Nola hartu dituzu Ondas sarietako bi hautagaitza hauek?
Ez genuen espero. Mare proiektuak badarama denboraldi bat bizirik. 2022an hasi zen sorkuntza prozesua, beka bat lortzeko helburuarekin. Handik hona, hazten joan da. Hautagaitzen berri eman zuten prentsaurrekoan Marek bi izendapen izango zituela jakin nuenean harri eta zur geratu nintzen. Ikaragarria iruditzen zait. Oraindik ere arraroa egiten zait, ez dut barneratu guztiz zer nolako garrantzia duen halako aitorpen batek.
Norgehiagoka gogorra izango dela uste duzu?
Oso gogorra. Kontuan hartu behar dugu beste hautagaiek zer nolako baliabideak izan dituzten. Guk podcast hauek logela batean grabatu genituen. Inko Martinek, proiektu honetako beste buruak, estudioa etxean dauka eta bertan grabatu genuen. Mare artisau-lana da, dena eskuz egina dago, soinuak, foley-ak... Lehiakide apartak ditugula iruditzen zait, eta haiekin alderatuta txiki ikusten dut gure burua. Halere, harro gaude, noski, norgehiagokan haien parean jarri gaituztelako.
Baliabide gutxirekin egin zenutela diozu, esperimentazioaren kategorian izan duzue izendapenetako bat.
Gure helburua dibulgazioa egitea zen, esperientzia murgiltzailea izango zuen podcast batekin. Proiektuaren ildo nagusiak itsasoaren mundua eta euskal itsas ondarea dira. Horiekin jolastu nahi genuen, entzuleak itsasoan murgiltzen dela senti dezan. Horrenbestez, esperimentala egin behar genuen, zenbait giro asmatu ere asmatu egin behar izan genituelako. Zer nolako soinua dauka, 6.000 metroko sakoneran dagoen Hadal Guneak? Ezin dugu jakin eta, noski, asmatu egin behar.
Beka baten bueltan sortutako proiektua zela esan duzu. Nola jaio zen 'Mare'?
Inko eta biok garatutako ideia da, dibulgazioa euskaraz egiteko helburuarekin. Askotan egiten da dibulgazioa, egia da, baina zenbait kasutan, astuna ere izan ohi da. Zerbait ezberdina egin nahi genuen. Entretenimendua eta irakaskuntza uztartu nahi izan genituen. Inko irakasle izan nuen soinu fikzioak sortzen ikasteko hainbat tailerretan. Berari asko gustatzen zaion zerbait da, baita niri ere ezagutu nuenetik. Bide hori jorratuz, dibulgazioa ukitu artistiko batekin uztartu nahi genuen.
Hamabi kontakizun landu zenituzten, zientzia eta itsasoa hizpide zituztenak, eta atalak lau minutuz azpiko iraupenekoak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako EGILE sarietara aurkeztu genuen Mare eta saritu egin gintuzten. Gerora, hedapena emateko helburuarekin, EiTB Podkastekin harremanean jarri ginen, erakusleiho izan zedin. Alegia, ekoizpena gurea bada ere, hedapena haien bitartez egin dugu.
Zer nolako erlazioa duzu zuk itsasoarekin?
Niri gustatzen zaidana, inguruan ditugun kontuez hitz egitea da. Zentzu horretan jorratu ditugu euskal itsas ondarearekin zerikusia daukaten gaiak. Esate baterako, saregileen inguruko atal bat, eta bertan saregile oso jator baten testigantza jaso genuen. Beste atal batean, Juan Jose Manzisidor buzoaren pasarte bat kontatzen dugu, Donostia eta Alfontso XIII. Espainiako erregearekin erlazionaturikoa. Ozeanografia elkartearen eraketaren inguruko dibulgazioa ere jorratu dugu. Eta nola ez ba, ikuspuntu feminista ere kontuan izan dugu. Askotan gertatu ohi da gizonezkoen bizipenak kontatzen direla eta hemen baditugu hainbat eta hainbat emakume protagonista, adibidez, Jeanne Baret, munduari buelta eman zion lehen emakumea. Ondas sarietarako hautagai izateko lagin bezala, beste emakume bati eskainitako atala bidali genuen, Gloria Hollister zientzialariarena. Batisfera batean, itsasoan sakonen murgiltzea erdietsi zuen emakumea izan zen.
