Síguenos en redes sociales:

Urtzi UrkizuBerriako kazetaria

“Euskaraz idazteagatik nazioarteko kazetaritza sari bat jasotzea ez nuen inola ere espero”

Urtzi Urkizu (Lezo, 1975) ‘Berria’ko kazetariak, euskaraz egindako bere urte luzeko lanarengatik, Midas elkarteak ematen duen saria irabazi zuen orain aste batzuk.

“Euskaraz idazteagatik nazioarteko kazetaritza sari bat jasotzea ez nuen inola ere espero”Arnaitz Rubio

Europako hizkuntza edo hiztun gutxituen nahiz eremu urrikoen egunkarietako eta hedabideetako Midas erakundeak, ohorezko sariarekin aitortu zuen Urtzi Urkizu kazetari lezoarraren lana, iragan hilabetean Eslovenian egindako batzarrean. Urkizuk mende laurdenetik gora darama euskaraz informazioa lantzen eta zabaltzen. Aurretik beste komunikabide batzuetan lan egin ondoren, 1996an hasi zen Euskaldunon egunkarian. 2001az geroztik, Berriako erredakzioko kidea da.

Nola hartu zenuen Midas saria?

Poztasun handiarekin. Euskaraz idazteagatik nazioarteko kazetaritza sari bat jasotzea ez nuen inola ere espero. Banekien sari honen berri. 2004an nire lankide ohi batek, Ainara Mendiolak, irabazi zuen. Gainera, saria jasotzera Esloveniara joan behar nuela jakinda, oso pozik hartu nuen berria.

Zer da Midas elkartea?

Midas Erakundea 2001 urtean sortu zen. Lehendik ere jardunaldi batzuk egiten ziren Europako hizkuntza desberdinetan argitaratutako komunikabideen artean. Hizkuntza gutxituetan eta hizkuntza erregionaletan argitaratutako egunkariek osatutako elkartea da Midas. Demagun, Finlandian badaude zenbait hedabide suedieraz argitaratzen direnak eta horietako batzuk elkartean daude. Eslovenian hungariarrez argitaratzen den egunkari bat Midasen bazkide ere bada. Primorski dnevnik egunkaria izan da aurtengo batzarraren anfitrioia, Italiako iparraldean eslovenieraz argitaratzen den egunkaria delarik. Europako errealitate horiek ez dira, orokorrean, oso ezagunak izaten. 28 komunikabidek osatzen dute eta datorren urtean beste bat gehituko zaio elkarteari.

Horrelako topaketa edo batzarrek, esperientziak partekatzeko eta trukatzeko aukera emango dute, ezta?

Bai. Midasek azken urteetan bereziki sustatu duen zerbait da, gainera. Zenbait mementoetan, sortzen da aukera, kazetariren batek nahi baldin badu, elkarteko erredakzioren batean egonaldi bat egiteko. Galizieraz argitaratzen den Nòs diarioko zuzendariordeak egun batzuk emango ditu Kataluniako VilaWeb komunikabidean, bertan egiten duten lanketa digitala ezagutzeko asmoz. Baina Midasen egoteak ez du esperientziak trukatzeko bakarrik balio, Europar Batasunera jotzeko ere baliagarria da. Ez da gauza bera zu zeu bakarrik joatea, proiektu batzuetarako laguntza eskatzera, adibidez, edo 28 hedabidez osatutako elkarte baten babesa izatea.

Sari-emate ekitaldian, Martxelo Otamendik egin zuen laudatioa. Zure diskurtsoan erakutsitako guztia eskertu zenion.

Gauza asko erakutsi dizkit. Martxelok energia asko du eta, etengabe, jendearekin hitz egiten duen kazetaria da. Horrek, batera eta bestera ibili ondoren, jende asko ezagutzea ekarri dio. Midasekoek asko ezagutzen zuten Martxelo, 2001etik urtero joan delako batzarretara Berriaren izenean. Bere izaera irekiarekin afinitate pertsonalak lortu ditu beste kazetari askorekin. Pertsona irekia izatea eta besteak entzuteko irekia egotea, hori kazetaritzan balio handiko gauza da. Saria eskutan Edita Slazekovak eman zidan, Midas Elkarteko zuzendari izandakoa azken hamabi urteetan. Orain Martxelo Otamendi izendatu dute zuzendari.

Bertso batekin bukatu zenuen zure diskurtsoa edo, beste modu batera esanda, bertsolaritza Esloveniara eraman zenuen.

Larunbat goiz batean hasi nintzen diskurtsoa idazten eta bertso batekin amaitzea egokia iruditu zitzaidan. Harrera polita izan zuen, Primorski dnevnik egunkarikoek bertsolaritzari buruz galdetu zidaten eta kronikan ere jaso zuten.

Bertso horretan ozeano eta ibaien kutsadura metafora bezala erabili duzu, hizkuntza handi eta txikiei buruz hitz egiteko. Zer egin dezakegu “gure ibai txikia” -hau da, euskara- zaintzeko?

