“Anoetako kontzertua Everestaren gailurrera heltzea bezalakoa da niretzat, garaipen bat zentzu askotan”
40 urteko ibilbideari gorazarre egiteko eta jasandako eraso eta jazarpen guztien gainetik, Fermin Muguruzak 30.000 pertsonentzako kontzertua eskainiko du bihar, larunbatarekin, Anoetako futbol zelaian.
Negu Gorriak taldeak, Galindok jarritako salaketaren ondorioz etorri zen prozesu luzean garaile irten ostean, Anoetako Belodromoan ospatu zuen epaia bi kontzerturekin. 2001ean izan zen hura eta, orain, 25 urte geroago, Anoetara itzuliko da Fermin Muguruza, kasu honetan futbol zelaira, 40 urteko ibilbidea goratzeko. Ez da, gainera, bakarrik egongo, jaialdi txiki bat antolatu baitu biharko. Chica Coyote eta Niño Tornadok, Palestinako DAM hip-hop taldeak eta Des-Kontrolek girotuko dute arratsaldea, Muguruzak eta bere taldekideek, 21.00ak aldera, oholtzara salto egin aurretik. Kortatuko garaietatik hasi eta gaurdaino gidatu dituen proiektu guztiak gogoratuko ditu Irungo Mosku auzoko musikariak. Bere anaia Iñigo Muguruza ere gogoan izango du, noski. Mexikon armadak, Guardia Nazionalak eta Poliziak bere kontzertuetako bat eten ostean, eraso eta mehatxu askori aurre egin behar izan dien musikari horren “garaipena” ere izango da larunbateko Anoetako kontzertua.
40 urte eman dituzu errepidean, mundu guztian barrena ibili zara, jaialdi txiki zein handietan abestu duzu... Halere, Anoetakoa guztiz berezia izango da zuretzat, ezta?
Bira honetan 26 kontzertu eman ditugu jada. Oso zaila da niretzat bat edo bi aukeratzea, baina egia da, Anoetakoa bizi dudala Everestaren gailurrera heltzea balitz bezala. Bira honen gailurra Anoeta da. Jaitsieran ere kontuz ibili beharko dugu, horrelako mendi handi batetik jaistea zaila baita. Hasieratik argi neukan, zaleen eskaera demasaren aurrean tamainako erantzun bat eman behar genuela. Eta horretarako, jende guztia sartuko zen futbol zelaia behar genuen. Ez zegoen besterik. 30.000 pertsona sartuko ditugu, eta oraindik beste 2.000 ere sar litezkeenez ez dago arazorik.
Halere, horrelako zerbait eskaintzeak esfortzu handia eskatuko dizue.
Esfortzu logistikoa, teknikoa eta antolakuntzaren aldetik egin beharrekoa ikaragarria da. Jada iragarrita geneukalako eta milaka eta milaka sarrera salduta genituelako, bestela zenbait momentuetan amore emateko tentazioa ere izan dut (barre egiten du). Iritsi gara, bihar daukagu eta, benetan, hunkituta gaude, badakigulako Euskal Herriko eta mundu osoko jendea etorriko dela. Estatu espainol eta frantsesetik etorriko da jendea, baita, besteak beste, Italiatik, Suediatik, Ingalaterratik eta Irlandatik ere. Hunkituta ere bagaude, Anoetako kontzertua etxerako buelta ere badelako. Sei hilabetez kanpoan izan gara, munduan zehar, eta denetarik gertatu zaigu: gauza zoragarriak eta beste gauza batzuk ez horren ederrak. Ikusten dugu, nola jendeak etxean nahi gaituen, eta ziur jendearen maitasun hori guztia Anoetako agertokia zapaldu bezain pronto nabarituko dugula.
30.000 pertsona zure 40 urteko ibilbidea ospatzeko etxean biltzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Gure bandak gainera izugarrizko indarra dauka. Hori da beti bilatzen dudana, banda izatea protagonista. Etxea Euskal Herri osoa da guretzat, baina noski, Anoetara Irungo jendea Topoan joango da. Iragarri genuenetik oso erronka handia izan da, eta orain kontzertua ate joka daukagu. Dena prest dago eta sekulako gogoa dut. Bide batez esan, oso eskertuta nagoela. Zaila da hitzez azaltzea jendeak erakutsi digun maitasuna, zenbaterainoko babesa eskaini digun, eta horrek nola hunkitu gaituen.
Kontzertua baino jaialdia da antolatu duzuena.
