Urtzi Urkizu Berriako kazetariak, Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero liburuan, Euskal Irrati Telebistak izandako “iragan heroikoa” aztertu du, baita aurrean dituen “erronkak” mahaigaineratu ere. Ikus-entzunezkoen ezagutza zabala duen erredaktore lezoarrak, Elkar, Jakin eta Berriaren hauspoan, Aleka bildumaren hamalaugarren emaria aurkeztu du gaur, asteazkenarekin, Donostian.

ETBren historia moduko hau osatzeko, 35 elkarrizketa egin zituen Urkizuk iragan urteko martxotik urrira. Horien artean erakundeko zuzendari izandako Luis Alberto Aranberri Amatiño (1984-1985 eta 1991-1999), Bingen Zupiria (1999-2009), Maite Iturbe (2013-2020) eta Unai Iparragirre (2021etik aurrera); Elena Irureta, Miren Nogales edo Aitziber Garmendia bezalako aktore eta aurkezleak; ETBrentzat lan egiten duten kazetari eta ekoizleak; Pantailak Euskarazeko edo Bikoiztaile Euskaldunen elkarteko hainbat kide; Kike Amonarriz bezalako soziolinguistak eta EHUko pare bat ikerlari, besteak beste. Hitzaurreari dagokionez, telebista katearekin erlazio estua izandako beste pertsona batek idatzi du: Itziar Ituño aktoreak.

Txoria hodei artean liburuko lehen ataletan irrati-telebistaren hastapenak kontatzen ditu, zenbait protagonisten ahotan. Hurrengoetan, ordea, kronologia baztertu egin du, gaien lanketaren alde egiteko. Horrela, Urkizuk, euskara eta gaztelaniaren erabilera ikertzen du kapitulu batean gero, salto egin eta, bikoizketari, albistegiei, zinema eta telesailei, edo kontrol organoei eta zentsura kasuen salaketei begirada bat emateko.

Aurrera begira

Azken atalek ETBren egungo egoerari eta etorkizunari egiten diote erreferentzia. Zentzu honetan, 2023. urtearen amaieran martxan jarri zen Primeran streaming plataformari, baita Adimen Artifizialari ere erreparatu die Urkizuk. “Nora jo beharko luke ETBk?”, galdetu du kazetariak azken atalean. BBC eta SKY telebista kate garrantzitsuetan aritutako Garazi Goia “punta-puntako” aditu eta aholkulariaren hitzak berreskuratu ditu: “Hizkuntza gutxitu bat dugun aldetik, horrek lan bikoitza eskatzen du. ETB 1n eta ETB 2n indar berdina jartzen baldin bada, gizartean eragina ez da bera; gizartean hori barneratzeko esfortzu eta indar handiago eskatzen baitu euskarak. Jatorritik ez bada ahalegin hori egiten, eta ez bazaio ETB1 kateari proportzionalki indar handiagoa ematen, eragina murriztuz joaten da. Tamalez, telebistak ez zuen egin euskarak behar zuen adinako esfortzua, behar zuen eragina lortzeko”.

EITBren eredua eta euskarari egiten dion ekarpena ezbaian dagoen garai hauetan –adibidez, bikoizketa eta ekoizpen urriengatik–, eta Euskal Herriak atarian duen erronka demografikoaren aurrean, Urkizuk berak, liburuaren amaieran, onbidean hartu beharreko zenbait proposamen egiten ditu, jakitun “gehiago direla eztabaidarako kontu bat, beste edozer baino”.

Eztabaida mahaigaineratu

Hartu beharreko erabakien artean, Madrilera beharrean, ETBk Europara gehiago begiratu beharko lukeela uste du lezoarrak, liburuan Unai Iparragirrek berak aitortzen duen moduan. Zuzendaritza nagusiaren hautaketaren inguruko “eztabaida sakona” proposatu du Urkizuk, alderdiek Legebiltzarrean erabaki beharrean, lehiaketa publikoa deitzea, Europako beste herrialdeetan egiten den bezala. Hizkuntza politikari dagokionean, zenbait elkarrizketatuk helarazitakoarekin bat egiten du. Alegia, “euskarak Euskal Irrati Telebistaren erdigunean beharko lukeela” eta horretarako, euskaraz gaztelaniaz baino gauza gehiago ekoizteko, zenbait aldaketa eman behar dira. “Agintariek tarteka esaten dituzte horrelako hitzak, baina hitzak besterik ez dira izaten”, iritzi du.

Garai zailak badira ere, “esperantzara kondenatua” dagoela aitortu du kazetariak. “Baikorrak izan behar dugu. Euskarazko kalitatezko telebista egiten profesional asko ditugu”, esanez bukatu du Urkizuk.