Zeintzuk dira euskal artisten bizi baldintzak? Zenbat irabazten dute hilean? Zeintzuk dira harien eskaerak? Erakundeek martxan jartzen dituzten politikak nahikoa direla uste al dute? Galdera hauei, eta beste askori, erantzuna eman nahian, Lanarteak, Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak, Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzen lehenengo inkesta burutu eta emaitzak ezagutzera eman ditu urte amaierarekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso zuen ikerketak eta Aztikerren lanabesekin egin zen. Bertan 245 profesionalek parte hartu dute: 135 gizonezkoek, 99 emakumek eta 11 pertsona ez bitarrek (gehienak, 135 lagun, Gipuzkoan daude erroldatuak).

Txostenak erakusten dituen datuak ez dira, inondik inora, samurrak. Esate baterako, inkesta bete dutenen heren batek, azken urte honetan bere jardun artistikoa uztea pentsatu duela adierazi zuen. Diziplinen arabera, ilustratzaileak eta komikigileak dira, bereziki, euren lan baldintzekin batere kontent ageri ez direnak. Sortzaile horien artean, %50ak pentsatu du pintzelak alboratzea. Arte eszenikoetan eta ikusizko arteetan dabiltzanen artean ere, hurrenez hurren %44,8ak eta %44,4ak izan dute buruan amore ematea. Burutazio horixe bera adierazi du musikarien %38,7ak, itzultzaileen %36,4ak, bertsolarien %27ak eta idazleen %21,3ak. Horren arrazoiak azaltzerako garaian, txostenak sei ideietan laburbildu ditu: “nekea, presio administratibo gehiegizkoa; baldintza txar edo gogorrak, diru eza eta ezegonkortasuna, osasun mentala eta egindako lanaren eta bueltan jasotakoaren arteko desoreka”.

Hilean 1.027 euro

Lanarteak argitaratutako inkestak euskaraz jarduten duten artisten lan baldin-tzen larritasuna azaleratu du. Txostenak erakusten duenaren arabera, jarduera artistikoaren truke artista batek urtean, bataz beste, 12.073 euro gordin jasotzen ditu eta, ezinbestekoa zaio, diru sarrera hori beste zenbait iturri ba-tzuekin osatzea. Generoari erreparatuz gero, emakumeek 12.288 euro gordin irabazi zituzten iaz; gizonezkoek, aldiz, 11.683. Bestalde, jarduera artistiko hori ogibide bakartzat dutenek, 12.330 euroko irabazia izan zuten. 

Ogibide nagusitzat jarduera artistikoa baino ez dutenek, aldiz, zertxobait gehiago irabazi zuten 2024an: 12.330 euroko irabazi garbia –batez besteko, 5.698ko gastu gordinak kenduta– izan zituztela ematen du aditzera txostenak. Alegia, gordinean, 1.027,5 euro hilean. Ondo ulertzeko eta beste modu batera esanda, lanbide arteko gutxieneko soldatak dioena baino 100 euro gutxiago hilabetean.

Diziplinaka aztertu ezkero, ikus-entzunezkoetan dabiltzan profesionalek lortu zuten irabazirik handiena, 14.536 euro. Horien atzetik datoz itzultzaile lanean dabiltzanak, batez beste, 13.808 euro eskuratuta eta, ilustrazioan edo komikigintzan aritzen direnek 12.728 euro irabazi zituzten. Zerrenda atzetik aurrera xehatuta, ikusizko arteetan lan egiten dutenek 1.128 euro eskas lortu zituzten; musikariek, 4.467 euro; bertsolariek, 5.333 euro; literatura edo gidoigintza ogibide dituzten idazleek bertsolariek baino zertxobait gehiago, 5.424; eta arte eszenikoetan taula gainera igotzen direnek, 6.418.

Gainera, hizkuntzari erreparatuta, irabazietan ere desberdintasun handiak daudela erakusten du Lanartearen ikerketak. Euren sormen lanak soilik euskaraz egiten dituzten artisten irabazi garbia 4.717 eurokoa izan zen; aldiz, euskaraz eta erdaraz jarduten dutenenak 9.672ra iritsi ziren.

Beraien lan artistikoaren truke jasotzen duten ordainaren inguruan profesionalen iritzien emaitzak ere jaso ditu dokumentuak. Oso muturreko iritziak jaso dira kasu horretan, nahikoa pagatzen dietela eta eskas pagatzen dietela uste dutenen artean (%39,2 eta %31,8 hurrenez hurren).