30,000 lagun bilduko ginela ikusita, nire kontzertuaz harago jaialdi txiki bat antolatu nahi izan genuen. Horretarako bi aurkezle izango ditugu, Oihana Barrena aizkolaria eta Sambou Diaby aktorea. Donostiako talde bat ere izango dugu, Niña Coyote eta Chico Tornado, lagun minak dira eta musikari bezala bonba hutsa dira. DAM eta Des-Kontrol eta, gero, guk joko dugu. Gure kontzertuan ere kolaborazio puntual batzuk izango dira. Besteak beste, Negu Gorriak-en garaietako Mikel ‘BAP’, Mikel ‘Anestesia’ eta Kaki Arkarazo izango ditugu gurekin. Olana Lissek ere parte hartuko du, Iñigo hil ondoren asko lagundu zidan ahotsik gabe gelditzen nintzen momentuetan; Gorka Urbizu ere gonbidatu dugu, Negu Gorriak eta gero Berri Txarrak-ek hartu zuelako testigua; eta Itziar Ituño ere bertan izango dugu gurekin.
Zenbaki borobilak ospatzeko egindako birek atzera begiratzea ekartzen dute. Zer ikusten du Fermin Muguruzak iraganera begiratzen duenean?
Zenbait momentutan atzera begiratzearen oso aurka egon naiz, iruditu izan zaidalako galga bat dela. Euskal Herriko eszenan galga izan da atzera begiratze hori eta lehenago egin zena gerora etorriko zena baino hobea zela aldarrikatzea. “Lehenengo diskoa hobea zen edo bigarren diskoa ondo dago, baina ez lehenengoa bezain beste; Negu Gorriak ondo, baina Kortatu gehiago gustatzen zitzaidan” bezalakoekin borrokatu izan naiz askotan. Beti izan naiz momentuan egin dudana defendatzearen aldekoa, eta aurretik egindakoa, lehenago egin nuen, besterik ez. Aurretik egin nuena une hartan gertatzen ari zenarekin lerrokatua zegoen eta momentu hartan ni nintzen pertsonarekin. Bizitzan aurrera egin ahala, ordea, atzera begiratzea, gustatu ala ez, ezinbestekoa da: jakitea nondik gatozen, zer egin dugun, zer gertatu den... Bereziki, hainbeste urte zurekin lanean aritutako anaia bat hiltzen baldin bazaizu, ezta? Orduan, iragana etorri egiten zaizu eta presente bihurtzen da.
Zure ibilbidearen momentu ezberdinak errepasatuko dituzu kontzertuan. Momenturen batean Kortatu edo Negu Gorriak banden itzulera burutik pasa izan zaizu?
Ez nuen horrelakorik nahi. Nire ibilbidean landutako ondasun guztia, bai musikan, baita ikus-entzunezkoetan ere, hori da aldarrikatu nahi nuena, bidaia-musikal baten bitartez. Hamar musikarien banda bat sortu dut eta hamar musikari horiekin kantuak egokitu egin ditut. Askotan, jendeari ahaztu egiten zaio Kortaturen Azken guda dantzan banuela oraingo bandaren oso antzeko bat: Anjel Valdes zegoen perkusioan, haize sekzio bat ere banuen, bi gitarra... Alegia, musikari pila bat zeudela agertokian. Azken guda dantza 1988koa da eta 2025ean antzeko beste banda bat daukat. Egin dudana izan da, bertsio originalera ahalik eta gehien hurbildu baina banda berriaren ukituarekin aurkeztu jendearen aurrean, errepertorio guztiari koherentzia emanez. Denboraren hari horretan, disko bakoitzetik, gutxienez, kanta bat eskainiko dugu.
Nola uste duzu aldatu zarela 40 urte hauetan?
Dudarik gabe, ez naiz orain dela 40 urteko gazte bera. Hor egon da beti gauzak ikasteko gosea. Disko bat egingo banu hemendik urte batzuetara, auskalo zer izango litzatekeen. Agian, nire sustraietara joango nintzateke, New Orleansen edo Jamaikan ematen diren musika sinkopatuetara. Bilakaera bat egon da, baina oso sentsazio ederra daukat aspaldi sortutako zenbait abesti hartu eta banda berriarekin jotzen ditugunean. Ez dut iraganeko disko edo abestiez arnegatzen.
Atzera begiratze ezinbesteko horretan, Iñigo izango duzu buruan. Taula gainean omentzeak, oraindik ere, barrenak astinduko dizkizu.
