EHU-k eskura jarri du Koldo Mitxelenaren obra osoaEHU
Euskal Herriko Unibertsitateak publiko egin du Koldo Mitxelenaren obra osoa, eta dagoeneko unibertsitatearen webgunean kontsulta daiteke hamabost dokumentutan banatuta. Dagoeneko hainbat aste badaramatza edukiak sarean eskuragarri, eta hemendik aurrera edonork izango du aukera euskalgintzaren erreferente nagusietako baten lan osoa libreki eskuratzeko, bai paperean eta orain baita euskarria digitalean ere.
EHUko Argitalpen Zerbitzuko iturriek azaldu dutenez, proiektuaren bultzatzaile nagusia Joseba Lacarra izan da. “Proiektuaren zuzendaria, nolabait esateko, Joseba Lacarra da, berak bidali zigulako mezu bat, obraren ale bakarra digitalizatuta zergatik geneukan galdetuz”, dio EHUko argitalpen zerbitzuko zuzendari teknikoak, Leire Lekuonak. Galdera horrek hausnarketa eta abiapuntu berria ireki zituen, eta digitalizazio osoari ekiteko erabaki sendoa hartzeko aitzakia egokia izan zen.
1.Liburukia - Fonética histórica vasca I
Euskararen fonetika historikoaren oinarriak: fonemen bilakaera, sistema fonologikoaren berreraikuntza eta metodologia historiko-konparatiboa.
2.Liburukia - Fonética histórica vasca II
Lehen liburukiaren jarraipena: kontsonantismoa, bokalismoa, azentu-ereduak eta bariazio dialektalaren tratamendua ikuspegi diakronikotik.
3.Liburukia - Textos arcaicos vascos
Euskarazko testu zaharren edizio kritikoa eta azterketa filologikoa; lekukotasun zaharren transmisioa eta balio linguistikoa.
4.Liburukia - Sobre el pasado de la lengua vasca
Euskararen jatorriari, ahaidetasun hipotesiei eta aurre-historiari buruzko saiakera eta artikulu teorikoak.
5.Liburukia - Palabras y textos
Lexikologiari, semantikari eta testu-analisiari buruzko lanak; hitzen historia eta erabilera testuinguruan.
Nolanahi ere, egitasmoa ez da orain sortu. “Aspalditik genuen buruan, baina ez genuen gauzatzen”, diote argitalpen zerbitzutik. Obraren eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku egon dira hamabost urtez, eta orain, epe hori amaituta, unibertsitatea egilearen senideekin harremanetan jarri da, baimena jaso eta proiektua aurrera eraman ahal izateko. Adostasun horrek zabaldu zuen bidea, lan osoa modu integralean argitaratzeko.
Koldo Mitxelena
Digitalizazioa
Lan teknikoa ez da erraza izan. “Lan konplexua izan da, baina obra, bere osotasunean, oso baliagarria izango da jende askorentzat”, nabarmendu du Lekuonak. Digitalizazio prozesuak berrikuspen eta egokitzapen lan zehatzak eskatu ditu, “materiala kalitate egokian eta erabateko erabilgarritasunez eskaintzekotan”.
Gaur egun, beraz, Mitxelenaren hamabost liburukiak oso osorik daude eskuragarri, paperean zein PDF formatuan. EHUren webgunean kontsulta daitezke guztiak. Unibertsitateko arduradunek azpimarratu dutenez, “Mitxelenaren obra oso garrantzitsua da euskaldunontzat, agian garrantzitsuena; horregatik, oso pozik gaude gure webgunean publiko izatearekin”. Horrenbestez, euskal kulturaren eta hizkuntzalaritzaren ondare nagusietako bat herritarren eskura dago.
6.Liburukia - Apellidos vascos
Euskal abizenen etimologia, egitura morfologikoa eta hedadura historikoa; onomastikaren ekarpen klasikoa.
7.Liburukia - Sobre el euskara batua
Euskara batuaren oinarri teorikoak: irizpide fonologikoak, morfologikoak eta ortografikoak; estandarizazio prozesuaren justifikazioa.
8.Liburukia - Gramática y léxico
Gramatika historikoari eta lexikoaren osaerari buruzko azterlan espezializatuak.
9.Liburukia - Lingüística general y comparada
Hizkuntzalaritza orokorrari eta indoeuropar ikerketari lotutako artikuluak; euskararen kokapena tipologia eta konparazio ikuspegitik.
10.Liburukia - Historia y literatura
Euskal literaturaren eta historiaren inguruko gogoeta eta azterlan filologikoak.
Egilea eta obra
Koldo Mitxelena (Errenteria, 1915) XX. mendeko euskal filologo eta hizkuntzalari nagusietako bat izan zen, euskararen ikerketa modernoaren oinarriak ezarri zituena. Filologia klasikoan eta hizkuntzalaritza indoeuroparrean trebatu, eta metodologia historiko-konparatiboa aplikatu zion euskarari, ordura arteko ikuspegi intuizional edo deskriptibo hutsetatik harago. Haren lanari esker kokatu zen euskara nazioarteko komunitate zientifikoan, ikergai serio eta zorrotzen artean.
Bere ekarpen erabakigarrienetako bat, Euskaltzaindiarekin batera egindako lanaren bitartez, euskara batuaren sorreran eta finkapenean izandako parte-hartzea nabarmendu behar da. Mitxelenak irizpide fonologiko, morfologiko eta ortografiko sendoak proposatu zituen, dialekto ezberdinen arteko aniztasuna errespetatuz, estandar bateratu bat eraikitzeko helburuarekin. Berak burututako ikerketek, bereziki fonetika historikoari eta etimologiari buruzkoak, oinarri teoriko sendoa ekarri zioten euskara batuari, eta horrek ahalbidetu zuen hizkuntza administrazioan, hezkuntzan eta literaturan modu normalizatuan erabili ahal izatea.
11.Liburukia - Crítica textual y filología
Testu-kritika, edizio irizpideak eta metodologia filologikoaren inguruko lanak.
12.Liburukia - Artículos y recensiones I
Aldizkarietan argitaratutako artikulu zientifikoen lehen multzoa; hizkuntzalaritza eta filologiari buruzko gai anitz.
13.Liburukia - Artículos y recensiones II
Aurrekoaren jarraipena; nazioarteko ikerketen inguruko iruzkin eta balorazio kritikoak.
14.Liburukia - Epistolario y documentos
Gutunak, txostenak eta dokumentu akademikoak; pentsamenduaren eta jardun intelektualaren testuingurua.
15.Liburukia - Índices y bibliografía
Obra osoaren aurkibide orokorrak, bibliografia eta ikerlarientzako tresna lagungarriak.
Beraz, Mitxelenaren obra ez da soilik hizkuntzalaritzaren esparrura mugatzen, eta euskal kulturaren zutabe nagusietako bat dela esan daiteke. Testuinguru politiko eta sozial zail hartan, prestigio akademikoa eta zilegitasun intelektuala eman zizkion euskarari, kultura-hizkuntza osotzat ulertzeko bidea zabalduz. Haren lan osoaren argitalpenak ondare zientifiko eta kultural izugarri baliotsuaren transmisioa bermatzen du, eta euskal identitate garaikidearen eraikuntzan izandako eragina azpimarratzen du berriro ere.