Hotzaren epela

29.06.2020 | 20:25

Hotz industriala izenburu ederrarekin eman du argitara Julen Belamunok bere bigarren ipuin bilduma era berean ederra. Titulu horixe darama liburuko lehen narrazioak, eta izenburuak duen iradoki-tzeko gaitasuna gorabehera, haren adiera denotatiboan ageri da hotza aurreneko kontakizunean: Lezetak hozkailu industrialak konpontzen egiten du lan, eta lankide gazteago batekiko dituen tentsioak kontatzen ditu ipuinak, errumaniar neska gazteago batekin duen harremana dela-eta. Beste lau ipuin datoz atzetik, zein bere gai, giro eta pertsonaiekin.

Hotzak bakardadearen oihartzuna ekar dezake (edo alderantziz) eta bakardadea da ipuin hauetako pertsonaia askoren egunerokoa definitzen duena, dela aspaldian dena utzi eta isolatuta bizi direlako, dela beraien bikote-harremana gainbeheran sartu delako, dela ingurua arrotz eta kontrako zaielako. Bakardade horretan agertzen da maiz bisitari ustekabeko bat, pertsonaia nagusien egunerokoan irauli txiki bat egitera datorrena. Bizitza arrunt, batzuetan anodinoetan astindu arinak sortzen dira, heriotzarekin aurrez aurre paratzen direlako pertsonaiak, edo iraganean izan zirenarekin. Horrela arakatzen du egileak pertsonaia horien eta gizakion minetan edo erantzun gabeko galderetan. Pertsonaien arteko topaketen bidez, bestetik, gizon-emakumeen arteko lehiak eta botere-harreman batzuetan ikusgaitzak ere esploratzen dituzte ipuinek (zaharragoa larderiaz tratatzen duen gaztea, bere proiektuetan amore emateko asmorik ez duen senarra).

Bestea norbera dela ere esan zuen, ordea, aspaldi poetak. Eta ni-aren mugekin, identitatearen difuminazioarekin jolas egiten duten ipuinak ere badira bilduman: izengoitiaz sinatzen zuen pintore ezezagunarena, 30 urtez beste izen batekin bizi izan den gizonarena, bere buruarekin aurrez aurre paratzen den artistarena. Izengoitiz sinatzen duen Julen Belamunok nor izatearen eta identitatearen inguruan galdetzen dio irakurleari, baita artistaren izaeraz eta sorkuntzaren eta bizitzaren arteko harremanaz ere. Errealitatearen lausotzeaz ere badihardute hainbat ipuinek, bestalde, "munduak erakusten duen sendotasuna" zalantzazkoa bihurtzen den uneez, ipuin batean irakurtzen den gisan.

Hotza da hein batean Belamunoren estiloa, eta horrek eragozten du zenbait kontakizun (Desagertuaren oroi-grina, esaterako) melodramara lerratzea. Hotza den neurri berean da, ordea, idazlearen begirada pertsonaiekiko enpatikoa, eta distantzia doi horixe da, esango nuke, ipuinon bertute nagusietakoa: pertsonaiak, desberdinak izanagatik, gertutik ezagutzen dituela irakurleak orrialde gutxitan.

Patxadaz, soseguz, egiten dute aurrera ipuinek, amaierara iristeko presarik ez balute bezala, eta ezusteko handiak baino deskubrimendu txikiak eskaintzen dizkiote irakurleari trukean. Gisa horretako ipuinak iruditu zaizkit biribilenak (liburuari titulua ematen diona eta Amaren errautsak esaterako). Beste ipuin batzuetan, pisu handiagoa du intrigak eta lortzen du idazleak pultsua eta jakinmina mantentzea, liburuko azkena den Ahanztutako pintoreak narrazioan, kasu. Estilo zainduz ida-tziak dira, orobat, eta hizkuntzaren jatortasunak zenbaitetan kirrinka egin badit ere ("jo eta ma" eta halakoak), gozatu dut Hotz industriala bildumako ipuinekin, eta gehiagoren gogoz utzi nau liburuak.