Nork kontratatu zituen?

Inkestan parte hartu zutenei lan gehien eman zien erakundeen artean udalak eta udaletako zerbitzuak agertzen dira. Kontratatzaile horien artean, bigarren postuan ageri direnak irabazi gabeko herri elkarte eta jai batzordeak dira. Argitaletxe eta areto, taberna edo klub pribatuak agertzen dira ondoren. Aldiz, azken postuan aipatzen da EITB, “ikus-entzunezko ekoizle pribatu eta Euskal Herritik kanpoko argitaletxeen atzetik”.

Lan horiek non burutu zituzten ere jasotzen du txostenak. Artisten %87,2k lan guztiak edo ia guztiak Euskal Herrian egin zituzten iaz. Gipuzkoa izan zen artista gehien programatu zituen herrialdea (%84). Hurrenkeran, Bizkaia dator gero (%66,5). Eta horien atzetik Nafarroa (%49,9), Araba (%41,6), Lapurdi (%25,7), Nafarroa Beherea (%12,7%) eta Zuberoa (%8,2).

Politika-neurri gehiago

Ikerketan parte hartutako 245 artisten %95ak euskarazko kulturaren aldeko politika-neurri gehiago eskatu ditu, euskal kulturak “iraun nahi badu”. Konkretuki, %80,1a ados agertu zen “Euskarazko kulturak bere aldeko politika-neurri gehiago behar ditu, iraungo badu” aldarrikapena baieztatuz; artisten %14,4, aldiz, harago joan zen, eta erabat ados agertu zen. Ariketa berean, inkestan parte hartu zutenei, zenbait baieztapenekiko atxikimendua maila galdetu zieten. “Euskarazko ekosistema osasuntsu dago” esaldiaren aurrean, inor ez zen ados agertu. %21,6a ez zen batere ados, eta %41,1ak desadostasuna erakutsi zuen. Gainera, %70,6aren iritziz, ez omen dago euskarazko lanentzako nahikoa zirkuitu, sare edo plaza. Ildo beretik, inkesta betetakoen %80 baino gehiagoren ustez, gaztelaniaz lan egiten dutenek baino laguntza gutxiago jasotzen omen dute euskaraz jarduten dutenek. Are gehiago, ia %90ak dioenez, EITBk ez du euskara eta euskal kulturaren transmisioa ziurtatzen.

Sektorearen egoera hobetzeko sei proposamen egin ditu Lanarteak

Sektorearen analisia egin ondoren proposamenak egitea ere beharrezkoa denaren jakitun, Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzei Buruzko I. Inkesta bultzatu ostean sektorea hobetzeko baliagarriak izan daitezkeen sei proposamen egin ditu Lanarteak. Alde batetik, “euskaraz egindako sorkuntzaren lege baten beharra” aitortu dute. Berau diseinatu eta idazteko, sektoreko askotariko eragileek parte hartu behar dutela uste du Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak

Horretaz gain, lan baldintzak “erdigunean jarri behar direla” pentsatzen du, hizkuntza, beti ere, zehar-lerro bezala erabilita. Lanarteak EITB ere jomugan du: euskal kulturaren transmisio eta zabaltzean betetzen duen paperaren inguruko eztabaida ezinbestekotzat jo du elkarteak. Hausnarketa horren inguruko zenbait ertz kontuan hartu behar direla uste du profesionalen elkarteak, halaber, ETBko kultur programazioa, “euskarazko musika aireratzeko kuotak ezartzea irrati kate guztietan, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpen berriak sustatzea, EITBren eskaintza guztia euskarara azpititulatuta eta bikoiztuta eskaintzea eta Adimen Artifizialaren erabilera bizkortzeko asmoak bertan behera uzteko konpromisoa hartzea”.

Gainera, hedabideetan, erakunde publikoen kultur programazioan eta sustapen eta babes lerroetan “gutxieneko kuoten” ezarpena proposatu du Lannartek, euskarazko kulturaren alde. Kuota horiek bete daitezen, kontrol egitura bat sortu beharko litzatekeela uste du. Modu berean, “euskarazko kultura Euskal Herrian bertan ikusgarri egiteko planak eta zirkuituak onduko” dituen erakunde baten sorkuntza ere proposatu du.

Azkenik, artistentzako praktika onen gida proposatu du elkarteak, baita haiekiko harremanetan “erakunde publikoek izan beharreko praktika onen inguruko” adostasuna lortzea ere.