Síguenos en redes sociales:

Radio Franceko Orkestra Filarmonikoak itxiko du Hamabostaldiaren 85. edizioa

Radio Franceko Orkestra Filarmonikoak itxiko du Hamabostaldiaren 85. edizioaN.G

Azken kontzertu sinfoniko bat eskainiko da ostiral honetan Donostiako Musika Hamabostaldiaren azken edizioa ixteko, Radio Franceko Orkestra Filarmonikoa eta Sol Gabetta biolontxelo jotzailea elkarrekin arituko direlarik. Édouard Laloren Biolontxelorako kontzertuan oinarrituko da programa, eta Debussy, Ravel eta Stravisnskyren piezak ere eskainiko dituzte, aurtengo edizioko balantzea bihar bertan aurkeztuko duen Donostiako jaialdi klasikoak atzo jakitera eman zuenez.

Frantziako irratiak 30eko hamarkadan sortutako lehen orkestraren oinordeko zuzena den Radio Franceko Orkestra Filarmonikoa, “Europako sinfonikoen artean formazio berritzaile eta berezienetakoa da” adituen esanetan.

70eko hamarkada

Sustraiak 1937an errotu zituen arren, 70eko hamarkadaren erdialdean berregituratu zuten orkestra Pierre Boulez konpositore eta zuzendari ospetsuaren bultzadaz, egungo orkestraren ezaugarri nagusi den ikuspegi malgu eta modernoa eman ziolarik.

Euren errepertorioan musika sinfonikoaren klasiko handietatik hasi eta sorkuntza abangoardistenetaraino iristen dira, jazza eta musika elektronikoa bezalako generoetan sartu-irtenak eginez.

Egungo zuzendaria den Mikko Franck finlandiarraren gidaritzapean etorri da Donostiara. 18 urterekin debuta egin zuenetik, nazioarteko hainbat orkestra entzutetsu zuzendu ditu, esate baterako, Berlingo Orkestra Filarmonikoa, Londresko Orkestra Sinfonikoa, Clevelandeko Orkestra eta Vienako Orkestra Filarmonikoa.

2015ean Radio Franceko orkestraren zuzendaritza bere gain hartu aurretik, Belgikako Orkestra Nazionaleko eta Finlandiako Opera Nazionaleko musika-zuzendari nagusia izan zen.

Sol Gabetta (Villa María, 1981) biolontxeloaren izar franko-argentinarra, berriz, nazioarte mailan bakarlari ospetsuenetakoa da.