2017ko azaroaren 24an Maite Artola kazetariak elkarrizketa bat egin zion Ziortza Linaresi Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Bertan, Linaresek senar ohiarengandik jasandako tratu txarren inguruan hitz egin zuen. Irrati zalea izanik, autoan zihoala entzun zuen testigantza latz hori Koldo Almandoz zinemagileak. Bertan deskribatzen zen segurtasun eta zaintza gailuekiko menpekotasuna bereziki deigarria iruditu zitzaion. "Indarkeria matxistaren gaia entzutetsua da, izan ere, zoritxarrez, egunero irakurtzen eta entzuten ditugu horrelakoak komunikabideetan. Baina bat-batean elkarrizketa horrek ikuspuntu ezberdin batetik jorratuta zegoela iruditu zitzaidan. Ziortza Linares teknologiari buruz hizketan hasi zenean, zu zaindu beharrean bera zure kartzelari bihurtzen denean, edo zure kontra jokatzen duenean. Hor ikusi nuen bazegoela zerbait kontatzeko".

Berehala proposatu zion filma egiteko ideia Maria Elorza zinemagileari, elkarrizketa bidali eta Elorza ere "astindu" egin zuen testigantza gordin hark. Alde batetik, horrelako istorio edo gai bat irudietan nola jarri pentsatzea erronka bat zela iruditu zitzaion: "Horrek erakarri eta beldur handiena ematen zidan, izan ere, asko inpaktatu ninduen elkarrizketatzailearen paperak. Nola hitz egin horrelako gai bati buruz, nola galdetu€ Oso paper zaila eta aldi berean interesatzen ninduena". Bestetik, normalean jorratzen ez dituen gai bati heltzeak erakarri zuen zinemagilea, "gai berri bat eta gainera tratatu behar den gai bat jorratzeko aukerak". Baita Almandozek proposatu izanak eta beste pertsona batekin elkarlanean aritzeko aukerak.

Zineman askotan landu izan ohi den gaia da indarkeria matxistarena, baina Almandozek eta Elorzak bazuten kezka bat, izan ere, ez baitzuten nahi topikoetara jo ezta sentsazionalismoan erori ere. Kontatu dutenez, euren asmoa ez zen indarkeria matxistaren inguruko film bat egitea, "zerbait orokorragoa, irekiagoa, difuminatuagoa" baizik. "Kasu konkretutik harago eraman nahi genuen, jakinik kasu konkretu batetik abiatu ginela, noski, azaldu du Almandozek.

Pelikulak hitz egiten du baita ere maitasunaren kontzeptuaren inguruan, maitasun erromantikoaren inguruan, babes sentsazioaren inguruan, beldurra, teknologia nola bihurtu daitekeen aldi berean salbatzaile eta borrero€ Hala, ikusleei hausnartzeko espazioa utzi nahi izan dietela esan du Elorzak: "Horrelako gai bat ezin duzu tratatu ikuspuntu neutro batetik, baina gure asmoa zen lehenik eta behin ikusleari uztea espazioa, ez genuen ikuslea emozionalki manipulatu nahi, baizik eta horrelako gauza gogor bat bere begien aurrean jarri eta espazioa uztea, hori lantzeko". Mahai gainean etengabeko galderak izan dituzte film laburraren egileek; istorioa kontatu ahal den ala ez, nola erakutsi edo irudikatu zezaketen horrelako testigantza bat sentsazionalismoan erori gabe, ikusleari ere bere espazioa utzita eta baita ere testigantzan transmititzen den horrorea nola kontatu ahal zuten.

Testigantza erreala

Ordu erdi inguruko elkarrizketa egin zion Maite Artolak Ziortza Linaresi, eta zazpi minutuan laburbildu dute Quebrantos-en. Protagonisten ahotsak mantendu dituzte. Hasieratik zuten argi irrati elkarrizketa horrela izango zela, ez zutela beste narratibarik sortuko horren inguruan, eta elkarrizketa bere horretan mantendu dute: isiluneak, borobildu gabeko esaldiak, pixka bat katramilatzen diren ideiak, elkarrizketatzailea hitzik gabe geratuz doa elkarrizketak aurrera egin ahala testigantzak zuen pisuagatik€ "Bizitza da. Benetako testigantza bat, eta kortoan oso inprimatuta gelditu da egia, bizitza den bezalakoa, ahotsak eta ahozkotasunak ematen dio balio hori, ahozko kontaketak", esan du Elorzak. Almandozen hitzetan ere, "inperfekzioek ematen diote justu egiazkotasun hori, off ahots batean ezinezkoak lirateke, perfekzioa bilatzen delako".

