Síguenos en redes sociales:

Txistularia

Garikoitz Mendizabal: “Hego Korean txistua entzuten dutenean ezusteko galanta hartuko dute”

Garikoitz Mendizabal txistulariak (Zestoa, 1973) Hego Koreara egin du bidaia bertako Seongnam Philarmonic Orchestrarekin kontzertu bat eskaintzeko.

Garikoitz Mendizabal: “Hego Korean txistua entzuten dutenean ezusteko galanta hartuko dute”Gorka Estrada

Garikoitz Mendizabalek pasioz bizi du bere instrumentua. Berau ezagutarazteko egiten duen lana ere ez da makala. Bilboko Txistulari Bandako zuzendari izanik, lan-utzialdian dabil, Gasteizeko legebiltzarrean EAJren legebiltzarkide delako. Inolaz ere, ez du txistua alde batera uzteko asmorik eta horrek eraman du, beste behingoz, munduaren beste puntaraino, han ere Euskal Herriko instrumentu tradizional honekin goza dezaten.

Nola iritsi zaizu Hego Koreako Seongnam Philarmonic Orchestrarekin jotzeko aukera?

–Orain hamar urte izan nintzen hemen, bost kontzertuko bira egiten. Horietatik bi, kontzertu sinfonikoak izan ziren eta bakarlari moduan aritu nintzen (Chincheon Symphonie Orchestra eta Gyonbook Symphony Orchestra-rekin). Beste hiruak, aldiz, Tolosako txistulari lagunekin, Iñaki Letamendia eta Jexux Mari Garmendiarekin izan ziren. Kontzertu sinfoniko haiek Unai Urrechok zuzendu zituen eta oraingo kontratazioa ere berak bideratu du.

Nola izan dute korearrek txistuaren berri?

–Egia esan horren errua Unai Urrechok dauka. Bera izugarrizko karrera egiten ari da etxetik, Euskal Herritik, kanpo, eta gure herriko txistuari aukera hauek emateko burutzen ari den lanak argi asko erakusten du bere izaera eta zenbaterainoko konpromisoa duen.

Esango zenuke Koreako kultura musikalean txistuarena bezalako soinuek badutela tokirik?

–Ezetz esango nuke. Dakidanagatik Korean musika sinfonikoa eta tradizionala ez dira nahasten. Are gutxiago musika tresna tradizionalak orkestrarekin. Beraz, suposatzen dut, orain hamar urte bezala, ezusteko galanta hartuko dutela.

Euskadiko Orkestrarekin grabatutako ‘Gutiziak’ diskoan jasotako lanak joko dituzu, ezta? Nolakoa izango da zure parte-hartzea?

–Hala da, bai. Orain bi urte enkargu berriekin osatutako CD bikoitza grabatu nuen Euskadiko Orkestrarekin. Propio, estilo eta musikagile desberdinei lanak eskatu nizkien eta horrela aukera askotarikoa eta zabala daukat eskaintzeko. Oraingoan, Javier Martinez Camposen Karibu Peponi erritmo afrikarretan oinarritutako lana eta Hora Staccato doinu errumaniarra eskainiko ditut.

Jada, Hego Korean zaude. Hasi al dituzu entseguak?

–Entseguak abuztuak 28 eta 29an izango ditut. Kontzertua, berriz, abuztuaren 30ean izango da. Hemen ikusmina bada. Enbaxadoreak, kontsulak eta hiriko alkateak dagoeneko baieztatu dute kontzertura etorriko direla. Erakundeen babesa egokia iruditzen zait eta euskal enbaxadore kulturala izateak beste dimentsio bat ematen dio afera guztiari..

Orkestra eta zuzendaria aurretik ezagutzen zenituen?

–Ez ditut ezagutzen baina bistakoa da Asia mailan eta Hego Korean bertan lehen mailako orkestra dela. Zuzendaria ere oso ezaguna da, ibilbide luzea eta oparoa duena. Oso mediatikoa da hemen.

2021ean, elkarrizketa egin nizun azken aldian, zure ustez ‘Gutiziak’ nazioarte mailan txistuaren aurkezpen-gutun aproposa izango zela aipatu zenidan. Horrela izan da?

–Bada, zorionez, esandako hura betetzen ari da. Hego Koreako kontzertu horren ondotik hurrengo urterako beste bi hitzordu itxita ditut; 2025eko otsailaren 1ean Quebec Orkestra Filarmonikoarekin joko dut eta, gerora, ekainaren 22an Eindhoven-en Philips Orkestra Sinfonikoarekin. Eta beste bi aukera ere lotzear daude .

Gure musikari dagokionean, nazioartean zer tokia duen begiratzera jo ohi dugu beti, baina zein da txistuaren pisua gaur egun Euskal Herrian? Badira noski txistulari bandak, ondo baino hobeto dakizunez, baina erreleborik ba al dago?

–Gure musika eta ohiturak nazioartean zabaltzeko ahal den guztia egin behar da. Egiten den guztia ondo etorria izango da. Zorionez musika, gastronomia, dantza, literatura, bertsolaritza, ugari eta onak ditugulako, zabaldu egin dira. Txistuaren kasuan nire helburu nagusienetako bat horixe izan da hain justu. Euskal Herriari dagokionez txistuaren tokia ordezka ezina da eta ondo baino hobeto kontsolidatua dagoela esango nuke. Dena den, gizartea azkar aldatzen da eta, adibidez, txistua presente egon den ohituraren bat edo beste (korporazioa, prozesioa…) kentzeko tentazioak ere egon badaude. Nire ustez mantendu egin behar dira, baina jabetzen naiz gizartea (askotan Udalak) hainbat kontuetan beste norabide batean joan daitekeela.

Eta, publiko aldetik, interesik badagoela iruditzen zaizu?

–Baiezkoan nago. Txistua bizi-bizirik dago eta betiko erregistroetatik at. Zorionez, beste talde berri batzuk sortzen ari dira eta kalitate handikoak, gainera. Orain 15 urte Sosegua diskoa kaleratu nuenean, soilik txistuarekin ikusten nintzen areto komertzialetan eta jaialdietan. Orain, Ariñeketan, Harribitxi, Aldapeko Latin Band, Ache para ti... Hainbat talde sortu dira eta oso erakargarriak dira.

Zure erantzukizun politiko berriek musikari behar beste denbora eskaintzen utziko dizutela uste duzu?

–Zalantzarik gabe, bai. Bokazioz naiz musikari eta txistulari. Orain politikagintzan nire esperientziaren ekarpena egiten saiatzen ari naiz, beti ere nire txistulari izaerari uko egin gabe. Abokatua, irakaslea, idazlea eta politikaria izan liteke bat, eta ni, une honetan, musikaria eta politikaria naiz.

Estatu Batuetara joatekoa zara irailean, Josu Okiñenarekin. Gero, komentatu duzun bezala, Kanadara, eta Europan zehar ere ibiliko zara. Ez duzu, beraz, musika eta txistua pausan jartzeko intentziorik, ezta?

–Pausarik ez. Txistua mundiala da! Eta ahal dudan guztia egingo dut hemen eta kanpoan ezagutu dezaten. Txistuak sekulako potentziala du.