Mariangelak bi asterik behin antolatzen ditu bisita gidatuak. Arkeologo erromatarrak gida profesional izan nahi du, eta, titulu ofiziala eskuratzeko, hainbat orduko praktikak egitera derrigortzen du Italiako gobernuak. Mariangelak argi dauka bere lan esparrua Erromako Testaccio auzora mugatzen dela. Ez da gutxiagorako, izan ere, bertan jaio zen bere familia guztia.

Testaccio ez da Italiako hiriburuko auzorik ezagunena, baina herritarrek oso gustuko dute, bertan arnasten den giro tipiko erromatarrarengatik. Testaccioko bizilagunek gogor borrokatu zuten faxismoaren aurka eta “auzo gorria” edo ezkerrekoa izatearen ospea dauka.

Mariangelak, halere, etxebizitzen azpian dauden geruzak aztertzen ditu, eta Testacciok altxor arkeologiko handiak dituela aldarrikatu du. “Ongi etorriak antzinako Erromako anforen zabortegira”, esan digu Testaccio mendiak daukan sarrera bakarraren aurrean. Atea giltzarrapo batez itxita dago, eta Udalak bi asterik behin bakarrik onartzen ditu bisita gidatuak. “Izan ere, egitura ez da oso egonkorra”, eman du jakitera Mariangelak.

MENDI ARTIFIZIALA Mendiak beste edozein muinoren antzekoa dirudi lehen begiratuan. Giltzarrapoa zabaldu eta aldapan gora ibiltzen hasi garen unean, berriz, erraz ohartu gara toki berezi batera iritsi garela. Testaccioko mendia milioika anfora zatiz osaturiko mendixka artifiziala da. Are gehiago, hondakindegi zahar baten aurrean gaudela esan digu gidak. “K.a. I. mendetik hasi eta k.o. III. mendera arte, Andaluziako eta Ipar Afrikako anfora guztiak ekartzen zituzten Tiber ibaitik gora. Hemen ondoan zegoen porturaino iristen ziren olioz beteriko ontzi handiak”, azaldu digu Mariangelak. Koipearen ondorioz, anforak ezin ziren berrerabili, beraz, zati txikitan birrindu eta bertan pilatzen zituztela esan digu gidak. Hala, mendeetan zehar, terrakota zatiez osaturiko mendixka bihurtu zen Mons Testaceus.

“53 milioi anfora zatiren gainean ibiltzen ari zarete”, esan digu Mariangelak bisitari ekin diogunean. “Gazteak ginenean, hesitik salto egiten genuen eta mendira sartzen ginen. Ederra zen eremu abandonatu honetan arratsaldeak eta gauak pasatzea”, gehitu du gidak.

Aldapa txikitik gora igotzen hasi garen heinean, atentzio handia eman digu anfora zatiak ordenatuta daudela ohartzeak. Bata bestearen gainean jarri zituzten, pareta zatiak sortuko balituzte bezala.

GAINBEHERA Erromako inperioaren desagerpenak, ordea, mendixkaren gainbehera ere ekarri zuen berarekin. Eremua abandonatu egin zen eta Erdi Arora arte ez zioten beste erabilerarik eman. “Garai hartan ohitura benetan krudelak zabaldu ziren eta Testaccio inauteri odoltsuen testigu izan zen”, azaldu digu Mariangelak: “Gaur egun pentsaezina irudituko litzaiguke, baina garai hartan txerriak eta bestelako animaliak tontorrera igotzen zituzten eta mendi magaletik bota. Behera iristen zirenean, zorabiatuta eta zaurituta, herritarrek lantzaz ehizatzen zituzten”. Izan ere, erromatarren inauteriak oso krudelak ziren eta Testaccion sakrifizio handiak egin zituzten.

Halere, XIX. mendera arte ez ziren ikerketa eta indusketa arkeologikoak abiarazi. “Testacciora iritsi ziren lehen historialariak txundituta geratu ziren hemen aurkitu zuten informazioarekin, eta nik horregatik erabaki nuen arkeologo bihurtzea, alegia, mendixkaren inguruan entzun nituen istorio guztiengatik”, azaldu du Mariangelak.

Baina XX. mendean, Benito Mussolini diktadoreak erabaki zuen mendia lurrez betetzea eta Circo Massimo ingurutik muinoa estaltzeko adina lur eramateko agindua eman zuen. Anfora zatiak ezkutatu egin zituzten eta II. Mundu Gerran zementuzko egitura antiaereo bat ezarri zuten.

“Gustatuko litzaidake mendia jendeak ikusteko irekita egotea eta erromatar zein turista guztiek toki honetaz gozatzeko aukera izatea”, esan du Mariangelak. “Posible da zeramika zatitxo bat hartu eta etxera eramatea?, galdetu diogu. “Eta guztiek zuek bezala egingo balute?”, erantzun digu. Anforek badute haien zaindaria.