Pertseberatu, lanean jarraitu, hizkuntza txikiak zaindu, pertsona ahulak ere zaintzen jarraitu, gu baino okerrago daudenak ere badaudela kontziente izan… Hori, adibidez, Midasen gertatzen da. Galegoz argitaratzen duten egunkariei PPk eta Xuntak ez die zentimorik ere ematen. Hori oso larria da eta, hori ere bada, bere lehenengo urteetan, Euskaldunon egunkariak pairatu zuen zerbait. Ahalik eta elkartasun handienarekin aritu behar dugu lanean, batzuk besteekin, giza eskubideak aintzat hatzen. Nahiz eta garai gogorrak bizitzen ari garen, itxaropena ere izan behar dugula uste dut. Bidean jarraitu behar da. Urak egiten du bide.

Azken 26 urteetan “Euskaldunon egunkaria”n lehenik eta “Berria”n gero, lan egin duzu. Nola aldatu da euskarazko kazetaritza denbora honetan?

Lehenengo praktikak egin nituenean faxa erabiltzen genuen, ez zegoen Internetik. 1996an Euskaldunon egunkarian hasi nintzenean, 21 urterekin, Internetera modem bidez konektatua zegoen ordenagailu bakarra zegoen. Internet erabili nuen lehen aldia 1996ko udan izan zen, Anatoli Karpovek sarearen bidez mundu osoaren kontra izandako xake partidaren kronika egiteko. Noski, egungo garai hauetan, Internetek dena aldatu du eta euskal komunikazioan ere aldaketak ekarri ditu, noski. Beste aldaketa batzuk ere izan dira, baina azkeneko hamarkadan, bereziki, sakelako telefonoek ekarri dute aldaketa nagusia, baita informazioa kontsumitzeko moduari dagokionean ere. Hedabide tradizionalen jarioa aldatu egin da eta, zatikatu ere, zatikatu egin da. Garai haietan ez zegoen hainbeste telebista katerik, paperezko salmenta bestelakoa zen. Horrek guztiak ere izan du eraginik euskal komunikabideetan. Halere, uste dut bai lehen eta bai orain, badagoela eragiketa kontziente bat euskarazko prentsan kazetaritza zintzoa eta ona egiteko, baita Euskal Herriko komunikabide gehienetan ere.

Euskal kazetaritza ondo egokitu da garai berrietara?

Joan dira trenak hartzen, baina ezin gara autokonplazientzian erori. Beste toki batzuetan ere ari dira gauza interesgarriak egiten. Ezin dugu pentsatu hemen dena ondo egiten dugunik, eta erronka handiak ditugu aurrean, adimen artifiziala, esaterako. Horri heltzea hil ala bizikoa da, baina, noski, gauzak gero eta bizkorrago gertatzen ari dira eta une oro adi egon behar dugu. Adimen artifizialaren errealitatearekin bizi behar dugu, egokitu behar dugu, baina kontziente izanik kazetaritza zintzoak eta zorrotzak zer izan behar duen, eta oinarrian garrantzitsuena kazetarien lana dela, eta hori ezin dela ordezkatu.

Zeintzuk dira euskarazko kazetaritzaren mehatxurik handienak?

Gaur egun, sakelako telefonoetara tsunami bat iritsi baino, tsunamiak, pluralean, iristen dira. Jende asko Google edo Yahoo bilatzaileetako informazio jarioetan buklean geratzen da eta ez da beste ezeren bila joaten. Erronka gehiago ere badaude. Sinesgarritasuna lortu egin behar da. Asko kostatzen da lortzea eta, aldi berean, oso erraz galtzen da. Hizkuntzaren ikuspegitik, euskara txikia da eta oso hizkuntza indartsuak ditu inguruan. Ez bakarrik gaztelania eta frantsesa, ingelesa eta beste hizkuntza asko tsunami horietatik guztietatik sartzen dira. Horren aurrean tokia egitea ez da erraza. Gazteek kontzienteki euskarazko informazioa eta edukiak kontsumitzea, ezta ere. Horren kontziente izanik, Euskal Herriko erakundeek ere estrategia sendo batzuk pentsatu beharko lituzkete hizkuntzak amildegira jo ez dezan.

Baliabideak falta dira?

Batzuk badaude, baina, ziur aski, Abiadura Handiko Treneko metro gutxi batzuetan gastatutako diruarekin baliabide gehiago ere jar zitezkeen, bai euskarazko komunikabideetan, baita euskara eta gaztelania erabiltzen dituzten hedabideetan ere.

Tsunami horiei aurre egitea ere ez da erraza izango.

Bai, argi dago. Gero ere, larria da tsunami horietan sartzen diren mezu ultraeskuindar eta erreakzionarioak. Beldurgarria da hori guztia. Horren aurrean zer egin daiteke? Ez daukat horretarako formularik, egia esan.

Txoria hodei artean’ liburua argitaratu zenuen iaz. Beste saiakeraren batekin lanean zabiltza?

Orain saiakera labur bat idazten ari naiz streaming plataformen inguruan, hamar urte beteko baitira aurten Netflix Hego Euskal Herrira iritsi zenetik. Horren eragina aztertzen ari naiz. Plataformen ikuspegi bat emango dut, ikuspegi kritiko bat, noski.