Superheroiak euskal gatazkaren alde bietan
Iban Zalduak ‘Botere handi batek’ komikia aurkeztuko du larunbatean, Egiako Ebla liburu-dendan.
Komiki-zale guztiek dakite zer datorren “Botere handi batek...” esaldiaren ostean; hauxe: “...ardura handi bat dakar”. Osaba Benek, hil zorian zegoela, Peter Parkerri bota zion aforismoa da, Spiderman superheroiaren kode etikoa behin betiko finkatu zuena. Horren ildotik, Iban Zaldua gidoilari eta idazleak eta Julen Ribas marrazkilariakBotere handi batek izenburuarekin bataiatu dute beraien komiki berria. Ez pentsa, ordea, Xabinator bezalako karikatura baten aurrean gaudenik, ez. Zalduak eta Ribasek comicbook estatubatuarraren “tropoetara” jo dute, latexarekin mozorrotutako super-gizakiak sortzeko garaian. Behar den –edo formatuak ahalbidetzen duen– seriotasunarekin, superheroi horiek euskal gatazkaren edo “euskal gauzaren” bihotzean jarri dituzte, gainera. Gidoilari eta idazle donostiarra, Dani Fano komikigilea eta Beñat Iturrioz zinemagilearekin batera, Donostiako Egia auzoko Ebla liburu dendan izango dira larunbatean, eguerdiko 12.00etan, komiki hori aurkezteko.
Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen gaztetxoentzako Xabiroi komiki-aldizkarian, atalka atalka, Fusio, Fisio, Depresore, Atari edo Porlana bezalako ezizenekin gaizkiari aurre egiten dioten heroien abenturak kontatu ditu egileak. Orain dela zenbait hilabete, guztiak bildu eta liburuki bakarrean jaso zituzten atal horiek guztiak, album integral bat borobilduz.
Botere handi batek Iban Zalduaren “bi obsesioetatik” jaiotako lana da. Alde batetik, diziplina bera dago, egilea komiki-zalea izan baita txiki-txikitatik. Halere, urteetan zaletasun hura albo batean utzi ondoren, 60. hamarkadan lehen aldiz argitaratutako komikien edizio berriak erosi eta berrirakurtzeari ekin zion heldu aroan, X-taldea zaharra, 4 izugarriak edo Spiderman-en abenturak, esaterako.
Xabiroi-rako istorioa sortzerako garaian, beste komiki batzuk ere kontuan izan zituen. 80. hamarkadan superheroien komikigintza heldutasunera iritsi zen, besteak beste, Frank Milleren Batman: year one edo The dark knight returns eta Alan Mooren Watchmen, The Swamp Thing eta Top 10 bezalako lanei esker.
Bigarren “obsesioari” dagokionez, literaturan ere noizean behin jorratu izan duena, “euskal gauza edo euskal gatazka” dago. “Gure bizitzak eta gure historia zeharkatu duen gai garrantzitsu bat da, oraindik hil ez dena, eta hor dagoena, sikiera memoria historiko bezala. Halere, orainaldi bezala ere presente dagoela uste dut”, esan dio Zalduak egunkari honi.
“Boterea erabiltzearen inguruko erantzukizuna, justizia egiteko bide aldrebesak, biolentziaren inguruko hausnarketa guztiak” dira, besteak beste, superheroien komikiek landu izan dituzten gaiak. Horiek, Zalduaren ustez, “ondo ezkontzen ziren” kontakizunaren aldetik euskal gatazkak planteatzen zituen “erronkekin”. Bi estimuluak gurutzatuz, eta horrek sortutako gamma leherketaren ondorioz jaio zen, Botere handi batek komikia.
Euskal herri ukronikoa
Watchmen-ek egin bezala, Zaldua eta Ribasen lanak momentu ukroniko bat du iturburu: 1960. hamarkadako azken urteetan, Frankoren ekimenez, Bardeatako basamortuan eraikitako laborategi sekretu batean, super-gizakien inguruko esperimentuek emaitza eman dute. Diktadorea hil ondoren, 1977 Moncloako itun sekretu batean, supergizakiak alderdien arabera banatzeko akordioa sinatu zuen Trantsizioko Gobernuak. Urte berean, euskal superheroiak Xibertan bildu ziren itun horren aurrean zer egin erabakitzeko. Adostu eta erabaki bakarra hartu zuten: ez zuten euskal gatazkan inongo fakzioren alde egingo. Botere handi batek, ardura handi bat dakar, ordea... eta zenbait superheroik ETA militarrean militatzen amaituko dute, beste zenbaitek Estatuko Segurtasun Indarren alde lan egiten duten bitartean.
Pandemia garaian proposatu zion Zalduak Ribasi lan honetan parte hartzeko. Marrazkilaria, Zaldua ez bezala, komiki-zalea bai, baina ez zen bereziki superheroi zale. Halere, idazlearen “poztasunerako” bere konfort eremutik ateratzeko erabakia hartu zuen. “Asko poztu nintzen, marrazkilari itzela baita”, esan du zalduak.
Azken hiru hamarkadetako komiki garrantzitsuenetariko bat izanagatik, Watchmen erreferentziatzat erabili zuten, noski, baina ez hura bakarrik, ordea. Zalduak adierazi duenez, Marvel etxearen babesean Peter Milligan eta Mike Allredek landutako X-Statics sail iraultzailea ere presente izan zuten haien obra ontzeko garaian.
Autokonklusiboa, baina...?
Botere handi batek istorio itxi bat kontatzen badu ere, sekuelak, prekuelak edo pertsonaia konkretuetan oinarritutako spin-off batzuk konta litezkeela uste du Zalduak, baina, aldi berean, zaila ere iruditzen zaio. “Ditugun medio urriekin unibertso oso bat sortzen saiatu gara, inguruan fandom bat eta sekulako industria bagenu bezala”, dio Zalduak. Baina noski, Euskal Herrian, izatez, ez dago horrelakorik. Esate baterako, zigilu handiek argitaratzen dituzten superheroien komikirik ez da inoiz euskaratu. Orain, behintzat, Zaldua eta Ribasen lan hau eskura daukagu, eta ez da gutxi.