646 pertsonari baino gehiagori ematen dio lana euskal musikaren industriak
Euskal Herriko musikaren sektorearen egoera, beharrak eta erronkak izeneko txostena Kulturaren Euskal Behatokiak egin du, Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearekin (EHMBE) lankidetzan. Sektoreko 93 eragileri ( %58 artistak eta %42 industria) egindako inkesta batean oinarritu da.
Musikaren sektoreak 39,5 milioi euroko negozio-bolumena sortzen du Euskal Herrian, eta 646 pertsonari baino gehiagori ematen die lana, euskal musikaren industriari buruzko ikerketa batek erakutsi duenez.
Azterlanak agerian uzten du zuzeneko emanaldien ekoizpenaren pisua, industria-jardueraren %47,8 hartzen baitu, eta sektorea askotarikoa dela ere garbi erakusten du: zerbitzu teknikoetan eta osagarrietan diharduten agenteak %30,4 dira, eta kontzertu-aretoak %21,7.
Sektorearen egonkortasun ekonomikoa ere azpimarratzen da, ekimen txikiak eta proiektu finkatuak batera bizi direlarik.
Gauzak horrela, enpresen %20k 80.000 euro baino gutxiago faktura-tzen ditu urtean, eta %23k milioi bat eurotik gora. Artistei erreparatuz, %37k 15.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak ditu, %25,9k 15.000 eta 30.000 euro bitartekoak, eta %37k 30.000 euro baino gehiago jasotzen ditu bere musika-jardueratik.
Sektoreak aurrez aurre dituen erronken artean, zuzeneko ikuskizunetarako teknikarien kontratazioa li-tzateke nagusienetako bat, horixe baita industriak gehien eskatzen duen profila (%70,9).
Gainera, agenteen %51,3k adierazi duenez, zailtasun handiak dituzte langile kualifikatuak aurkitzeko. Zehazki, gehien eskatzen diren profilen artean %70,9 zuzeneko ikuskizunetako teknikariak dira, eta, ondoren, marketin-arduradunak (%26,9), kontzertuen sustatzaileak (%23,9) eta musika-ekoizleak (%16,2), besteak beste.
Ikerketaren arabera, prestakuntza funtsezko faktorea da sektorearen etorkizunari begira, eta, halaber, artisten ikuspegitik prekarietateak errealitate izaten jarraitzen duela erakusten du, %30ak ezin duelako musikatik soilik bizi, eta beraien diru-sarrerak beste jarduera batzuekin osatu behar dituztelako, batez ere irakaskuntzarekin. Txostenak jasotzen duenez, emakumeak sektorearen %39,7 dira, eta gehiengo nagusia diru-sarrera txikieneko tarteetan (%43k urtean 10.000 euro baino gutxiago irabazten du).
Bestalde, artisten %61ak ez du oraindik inolako neurririk hartu erronka digitalen eta adimen artifizialaren aurrean, nahiz eta industria norabide horretan mugitzen hasia den. Amaitzeko, ikerketak garbi azaltzen du, finantzaketa erronka handia dela euskal musikaren industriarentzat, zailtasunak izaten dituztelako kredituak eta babesak lortzeko.