Rakel Arenaza (Donostia, 1991) zortzi urte besterik ez zituela hasi zen akordeoia jotzen eta solfeoa ikasten. Ordutik urte batzuk igaro badira ere, bere bizitza musikari lotuta jarraitzen duela esan daiteke. Izan ere, Koban musika taldeko kide izan ostean, bere bakarkako proiektua aurkeztu berri du abeslariak, 'Raitx' izenpean. Apirilaren 28an argitaratu du plataforma digitaletan. Diskoaren inguruan hitz egin dugu berarekin.

Noiz hasi zinen musika munduan?

- Zortzi urte nituela hasi nintzen musika eskolan, ume asko bezala, solfeoa eta akordeoia jotzen ikasten. 2017. urterako, banituen bost edo sei kantu sortuta, eta Bakarrik Hobeto Fest izeneko jaialdian jo nuen nire lehenengo kontzertua, Donostiako Le Bukowski aretoan, Egia auzoan. Bertan zeuden Koban taldeko Xalba eta Onintza kontzertua ikusten. Abeslari bila ari ziren, antza, nire ahotsa gustatu zitzaien eta taldeko kide izatea eskaini zidaten.

Zelakoa izan da Koban taldearekin bizi izan duzun esperientzia?

- Esperientzia oso polita izan da, taldeko kideak lagun bihurtu ditudalako, eta oso aberasgarria ere, kon-tzertu asko eman ditugulako, herriko festa, gaztetxe eta antzokietan. Horrez gain, musika munduko gauza asko ezagutu eta baloratzen ikasi dut: teknikoen lana, eszenatokiak nola prestatzen diren, eta abar. Ezagupen horiek oso aberasgarriak dira, nire ustez, musika munduan modu osasuntsu batean aritzeko.

Baduzu gogoan kontzertu bereziren bat?

- Denak gogoratzen ditut, baina bat aipatu behar badut, Xalba Ramirez eta Esti Berazarekin emandako lehena esango nuke, 2019ko Kilometroak festan, Zarautzen. Eguraldia zela eta, bertan behera uzteko zorian izan ginen. Guk jo nahi genuen, eta azkenean egin ahal izan genuen. Emozionalki oso berezia izan zen, gogo handiak genituen.

Orain gutxi kaleratu duzu zure bakarkako lehenengo lana. Zer topatuko dugu diskoan?

- Sei abestiz osatuta dago, musikatutako sei poesia. Bakardadearen, elkar zaintzaren eta nork bere tokia topatzearen inguruko hausnarketak dira, azken batean. Estiloa gordina eta iluna da, pop-elektroniko oso intimista. Dena den, zer topatuko duzuen jakin nahi baduzue, entzun ezazue diskoa, kar kar.

Bakarkako proiektua da, baina Koban taldeko kide batzuekin batera sortu duzu.

- Bai, nik banituen kanta batzuk sortuta, eta Estik, Xalbak eta nik erabaki genuen abesti horiek talde modura jotzea. Urtebete egon gara hori lantzen, eta erabakitzen zein instrumenturekin nahi zituen produzitu bakoitzak mezuak. Horiez gain, Koban taldeko Joseba Salbidek ere lagundu digu produkzio lanak egiten. Dena den, gure laguna delako egin du, ez Koban taldeko kidea izan delako.

Zuk sortu dituzu hitz guztiak. Zer behar duzu inspiratzeko?

- Nire arazoak konpontzeko hasi nintzen ni musika egiten, barruan dudan hori konpontzeko. Egia esan, ez dakit esaten zer behar dudan inspiratzeko, baina orain arte eduki dudana kolpe emozionalak izan dira, horrek bultzatzen nau idaztera, jende askori bezala. Horrekin ez dut esan nahi gaizki nagoenean besterik ez dudala idazten. Emozioak pizten direnean idazten dut, eta nire idazteko modua poetikoa eta musikatua da. Emozioak izan daitezke txarrak eta onak, esperientzia gogorrekin pizten dira, adibidez: maitemintzea, haserretzea, zure animaliak maitatzea, bizitza estiloarekin gustura egotea, eta abar.

Gustura zaude egindako lanarekin?

- Bai, oso gustura eta oso harro nago egindako lanarekin. Gure ustez, momentu honetan dagoen diskorik onena gurea da, kar kar. Lan txukuna egin dugu, oso ondo pentsatua dago dena. Gehien gustatzen zaiguna da sinpletasuna bilatu dugula, gauza minimalistak.

Baduzu erreferenteren bat musikari dagokionez?

- Nik dauzkadan erreferenteek ez dute zerikusirik egiten dudan musikarekin. Nerabezaroan guztiok entzun duguna entzuten nuen, punk-rocka, Berri Txarrak€ Denborarekin abanikoa zabaldu dut, orain gehien gustatzen zidana flamenkoa da, eta kantautoreen zale handia naiz. Diskoari dagokionez, bi erreferente izan ditugu bereziki: Yasmine Hamdan eta Ex:Re.

Etorkizunari begira, zeintzuk dira zure erronkak?

- Nire helburuak dira zoriontsu izatea eta gustatzen zaidana egitea, besterik ez. Gauza horien artean musika dago, hortaz, musika egiten jarraitu nahi dut, eta grabatutako diskoa jo, zuzenekoak egin. Gure erronka ez da plaza handi eta festibal handietan jotzea, gure musika beste leku batzuetan koka-tzen dugu, hortaz, uste dugu egoera berezi honetan jotzeko aukera izango dugula.