Ahizpatasunak elkarturiko txortenen istorioa

Pisukideak diren hiru neskaren bizipenetan oinarritutako websaila da 'Pikuak'. Gazteen arteko harremanak islatzen ditu Maddi Castro kazetariaren lehen lanak. EITBn ikusi ahalko da aurki

06.06.2020 | 20:55
Ruiz de Galarreta, Nogales eta Artetxe protagonistak.

Hiru neska pisukide eta lagunen istorioan ardazten Maddi Castro kazetari tolosarrak zuzendutako Pikuak websaila. Gazteen harremanen inguruko fikzioa da eta ahizpatasuna dago lanaren oinarrian, feminismoaren elkar elikatze edota deskubritze bat. Hots, harreman afektibo sexualen inguruan hitz egiten da nagusiki. "Gure belaunaldiak jasotako sexu heziketaren inguruko mezu bat du websailak, zer nolako edukiak kontsumitzen ditugun edo nolako estereotipoez elikatzen garen", azaldu du Castrok. Hori horrela, sexu heziketari dagokionean bere ingurua islatzen saiatu eta gibelean gogoeta bat zuen umorezko websail bat ekoitzi nahi zuela garbi zeukan. "Susmoa nuen genero kontuetan beste hainbat arlotan bezala, estereotipoetatik edaten dugula eta askotan horrek konfiguratu egiten gaituela. Horregatik, inguruan gertatzen diren zenbait gauzen aurrean nola erreakzionatzen dugun, zer galdera egiten dizkiogun gure buruari islatu nahi nuen".


Hala ere Castrok nabarmendu du Pikuak ez dela gizartearen argazki leial bat: "Nik nire susmo, zalantza eta galderak planteatu nahi izan ditut baina ez dut gaitasunik ez eta anbiziorik esateko zer den egia eta zer gezurra. Ziurrenik, errealitate den horretarik oso motz gelditzen da, aniztasuna ageri da baina hala ere erreferente asko falta dira". Galderetatik abiatuta akziora egiten du salto websailak eta hori guztia drama egin ordez, umoretik egitea izan da Castroren xedea. "Pertsonaien inguruaren karakterizazioan errealista izaten saiatu naiz". Amaia Ruiz de Galarreta, Miren Nogales eta Ainhoa Artetxe aktoreak jarri dira hiru pisukide eta lagun protagonisten paperetan.

Elkar-laguntza erdigunean Sexuaz gain, feminismoa edota langabezia bezalako gaiak ere jorratzen dira websailean. "Sexua eta sexu heziketa baino gehiago, nik arreta jarriko nuke hiru nesketan", azpimarratu du Castrok. Indarra kolektiboan jarri behar dela dio. "Gure belaunaldira, hogei urte pasa genituenean iritsi da feminismoa, nahiz eta emakume batzuk duela hainbat mende hasi beraien eskubideak aldarrikatzen. Kontzientzia hartze kolektibo bat izan da eta websailarekin nolabait hori islatu nahi nuen", azaldu du. Horretarako, ahotsa hiru neska gazteri ematea erabaki zuen. Hala, sexu heziketa baino gehiago elkar-laguntza jarri du erdigunean. Halaber, berdintasunak zer nolako eredu edo identitate berriak dakartzan ere erakutsi nahi izan du lan honekin.


Castrorentzat ez da erraza izan websaila umoretik egitea: "Batzuetan galderak sortu dizkit eta tentuz hartu behar izan dudan gaia izan da, baina aldi berean, fikzioa izanik bestelako askatasun bat ematen du". Hala ere, umorea momentu jakin batzuetan laguntza ere izan dela adierazi du, arintzen, pisua kentzen, beste era batera ikusten lagundu duela.


Pikua, sinbolo Fruituaren sinbologia dago tituluan: "Garbi ikusten nuen feminitatearekin sinbologia egin zitekeela nahiko erraz". Bestalde, garrantzia berezia eman zion izenburua euskaraz izateari: "Pertsonalki oihartzun handia du. Nolabaiteko, hirutasun bat dago ahozkotasunaren imajinario horretan". Halaber, izenburu trinkoa izatea nahi zuela adierazi du. "Iruditzen zait baduela ahozkotasunetik eta sinbologia grafikotik". Bestalde, euskararen erabilerari dagokionez, euskalki desberdinen presentzia izateko ahalegin berezia egin du, edukien aldetik kutsu errealista eman nahian. "Oso garbi nuen ez neukala bat ere gogorik gauza artifiziala izan zedin". Are gehiago, Castrok azaldu du aktoreei eskatu ziela gidoia beraiena egin zezaten. "Askatasun osoa eman nien haien hitzetan jartzeko, beharrezko ikusten nuen testuak arnas hori izatea".


Lehenengo produktua ekoiztea erronka polit bat izan dela aitortu du Castrok: "Opari bat". Momentu batzuetan sufritu, nolabaiteko sorpresa txar batzuk eraman eta zama bat izan bada ere, beste momentu askotan pribilegiatu sentitu dela aitortu du. "Buruan gauza bat neukan eta merezi zuen aurrera atera ahal izatea. Zentzu horretan beste websail edo ikus-entzun batzuetan aritu direnek, gidoilari profesionalek, asko lagundu didate".


Tabakalerak antolatutako ikus-entzunezkoen ekoizpenean esperimentazioa bultzatzen duen 2deo lehiaketan hasi zuen bere ibilbidea. 2018. urteko abenduan Pikuak websailak eta "baliabide apalekin baina sekulako ilusioarekin" sortutako ekoizpen hau, laster EITBn ikusteko aukera egongo dela aurreratu du zuzendariak. Ez dute data zehatzik oraindik baina pozik daude umorea eta ahizpatasuna aldarrikatzen dituen proiektuak izan dezakeen ibilbidearen aurrean.

Italia eta Galiziako jaialdi banatako sail ofizialean da 'Pikuak'

Euskaraz sortutako "gauza txiki bat" ahalik eta gehien mugitzea -ahal zela, kanpoan ere- zen egileen asmoa eta gutxika-gutxika nahi hori ari da fruituak ematen. Besteak beste, azken egunotan Pikuak websaila Pugliako (Italia) Apulia Web Festjaialdiako sail ofizialean ikusteko aukera egon da. Eta datorren udazkenean Galiziako Carballo Interpelay jaialdian eskainiko dute. Neurrian hartu beharreko zerbait bada ere, Castro pozik azaldu da halako aukera baten aurrean: "Plazera edo harrotasun puntu bat ematen du, euskarazko produktu bat Italian ikusi eta entzungo dela jakiteak".