Batez ere, entsegutan izan zen gogorra. Agian, ni ere ez nengoelako behar bezain sendo. Horrek ez du esan nahi kontzertu bereziren batean, Anoetakoan esaterako, momentu zehatz batean puskatuko ez naizenik. Ni hori gertatzeko prest nago eta bandak ere badaki. Lide Hernandok, taldeko gitarristak, Iñigo hil zenean, Bizitza zein laburra den abestia bidali zidan, a capella abestuta. Negar handia egin nuen eta, aldi berean, gospel musikarekin gertatzen den bezala, sendagarria ere izan zen. Negu Gorriak-en garaietan eta Galindoren aferarekin geundela, dirua ateratzeko premiaz, bertan zenbait maketa, abesti berezi eta gauza arraro sartu genituen disko batean. Kantu hori Iñigok ondutako maketa bat izan zen, oso gitarra estilo jimmyhendrixianoan eta ahotsarekin. Iñigok esaten zuen jainko bat egotekotan, Jimmy Hendrix izango zuela izena. Hil zenean, grabaketa bat egin genuen non nik erantzun egiten nion Iñigori. Kantu hori prestatu genuen eta Lidek hartzen du gitarra jimmyhendrixianoaren ardura eta gero ni sartzen naiz banda osoarekin. Oso momentu hunkigarria sortzen da jotzen dugunean, bereziki zenbait tokitan amaitzerakoan jendea “Iñigo! Iñigo! Iñigo!” oihukatzen hasten denean.
Palestinari ere keinu egingo diozue airetik ateratako argazki erraldoi batekin. DAM taldea ere gonbidatu duzu oholtzara. ‘Checkpoint rock’ garaietatik ezagutzen dituzu.
Palestinako egoera ikusita, derrigorrez ekarri behar Palestinako talde bat. Nik lan asko egin dut DAMekin. Checkpoint rock Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu genuen bere garaian eta sesio bat eskaini genuen Gazteszenan. DAM taldeak egon behar zuen, gure berotasuna jaso behar du eta Palestinara mezu bat helarazi behar dugu: “Ez zaudete bakarrik”.
Galindoaren afera aipatu duzu. Irabazi zenutenean, Donostiako Belodromoan ospatu zenuten.
Esanguratsua ere bada guretzat Belodromoaren ondoan egitea kontzertua, oraindik biraren amaiera ez izan arren. Hari gorri batekin lotutako bi momentu dira. Eta zergatik ez esan, Anoetakoa, bere momentuan Belodromoa izan zen bezala, beste garaipen bat ospatzeko lekua ere izango da. Gauza askoren garaipena da Anoeta: Mosku auzotik atera den gazte baten garaipena da, frankismoaren diktaduraren ostean Kortaturekin hasten den musikariarena, gero euskaraz abestea erabaki zuena, hori ere mundu guztian zabalduz. 40 urte eta gero iritsi gara Anoeta betetzera, kontuan hartuta betidanik zailtasunak izan ditugula, jazarpenak, zentsura eta judizializazioa, Galindo bezalako pertsonaia boteretsuen aldetik. Azken urteetan, gainera, nire aurkako zentsura politika nabarmena ezarri da, nire musikaren aurka, nire pelikulen kontra, Goya sarietan nire presentziaren kontra…
Bira honetan ere, Estatu espainoleko zenbait tokitan arazoak izan dituzu kontzertuak emateko.
Estatu espainoleko zenbait erkidegoetan ezin dut abestu. Egia da, zenbait musika jaialdiri esker lortu dudala, azkenean, zenbait txokoetara iristea. Adibidez, Pais Valencian ezin nuen jo eta, azkenean, lortu dut, Gandiako Pirata Beach festibalean izango naiz eta. Andaluzian gauza bera, azkenean Almeriako Juergas jaialdian jotzea lortu dugu. Meridan gure kontrako kanpaina izugarria egin zuten eta, azkenean, han ere lortu genuen jotzea.
Mexikon ere arazoak izan dituzu, larriak gainera.
Jende atzerakoiak operatibo bat antolatu zuen bertako politikan ere eragiteko, ni erabilita, esanez biolentzia badagoela Fermin Muguruzaren kontzertu batean, non eta Foro Alician, areto autogestionatu oso famatu batean.
Zer da gertatu zena? Nola bizi izan zenuten?