Elkarrizketa da laburmetraiaren "bizkarrezurra" eta egileak hortik abiatuz, ahotsa irudiekin ezkontzen saiatu dira. "Soinuaren bitartez ere beste kapa batzuk biltzen saiatu gara, baina nukleoan dagoena hori da, elkarrizketa, testigantza. Asko landu dugun arren oro gordina izaten jarraitzen du", kontatu du Elorzak. Filma "irratigrafia" gisa definitu du Almandozek: "Kasu honetan abiapuntua audioa izan da eta gero audio horri irudi banda bat jarri diogu, normalean kontrakoa egin ohi dugu, badugu irudia eta gero soinu banda bat jartzen diogu, baina kasu honetan alderantziz izan da. Elkarrizketa horretatik zer interesatzen zitzaigun detektatuz eta aukeratu eta gero hori irudietan nola jarriko genuen pentsatuz".

irudi iradokitzaileak

Elkarrizketa irudiez jantzi dute Quebrantos-en. Ez da lan samurra izan baina literaltasunetik aldentzea eta harago doazen irudiak hautatzea, "diskurtso panfleteroan erori gabe". "Maria eta bioi harago joatea gustatzen zaigu, pelikulak ahalik eta geruza gehien izan ditzan, iradokitzaileak izatea eta irakurketa ez dadila izan guztiz objektiboa. Prozesuan irudi piloa maneiatu dugu, ideia asko bota, baztertu, batek bestera eraman gaitu€ Saiatu gara kontzeptu eta ideia batzuk botatzen elkarrizketarekin dialogo bat sortzen dutenak. Elementu ezberdinak daude pelikulan zehar, batzuetan osagarriak dira, beste batzuetan kontrajarriak€". Elorzaren hitzetan, elkarrizketatik abiatuta irudien bitartez ikuspegi orokorrago edo unibertsalago bat ematen saiatu dira. "Saiatu gara irudien bitartez testigantza pertsonal hori beste gai orokorragoekin harremanetan jartzen: amodioarekin zerikusia dutenak, teknologiarekin zein zigorrarekin, besteak beste". Material anitza erabili dute horretarako: aldez aurretik existitzen zirenak, Youtubeko irudiak, adibidez, kortoarentzat propio grabatu dituztenak, testura zein irudi mota ezberdinak daude€

Bi urtez esperimentatzen

Gorabeherak barne, bi urtez aritu dira Elorza eta Almandoz Quebrantos proiektua ontzen. Euren buruak etengabe zalantzan jarri, irudi mota ezberdinekin probatu€ Linaresen testigantzatik abiatuta, bilaketa lana izan da, ikerketa lana azaldu dutenez. "Hasieratik oso argi genuen jatorrizko testigantza izango zela ardatza, hori mantendu egin dugu eta ez dugu inoiz zalantzan jarri prozesuan zehar. Irudi asko bidean topatutakoak dira, ez dira hasieran genuen proiektuan aurreikusi genituenak, badaude batzuk oso argi genituenak proiektuan hasi ginenetik, horretarako propio grabatu ditugu irudi batzuk. Hala ere, hasieratik nahiko argi genuen esperimentazioarena eta ikerketa proiektua izatearena, gauza bizi bat izango zela, ez aldez aurretik itxitakoa", kontatu du Elorzak. Bere ustez, prozesuaren zailena gaia bera eta horrek sortu dizkien zalantza moralak eta etikoak izan dira, baita materialaren bortizkeriaren deserosotasuna eta mina ere. "Ondo egiten ari naiz istorio hau kontatzen, errespetuz kontatzen ari naiz, beste modu batean kontatu beharko nuke€".

Ideiak konkretura ekartzea kostatu zaie, Almandozen hitzetan, asko baitzituzten, eta denbora eman dute horiek elkarrekin nola lotu eta zentzua izan zezaten nola egin pentsatzen."Gustura nago emaitzarekin,uste dut lortu dugula gainditzea klitxe, topiko, 'buenismo' kutsu hori eta lanak baduela hortik harago zerbait. Lan orok du bukatzeko momentu bat, erabaki hori hartu egin behar da, baina nik beti sinesten dut horretan, lan oro dela inperfektua eta hori ondo dagoela. Lan bakoitza da bere momentuaren emaitza. Gainera, Mariarekin lan egitea oso aberasgarria izan da, ikusten duzu beste norbaitek zure ideiari heldu eta hori hobetzen duela, beste molde bat emanez".

Eta noiz estreinatuko da Quebrantos? Hortxe galdera. Egileen hitzetan ez da momentu errazena festibalentzako, baina aitortu dute badabiltzala zenbait jaialdirekin hizketan, eta uda ostean aurkeztea espero dute."Nahiko genuke modurik egokienean eta zentzuzkoenean estreinatu". Oraingoz dakiguna da aurtengo Kimuak katalogorako aukeratu dutela laburmetraia. Proiektuak babesa eta sustapena ematen die euskal film laburrei, eta hautatutako filmak nazioarteko jaialdietara bidaltzen dituzte.

'Quebrantos', zergatik ez?

Euren proiektu berria izendatzeko hainbat izenburu zituzten buruan Almandozek eta Elorzak, baina irratiko elkarrizketan Ziortza Linaresek behin eta berriro errepikatzen duen hitz batekin "liluratuta" gelditu ziren. "Ziortzak 'quebrantamiento' hitza erabiltzen du zigorraren haustura esan ordez, nahiz eta elkarrizketa euskaraz izan, hitz hori gazteleraz esaten du. Gustatzen zitzaigun hitza esanahiagatik baina baita berak aipatzen duen berba hori burura dakarrelako", azaldu du Elorzak. Filmeko gertaera ezberdinak oso ondo definitzen dituela dio Almandozek, izan ere, adiera ezberdinak ditu eta asko pelikulan daude: 'quebranto de condena', norberaren barne-haustura€"Euskarara ekarrita: haustura, arrakala€ Ez zegoen hitz bat esanahi guztiak batzen zituena. Iruditu zitzaigun bazela erabaki arriskutsu samarra, pelikula euskaraz baina izenburua gazteleraz. Baina, zergatik ez?".