Síguenos en redes sociales:

16-17 urte bitarteko 127 gaztek hartuko dute parte EuskarAbenturan

16-17 urte bitarteko 127 gaztek hartuko dute parte EuskarAbenturanRedaccion NdG

Zazpi euskal eskualdetako zein diasporako 127 gazte euskaldunek uztailaren 1etik 31ra bitartean burutuko duten espedizioak EuskarAbentura du izena, . 16 eta 17 urteko parte hartzaileek, lan-talde baten laguntzarekin, Euskal Herriko Done Jakue bideak oinez egingo dituzte, 27 herri desberdinetan gaua pasatuz.

Aurtengo edizioa

2024ko edizioaren berrikuntzetako bat, diasporako gazte baten parte hartzea izango da, zehazki Peruko Cuscotik datorrena. Orotara 127 gazte izango dira; horietako 126ek hautaketa-prozesua (aurkezpen bideoa eta proiektu bat) pasa behar izan dute, eta azkena, aldiz, Gaztea Irratiarekin egindako lankidetzaren bitartez ZI-ZA! Lehiaketaren garailea izango da

“Prestaketa lanak urte osoan zehar egiten dira. Abenduan zabaltzen dugu izen-ematea, eta eskaera asko jasotzen ditugu. Egitasmoa sustatzeko, aurreko urteetan aritutako gazteek hitzaldiak eskaintzen dituzte Euskal Herriko hainbat eskolatan beraien esperientzia kontatuz. Apirilean hasi ohi gara hautatuekin zein gurasoekin harremanetan, eta aldi berean, hurrengo urteko ibilbidea zehazten dugu”, argitu du Haizea Solagurenbeaskoak, EuskarAbenturako komunikazioko arduradunak.

Parte-hartzaileen artean egoera zein errealitate kultural, sozial edo pertsonal desberdinetako gazteak izango dira. Zenbait kasutan, euren herrietan euskaraz hitz egiteko zailtasunak izaten dituzte, eta horretarako sustatzen da gizarte euskaldun sarea. Jatorriari dagokionez, gehienak bizkaitarrak dira (43), ondoren gipuzkoarrak (28), nafarrak (24), arabarrak (13), lapurtarrak (10), behe-nafarrak (6), zuberotarrak (2), eta azkena, diasporako laguna.

Sexuari erreparatuta, gehienak emakumezkoak dira (85), baina beste 41 gizonezkok eta ez binario batek ere parte hartuko dute espedizioan. Horiekin batera, 30 lagunek osatutako lan-taldea ere arituko da.

Donostiatik Getariarako bidean aurreko urteko espedizioan parte hartu zuten neska-mutil batzuk.

Ibilbidea Atharratzetik (Zuberoa) abiatuko da, eta beste 25 udalerritan gaua igaro ostean, tartean zazpi eskualdetako hiriburuak, Getxon (Bizkaia) amaituko da. Ibilbidea oinez egingo dute, eta furgoneta txiki bat espedizioaren atzetik joango da une oro, ezbeharrik gertatuz gero, edonor garraiatu ahal izateko. Egun bakoitzaren amaieran, frontoi zein kiroldegietan egingo dute lo.

