Síguenos en redes sociales:

Euskal zinemagintzako lau lan aitzindari eguneratuko dituzte

‘Ehun Metro’, ‘Zergatik panpox’, ‘Hamaseigarrenean aidanez’ eta ‘Oraingoz izen gabe’ Donostiako Zinemaldiko ‘Klasikoak’ sailean eskainiko dira

Euskal zinemagintzako lau lan aitzindari eguneratuko dituzteJavier Colmenero

Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Ehun Metro(Alfonso Ungría, 1985), Zergatik panpox(Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986) euskarazko film ertainak zaharberritzekotan dira. Eusko Jaurlaritzak 80.000 euroz finantzatuko du proiektua, eta Euskadiko Filmategiaren eta Eitbren laguntzaz gauzatuko da. Era berean, lau produkzioak datorren Donostiako Zinemaldiaren ‘Klasikoak’ sailean programatuko dituzte.

Euskarazko zinemagintzan aitzindari izan ziren lau lan zaharberritzeko egitasmoa aurkeztu da Tabakaleran lau egileekin batera. Anjel Lertxundi, Alfonso Ungría, Xabier Elorriaga eta José Julián Bakedanok, haien lanek izan zuten garrantzia mahai gainean jarri dute berrogei urte geroago. Izan ere, lau eleberriak zinemara pasa ziren garaian, oso zaila baitzen euskarazko ekoizpenik egitea, eta are gehiago kaleratzea. Garai hartan euskal zinemagintzak ekoiztutako lanak gutxi izan baziren ere, bidea zabaldu zieten geroago etorri zirenei. Lehen hiru produkzioak, soilik euskaraz ekoiztutako lehen luzera ertaineko film bilakatu ziren 1985ean, garai hartan Eusko Jaurlaritzak finantzatutako ekimenari esker.

EHUN METRO

Zuzendaritza: Alfonso Ungría

Urtea: 1985

Iraupena: 55’

Ekoizpena: Irati Filmak SA eta José Luis García Arrojo

Lau zuzendariak oso “pozik” eta “hunkituta” agertu dira aurkezpenean. Elorriagak esaterako, produkzio lana ekarri du gogora, “gidoilari eta zuzendari gisa ia prestakuntzarik gabe” egin zuela onartuz. “Garai hartan esperientzia faltagatik egin nituen akatsak antzemango ditut orain, baina gogotsu nago nire lana berriro ere ikusteko”, adierazi du. Era berean, Zergatik panpox eleberriaren berezitasunak azaldu ditu, eta hauxe aipatu du: “dialogoen ordez, bakarrizketa asko izateak, gidoigintza lana oso konplexua bihurtu zuen”.

Alfonso Ungría izatez euskalduna ez bada ere, txikitatik bisitatu izan du Euskal Herria, bere familiak Zaldibian zuen etxe batetara etortzen zelako uda partean. Donostia ere sarritan bisitatzen zuen, eta egitasmo berri honek zuzendaria “Donostiarekin berriro ere elkartzea” eragin omen du. “Garai hartako oroitzapen asko burura etorri zaizkit berriro ere”, azaldu du. Filmaren inguruan, Ehun metro ETAko kide zen mutil bati buruzko lana ote den galdetzen diotenean, beti argi erantzun ohi duela azaldu du: “Ehun metro garai hartako Donostiari buruzko lana da”.

HAMASEIGARRENA, AIDANEZ

Zuzendaritza: Anjel Lertxundi

Urtea: 1985

Iraupena: 56’

Ekoizpena: Irati Filmak SA, José Luis García Arrojo eta Jesús Acín

José Julián BakedanokOraingoz izan gabe filma zaharberritzearen proiektua “malenkoniaz” bizitzen ari dela esan du, eta “zinemagintzan lan gehiago egin nezakeela uste dut orain” gaineratu du. “Argi nuen filmean kalean hitz egiten zen euskara islatu nahi nuela”, argitu du durangarrak, aktoreen mailaren gainetik, euskaraz hitz egiteko ahalmenean oinarritu zela azaldu duelarik. Produkzioa zuzeneko soinuarekin gauzatu zuten Durangon, eta Bakedanok argi du: “Lan zaila izan bazen ere, arrakasta itzela izan zen”.

Anjel Lertxundik, orain dela berrogei urte “urrats handiak” eman zirela azaldu du, bai literaturan, musikan eta antzerkian. Zaharberrituko diren lau film ertainen inguruan “zinema euskararen begietara ekartzea” lortu zutela gaineratu du, orduan euskarak zineman zuen lekua oso txikia eta “ia ikusezina” zelako.

ZERGATIK PANPOX

Zuzendaritza: Xabier Elorriaga

Urtea: 1985

Iraupena: 55’

Ekoizpena: Irati Filmak SA eta José Luis García Arrojo

Prozesua

Lau film ertainak zaharberritzeko, Espainiako Filmategian eta Euskadikoan gordeta zeuden jatorrizko 35 mm-ko negatiboak erabili dituzte. Behin material fotokimikoa garbitu eta mekanikoki prestatu ostean, digitalizazio lana burutuko da. Ondoren, denborak eragin dituen inperfekzioak ezabatuko dizkiete, eta azkenik, kolorea eta soinua zuzendu. Lan guztiak abuztuan zehar amaitzea aurreikusi dute proiektuaren bultzatzaileek.

José Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak azaldu duenez, ekimen aitzindari hartako lana “ohoratu” nahi izan dute aurtengo programazioan. Hala, datorren edizioko ‘Klasikoa’ sailean programatu dituzte lau lanak, euskal zinemagintzaren “lan klasikoak” direlako.

Anjel Lertxundi, Alfonso Ungría, José Julián Bakedano eta Xabier Elorriaga Tabakaleran

Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxearen esanetan, lau filmen zaharberritzea “euskal kultur ondarearen eta euskal zinemaren aldeko apustu sendoa da”. Haren ustetan, “euskara eta euskal zinema” euskal gizartearen isla dira. “Horrelako proiektuek etorkizuna eskaintzen diote gure iraganari etorkizuna, baita euskal kultur zinematografikoari ere”, gaineratu du.

ORAINGOIZ IZEN GABE

Zuzendaritza: José Julián Bakedano

Urtea: 1986

Iraupena: 44’

Ekoizpena: José Julián Bakedano eta Iñaki Aizpurua

Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezen hitzetan, “proiektuak esker ona erakutsi nahi die euskararen arloan jardun zuten gure zinemagileetako batzuei” eta, horrekin batea, ondoren etorri zirenentzat “euskal zinemaren inspirazio-iturri” izan zirela azpimarratu du. “Bide luzea izan da, eta neurri berean, ederra”, azaldu du, zaharberritze prozesuari buruz hitz egin duenean.

Vanesa Fernandezek, Eitbko Kultura eta Euskara zuzendariak, proiektu honek “euskal ondare zinematografikoaren hedapenarekiko eta euskararen transmisioarekiko” erakundeak duen konpromisoa berresten duela adierazi du. Era berean, lau zuzendariak haien film ertainen zaharberritzea hurbiletik jarraitu eta ikusteko aukera izango dutela azaldu du. Besteak beste, Bolonia bertara joango dira, Italiako laborategietan egiten ari diren lanaren zuzeneko lekuko izan daitezen.

Euskal zinemagintzan aitzindari izandako lau film ertain zaharberrituko dira abuzturako, eta aspaldi ikusezin bilakatu ziren lan horiek, berriro ere hainbat zinemetan ikusteko aukera izango dute zinemazaleek.