Oso latza izan zen. Foro Alician, esango nuke, zazpi bat aldiz edo jo dudala. 1995ean ireki zuten eta bertan, lehen aldiz, bi urte geroago jo nuen Dut-ekin. Gainera, Mexikoko eragile kultural askorekin erlazio sakona dut. Adibidez, Docs DF film dokumentalen jaialdian bere garaian dokumental musikalen inguruko sail baten komisarioa izan nintzen. Are gehiago, nire filmak ere han eman ziren, Checkpoint Rock edo Al Jazeerarako egin nituenak, esaterako. Foro Alician ere eman izan da nire pelikularen bat edo beste. Eta beti probestu izan dut bidaia bertan kontzerturen bat eskaintzeko, Maldita Vecindadeko abeslariarekin edo beste artistaren batekin. Ciudad Nezan jo behar nuela aprobetxatuz, Foro Alician ere jotzeko eskaera egin nuen. 800 sarrerak hegan saldu ziren. Kontzertua hasi eta ordubetera, nire lagun mina den Foro Aliciako nagusia etorri zitzaidan eskatuz, mesedez, saioarekin amaitzeko, aretoaren kanpoan 200 gizon armatu zeudelako, Polizia, Guardia Nazionala eta Armadaren operatibo batean.
Mehatxatu egin zintuzteten?
Edo kontzertuarekin amaitzen genuen, edo esku hartuko zutela esan ziguten, jendea irtenaraziz. Gauza asko pasa zitzaizkidan burutik, eta lehena, sarraski bat gerta zitekeela. Han geunden guztiok bizirik eta kalterik jaso gabe ateratzea zen helburua eta horregatik, mikrofonoa hartuta, kontzertuarekin oso goian zegoen publikoa baretzen saiatu nintzen. Hurrengo egunean ere kontzertua izango zela esan nien, probokazioetan ez erortzeko, dena baketsu atera zedila, gure indarra hori ere bazela erakutsiz. Lortu genuen, baina tentsio hori guztia barru-barruan geratu zitzaigun. Ez nuen lorik egin gau guztian. Bi telebista kate joan ziren operatibo horretara, biolentzia grabatu nahi zutelako. Irudiak azkar zabaldu ziren eta haserre handia sortu zuen. 1968. urtean gizarte eta ikasle mugimenduek jaso zuten jazarpenetik, Mexikoko armadak ez zuen sekula horrelako beste esku hartzerik burutu, orain arte. Armada bat ekitaldi kultural baten aurka aritzeak, diktadura militarren oroitzapenak ekarri ditu Latinoamerikan. Euskal Herrira eta Europara ere iritsi ziren irudiak eta, zortzi orduko aldearekin, berehala hasi ziren galdezka. Tentsioa ez zaigu guztiz jaitsi eta, gainera, gertatu zenaren inguruan albiste eta analisi berriak egunero agertzen dira, gertatutakoa zergatik gertatu zen galdetuz.
Zure aurkako operatiboa izan zela uste duzu?
Oso pertsona markatua naiz Mexikon. 1996an bi urtez kaleratu ninduten, Zapatismoari babesa emateagatik. Gero, amnistiatu egin ninduten. Bestetik, Foro Alicia ere oso markatua dagoen espazioa da. Duela gutxi, gainera, Gobernadore federalaren bi aholkulari sikario batzuek erail zituzten. Argi dago eskuina amorratuta dagoela gizartea ezkerrerantz biratzen ari delako. Berriro ere, niri egokitu zait hau bizitzea eta ahal dudan moduan daramat, ez da erraza.
Alkateak ikerketa abiatu du gertatutakoaren inguruan.
Bi agintari polizial kaleratu dituzte, baina nork agindu zien horiei operatibo hori martxan jartzea? Nork baimendu zuen armada horrelako operazio batean parte har zezan?
Eskuina eta ultraeskuinaren jopuntuan egon zara beti. Atentatu baten helburu ere izan zinen 2001ean. Erakundeen aldetik jaso al duzu babesik inoiz?
Babes ofizialik ez dut jaso. Inoiz ez dut telefono deirik jaso, ez bonbaren kontuarekin, ezta orain Mexikon gertatutakoa eta gero. Mexikoko presidentea bera atera da adierazpenak egitera operatiboaren kontra eta Euskal Herrian ez da egon ez dei ofizialik, ez ezer, ezta hiritarrak garen heinean, nire musikariak eta ni zer moduz gauden galdetzeko bada ere. Hori latza da, baina horren aurrean, ordea, zer da geratzen zaidana? Herri baten zati handi baten babesa eta berotasuna. Bestela, normalena izango litzateke erabat ondoratuta egotea.
Temas
Más en Cultura
-
Las instituciones que integran Tabakalera celebran una década de cineastas residentes
-
Esther García y Alberto Iglesias cerrarán el martes la cuarta temporada del ciclo 'Diálogos de Cineastas'
-
Leire Martínez, OBK, J Martina, Dupla y Janus Lester, entre otros, se subirán al escenario de Sagüés en Semana Grande
-
Comienza el Sónar envuelto por la polémica relación entre el festival y el fondo proisraelí KKR