"Klera", gerren aurkako aldarri den album ilustratua
Klera, album ilustratu bat baino askoz gehiago da. Testua eta marrazkiak biltzeaz gainera, dantza, musika eta bideoak ere barne biltzen ditu. Ahoz gora gurasoek haurrei irakurtzeko obra kaleratu du Elkarrek. Jatorrizko idea Kukai Dantza Taldeko zuzendari Jon Mayarena da eta hark aurkeztu du liburuxka gaur, asteartearekin Donostian, June San Sebastian ilustratzailearekin, Maite Larburu musikariarekin eta Leire Bilbao idazlearekin batera. Liburua “gerren aurkako aldarri bat dela” esan du Elkarreko editore Antxiñe Mendizabalek, eta bereziki, horietan hiltzen diren “haur errugabeak” dituela hizpide.
“Arteak kontzientziak astindu behar dituenaren” jakitun, Mayak Leire Bilbaorengana jo zuen orain urtebete. Kukai Dantza Taldeak giza eskubideen inguruko hausnarketak egiten dituenetik urte batzuk badira ere, oraingoan, betiko moldeez harago, zuzeneko espektakuluez harago, joan nahi izan du. “Kukaik euskarri fisiko bat nahi zuen”, aitortu du Bilbaok. Ukrainako gerra puri-purian zegoela eta Israelek Gazaren aurkako eraso bortitz berri baten bueltan, idazleak galdera bota zion dantzariari: “Ausartuko gara umeak gerretan nola hiltzen dituzten kontatzen?”.
Ilustrazioak eta musika
San Sebastianek aditzera eman duenez, protagonista nagusia irudikatzeko garaian, bereizgarri egiten duten ezaugarri gutxi batzuk besterik ez ditu gehitu ilustrazioetan: bere ile beltza eta erabiltzen dituen katiuska gorriak. Erabaki horrekin, ipuineko umea gatazketako bonben azpian bizi den edozein ume izan daitekeela irudikatu nahi izan du San Sebastianek.
Ilustratzaileak Bilbaoren testuaren gainean sortu ditu marrazkiak. Klera, hain zuzen, geruza ugariko lana da, “xumea” baina “goxoa”. Gerora etorri ziren Maite Larburu biolin-jotzaile eta konpositorearen akorde maiorrak, minorrak baino askoz ugariagoak direnak. Musikarekin, aldi berean, gerraren “opakutasuna” eta zenbait “distira” ere islatu nahi izan dituela azaldu du hernaniarrak.
Albumeko orrialdeetan aurrera egin ahala konturatuko da irakurlea, autoreek zenbait QR tartekatu dituztela. “Testuak isiltasun asko ditu eta isiltasun horietan beste lengoaia artistikoak ez dira betelana, istorioa handitzeko moduak dira”, gehitu du Bilbaok. Kode horiekin David Bernuések zuzendu dituen bideoak mugikorrean ikusteko giltza izango du irakurleak. Ikus-entzunezkoetan Kukaik istorio honetarako sortutako koreografia jaso da. Bestalde, QRtako bik, irudirik ez dutela azaldu du Larburuk. Horiekin, irakurketa musikarekin girotu ahal izango da.
Temas
Más en Cultura
-
El tailandés Ratanaruang inaugurará Culinary Zinema y Joan Roca lo clausurará
-
Miren Ibarguren, la cómica que ha logrado su ansiado cambio de registro
-
La capilla ardiente de Manuel de la Calva se instala este miércoles en la sede de SGAE en Madrid
-
Muere Manuel de la Calva, del Dúo Dinámico, a los 88 años