Arrasatek akordeoia epizentro izango du beste behingoz abenduaren 5etik 7ra bitartean, Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak antolatutako jaialdi zabalari esker. Hirurogei urtera hurbiltzen ari den tradizioari eutsiz, ekimenak hiru lehiaketa nagusi eta Gipuzkoako jaialdi hezitzailea uztartuko ditu, guztira 400 bat akordeoilari bildurik Arrasate Musikaleko aretoetan, Kulturaten eta Amaia Antzokian. Antolakuntzaren esanetan, jaialdiaren piramide-egitura eta beti elkartu ohi duen partaidetza zabala omen dira, Arrasate Estatuko eta nazioarteko erreferente bihurtu duten zutabe nagusiak.

Aurkezpen ekitaldian, Hauspozeko ordezkari Maria Zubimendi eta Maitane Arretxek espresuki nabarmendu nahi izan dute jaialdiaren “izaera bikoitza”. Alde batetik, nazioarte mailan sona handiena duen “Arrasate Hiria” lehiaketa, eta bestetik, musika-eskoletako ikasleentzako jaialdi hezitzailea, azken urteotan bertako parte-hartzeak goranzko joera nabarmena izan duena. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Jaialdiak 390 parte-hartzaile hartuko baititu aurten, eta Gipuzkoako Lehiaketan berriz, 25 akordeoilari arituko dira. Biak ala biak ezinbesteko zita bilakatu dira eskualdeko musika-ikasleen prestakuntzan.

Nazioarteko lehiaketan, ohikoa denez, mundu osoko akordeoilari gazte zein profesionalek hartuko dute parte, eta sona handiko epaimahaikideek osatuko dute kalifikazio-taldea. Finlandia, Alemania, Danimarka, Frantzia eta Kataluniatik etorritako nazioarteko irakasle eta interpreteak ariko dira, tartean Veli Kujala, Stefan Hussong eta Vincent L'hermet entzutetsuak.

Agenda

Lehiaketaz harago, jaialdiak herrira ere zabaldu nahi du akordeoiaren kultur eskaintza. Horregatik, azaroaren amaieratik abenduaren 5era bitartean, iaz irabazle izandako Vladimir Stupnikoviazko Euskal Herriko eta penintsulako hainbat tokitan ariko da, beren-beregi antolatutako kontzertu eta masterclass birarekin, Arrasateko Kulturaten eskainiko duen emanaldiarekin amaitzeko. Horretaz gain, Fisarmónica en Blues taldeak Abaroa jubilatu-etxean eskainiko duen kontzertuarekin edota abenduaren 6ko kalejirarekin, jaialdiak beti sortzen duen giro berezia herritarrengana hurbiltzea izango da helburu.

Asteburua borobiltzeko, hilaren 7an Amaia Antzokian egingo da amaiera-gala. Bertan emango dira ezagutzera Gipuzkoa Lehiaketako eta Nazioarteko Lehiaketako irabazleak eta, jakina denez, saridunen emanaldiekin gozatzeko aukera izango da. Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak girotuko du ekitaldia, eta keinu horrekin ere agerian geratzen da Arrasateko Akordeoi Jaialdiaren izaera: akordeoiaren tradizio sakona, musika-ikasleen etengabeko bultzada pedagogikoa eta nazioarteko presentzia sendoa uztartzen dituen ekitaldi kultural paregabea.