Onda Vasca irratian pasa dituzu lau bat urte eta orain Ulu Mediaren soinu faktorian zabiltza lanean. Uluk ere jaso du Ondas saietarako izendapena ‘Holobiontea’ soinu-fikzioarekin.
Hautagaitzak iragarri ziren egun horretan Casares Irratira joan behar izan nuen saio bat egitera. Irratiaren eguna zenez, aurretik grabatu genuen saioa. Bertan nintzela jakin nuen Holobionteak soinu diseinuaren kategorian izendapena jaso zuela. Bulegora itzuli nintzenerako, banuen gure lehen izendapenaren berri, eta Jon Garcia lankideak Marek bigarren bat ere jaso zuela esan zidan. Sagardo botila bat ireki genuen (barre egiten du).
Eta zertan zabiltza orain Ulu Median?
Sorkuntzaren arloan egiten dut lan. Mare bezalako proiektuak nire denbora librean garatu izan ditut eta horietatik ogibide bat topatzen saiatu izan naiz, ez da ordea, batere erraza izan. Ulun hasiberria naiz, eta egia esan, soinua eta sorkuntza uztartzeko aukera izatea magikoa da niretzat. Holobionteaz harago, egunerokoan pieza txikiagoak eta elkarrizketa bereziak ere lantzen ditugu, bestelako kutsu batekin. Soinua oso bizirik dago, sari hauek horixe frogatzen dute, baina irrati eredu tradizionaletik kanpo. Ulun egoteak, soinuaren forma berrien inguruan denbora guztian buruari bueltak ematea ahalbidetzen dit: sare sozialak eta soinua, pilulak… Kontsumoa asko aldatu da eta horretara ere moldatu behar gara. Ulun oso argi daukate publikoari egokitutako edukia egin behar dela eta, jakina, euskarazko edukia sustatuz.
Zer da zuretzat irratia?
Niretzako irratia mundua ezagutzeko leiho bat izan da. Gogoratzen dut asteburuetan, goizetan, Javier del Pino entzuten nuela; guztiz maitemindua ninduen. Irratiaren kontsumoari dagokionean nahikoa purista naiz, nahiz eta jakin badakidan kontsumo orokorra oso aldakorra izaten dela. Gainera, irratia entzuten ari zarenean, atentzioa beste gauza batzuetan ere izan dezakezu; bideo batek ez dizu hori ahalbidetzen.
Irrati tradizionalek, gero eta gehiago, formula berriak bilatzen dituzte kontsumo eredu horietara iristeko.
Horren adibide da TikTok. Inork ez du ulertzen nola funtzionatzen duen algoritmo horrek, baina guztiek egon nahi dute sare horretan. Uste dut gure kutsua bermatu behar dugula. Hau da, beste publiko batzuetara iritsi nahi izateagatik, ez dugu zertan guztia aldatu behar. Gazteei heldu behar diegula dioten horiek, gehienetan, ez dira gazteak izaten, eta ikuspuntu oker batetik begiratzen diote gaiari. Nik, adibidez, 27 urte ditut, eta sumatzen dut, jada, aldea dagoela 20 urte dituztenek kontsumitzen dutenarekin. Komunikabide tradizionaletan edo enpresetan buru direnek, lehenik eta behin, entzuketa prozesu bat egin beharko lukete, usteetan oinarritutako erabakiak hartu baino lehen.
2024a, dirudienez, nahiko borobila izan zen zuretzat, beste sari bat ere jaso baitzenuen, Donostia Kulturak antolatzen duen Hamaika entzuteko lehiaketan.
Bai, eta esan diezazuket, gainera, aurten beste fikziozko podcast bat kaleratuko dudala, oraingo honetan ere, EGILE bekaren bitartez. Bi podcast proiektu aurkeztu nituen eta bat saritu zuten, mitologia eta musika uztartzen dituen Mitotik izeneko lana. Hamar atal izango ditu, eta izaki mitologikoez eta elezaharrez hitz egingo du, dena josiko duen fikziozko istorio bat lagun.