Síguenos en redes sociales:

Kulturak %33 handituko du Gure Artea sarien zuzkidura

Ibone Bengoetxea lehendakariordeak Madrilen iragarri du berria, ARCOra egindako bisitan

Kulturak %33 handituko du Gure Artea sarien zuzkiduraN.G.

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur ostegunarekin iragarri zuenez, 2025ean 60.000 euroko aurrekontua izan zuten eta arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko helburuarekin banatzen diren Gure Artea sarien zuzkidura, %33 handituko omen da aurten. Bengoetxeak Madrilgo ARCO azokan egin du iragarpen hori, eta sektoreko ehundik gora eragilerekin biltzeko aukera ere izan zuen, tartean artistak, galeristak, museoetako arduradunak, komisarioak, bildumagileak eta euskal kultur eragileak.

Topaketa horretan zirenekin partekatu ditu sailburuak, bere sailak euskal ekosistema artistikoa indartzeko eta artisten eta kultur eragileen ibilbideak sustatzeko prestatu dituen neurriak.

Besteak beste, nabarmentzekoa da, ibilbide artistikoen aitorpena indartzeko Gure Artea Sarien zuzkidura %33 handitu dela 2026an; gainera, aholkularitza eta mentoretza profesionaleko zerbitzua abian jarri omen dute, beraien ibilbideen une erabakigarrietan sortzaileei laguntzeko, nazioartekotzea barne.

Datorren urtean belaunaldi ezberdinetako artistak bilduko dituen Gure Artea Topaketa egingo dela ere aurreratu zuen; artistentzako jardunbide egokien eta ezagutzaren gida bat argitaratuko dela aipatu du, garapen profesionalari laguntzeko eta sektoreko jardunbideak argitzeko helburuarekin.

Sailak zabaldutako ohar batean aipatzen denez, topaketa horrekin jarraipena eman zaio joan den otsailaren 19an Artium Museoan iragarritako konpromisoari, non erakunde publikoek eta Euskadiko museo nagusiek Artearen Euskal Sistema indartzea adostu zuten.

Sektoreari eragiten dioten gaiak jorratzen jarraitzea ezinbestekoa dela adierazi du lehendakariordeak, besteak beste artearen fiskalitatea, eta artelanen salmentari aplikatutako egungo %21eko BEZak, Europako beste herrialde batzuekin alderatuta gure merkatua desabantailan jartzen duela esan du.

Bere hitzetan, sistema artistiko "konektatuago, onartuago eta nazioartean presentzia handiagoa duen" baterantz aurrera egitea omen da helburua.

Sailak berak babestuta, Madrilgo hitzordu berean aurkeztu dute, arte plastikoen eta bisualen arloko argitalpen-proiektuak eta idatziak biltzen dituen liburukia.