Ezuste eta emozio askoko gauak izango zirela iragarri zuen Zetak taldeko abeslari den Pello Reparazek, eta Nafarroa Arenak jaso dituen bi ikuskizunak horrelakoxeak izan dira. Talde nafarrak dituen hainbat arrakasta errepasatzeaz gain, Vendettak abestutako Begietara begira abesti entzutetsurako eta Erramun Martikorenarekin batera ‘tzulera abesteko aukera izan da.
Hala ere, bigarren gauak utzitako momentu gogoangarrienetakoa ia amaieran iritsi da. Mitoaroa ikuskizuneko estetikan jantzia, maskara kendu eta aretoa lehertu egin da txalo zaparrada izugarri batean.
Mikrofono aurrean jarri eta egungo euskal hautatzaile eta RCD Mallorca-ko entrenatzaileak Mitoaroa ikuskizunagatik eskerrak eman eta euskararen garrantzia azpimarratu du, batik bat Nafarroa bezalako lur batean.
Jagoba Arrasate-ren bertsoa
Mitoaro borobila,
hitzik gabe utzi naute
Zeinen ederra izan den,
zer emozio, zer txute.
'Hileta kantu nafarra'
modako egin duzue.
Vendettaren txingar haiek
oraindik hemen diraute,
pasioa, talentua
baitira zuen bertute.
Beti guztia emanez
gure hizkuntzaren truke,
euskara eta Nafarroak
elkarren beharra dute.
Nafarroa Arenaz gaindi, Arrasateren agerraldiak txalo asko jaso ditu sare sozialetan ere, tartean, Mikel Idoate pelotari ohia ("brutala")
Bertsozaletasunari dagokionez, ez da lehenengo aldia Arrasate bertsotan aritu dena. Are gutxiago publiko hain zabala aurrean duela. Osasuna Lehen Mailara igo zenean, entrenatzaileak bertso bat eskaini zien zale nafarrei Udaletxeko balkoitik, eta El Sadarren bere aroa maiatzan amaitu zenean, beste bertso batez esan zien agur.
Ez da lehenengo aldia Realeko entrenatzaile ohia oholtza gainean aritu dena. Osasunako entrenatzaile zenean, Jon Maiak prestatutako Kantu bat gara ikuskizunean parte hartu zuen, berau Nafarroako hiriburura iritsi zenean.
Egun hartan, Gayarre antzokiko taula gainean Pello Reparaz ere agertu zen Amane Sancet, Amets Arzalluz eta Arrasate berarekin batera.
'Mitoaroa', Donostian
Zetak taldeak, Pello Reparaz buru duela, Mitoaroa ikuskizuna aurkeztuko du Donostiako Illunben irailaren 6an. Navarra Arenan izan duen arrakastaren ondoren, ostiral eta larunbat bitartean 30.000 lagun bildu dituena, taldeak taldearen disko berria taularatuko du, Aaztiyen, Illunben, eta bertan amaituko du diskoaren aurkezpen bira.