ere, Sarajevoko bere esperientziaren emaitza literarioa ez zen han berak pasatutakoaren kronika bat, gerra-argazkien eta basakerien irudien inguruko hausnarketa bat baizik: Besteen mina-ri dagokionez (2003). Izan ere, bere lehen asmoa, hiri setiatura joatean, isiltzea zen: "Onena da ezer ez esatea, eta hori izan zen nire jatorrizko asmoa. Gutxi bada ere, norbera egiten ari denaz hitz egiteak (...) modu bat dirudi nork bere buruari garran -tzia emateko".

Hots, bere bizialdian, kontzienteki, aurre egin zion 'Ni' literarioaren bulkadari, arrastoan eutsi zion egoari, eta, gehienetan, barrutik kanpora idatzi zuen, barrukoa lehen planoan ipini gabe sekula. Eta, susmoa dut, horregatik suertatu zen, beste motibo batzuen artean, Sontagen lana horren eraginkorra eta esanguratsua. Zorionez.

Eta gero gerokoak: hots, lorpenak eta loriak bezainbeste miseriak eta kontraesanak desestaltzen dituzten egunerokoak –eta biografiak–.