2024 ESPEDIZIOKO ETAPAK

Uztailak 1: ATHARRATZE

Uztailak 2: ATHARRATZE - MAULE

Uztailak 3: MAULE - PAGOLA

Uztailak 4: PAGOLA - LARZABALE

Uztailak 5: LARZABALE - DONIBANE GARAZI

Uztailak 6: DONIBANE GARAZI - AURITZ

Uztailak 7: AURITZ - ZUBIRI

Uztailak 8: ZUBIRI - IRUÑA

Uztailak 9: IRUÑA - IRULEGI - URROTZ - AÑANA

Uztailak 10: AÑANA - ARGANTZUN

Uztailak 11: ARGANTZUN - GASTEIZ

Uztailak 12: GASTEIZ

Uztailak 13: GASTEIZ - IZARRA

Uztailak 14: IZARRA - KAIKU - ARAIA

Uztailak 15: ARAIA - ZERAIN

Uztailak 16: ZERAIN -BEASAIN - TOLOSA

Uztailak 17: TOLOSA

Uztailak 18: TOLOSA - OIARTZUN - LESAKA

Uztailak 19: LESAKA - URDAZUBI

Uztailak 20: URDAZUBI - AMAIUR - BAIONA

Uztailak 21: BAIONA - MIARRITZE - URRUÑA

Uztailak 22: URRUÑA - DONOSTIA

Uztailak 23: DONOSTIA

Uztailak 24: DONOSTIA - ZARAUTZ

Uztailak 25: ZARAUTZ - DEBA - LEKEITIO

Uztailak 26: LEKEITIO - AULESTI

Uztailak 27: AULESTI - GERNKA

Uztailak 28: GERNIKA

Uztailak 29: GERNIKA - SUKARRIETA - BERMEO

Uztailak 30: BERMEO - BAKIO - BILBO

Uztailak 31: BILBO - GETXO

Goizero etapa bat egin ondoren,arratsaldetan eduki eta jolas desberdinak landuko dituzte, besteak beste, bisita historikoak, kirolak eta musika zein dantza. Jarduera horiekin, partaideek Euskal Herriaren ezagutzan sakontzea da helburu, beti ere, euskara sustatuz.

“Abentura paregabea”

“EuskarAbenturan lagun asko egin nituen, eta behin esperientzia amaitutakoan, abuztu osoa festaz-festa ibili ginen”, azaldu du Zuraide Telletxeak, aurreko urtean EuskarAbentura bizi izan zuen irundarrak. Esperientziaz gain, bertan bizitako momentuak inoiz ez omen ditu ahaztuko: “Onena beste kideekin sozializatzea zen, gehienbat afalorduan”.

Betirako nire gogoan egongo den esperientzia.

Zuraide Telletxea . 2023ko espedizioko kidea

Hasieran, normala den moduan, zalantzak izan zituela aitortu du Zuraidek, denbora luzez etxetik kanpo egotea “zaila” baita. “Hasiera nahiko gogorra egin zitzaidan, familiatik hilabetez urruntzen baitzara abentura berri batean murgiltzeko. Baina urduritasun hori besteekin konpartitzeak lasaitu egin ninduen”. Nolanahi ere, urduritasuna edo hasierako zalantzak alde batera uztea gomendatzen du gazte irundarrak, “betirako nire gogoan egongo den esperientzia” izan zela aldarrikatuz.

Zenbait gazteri etapek “beldurra” ematen badie ere, antolaketa oso ona dela dio Telletxeak. “Taldea hirutan banatu zuten bakoitzak bere erritmora egiteko”. Amaierako ekintza batzuk aspergarriak zirela ere aitortu du barrez: “Ekintza gehienak lagungarriak ziren, baina batzuetan nekatuta egoten ginen, eta atseden hartzeko beste ezertarako gogorik ez genuen”. 

Lehengo urteko Tolosa-Lesaka etapan.

Ikerketaren azken urtea

Azken urteotan euskaradunen ehunekoak eta euskararen ezagutzak etengabe gora egin badute ere, hizkuntzaren erabilera ez da neurri berean hazi. Horregatik, euskaldun guztion altxorrik preziatuena sustatzeko asmoarekin sortu zen 2015ean EuskarAbentura Espedizioa: gazteentzako esperientzia ahaztezin, aberasgarri eta positibo bat, euskara bizipen positiboekin lotuko zuena.

Lehen espedizioak 2018 eta 2019an egin ostean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailak finantzatutako lau urteko ikerketa abian jarri zen 2021ean. Aurtengoa izango da ikerketaren azken ibilaldia, helburua gazteen hizkuntza-ohiturak aztertzea izango delarik, bereziki hizkuntza mudantza, alegia, euskara barneratzetik erabiltzera dagoen jauzia. Ikerketaren emaitzak 2025eko otsailerako prest egongo direla aurreikusi dute.

“Euskararen erabilera sustatzeko burbuila sortzen dugu, handik aurrera euren bizitzetan eragina izateko. Ikerketarako, espedizioaren aurretik eta sei hilabete ondoren, galdetegi bana betetzea eskatzen zaie partaideei, eta espedizioan zehar elkarrizketak ere egiten zaizkie. Horrela burutzen dugu ikerketaren balorazioa”, azaldu du Haizea Solagurenbeaskoak.

2023ko edizioko Getaria-Deba etapan zehar Flyschean