Donostiako Jazaaldiak Txikijazz zikloaren programazioa aurkeztu du eta bost kontzertu izango dira iragarri du. Dantzatzeko ala entzuteko musika, estilo aldetik swingetik hasi eta gospeleraino, entzun ahal izango dira, haurrek eta familien gozagarri.

Donostiako Jazzaldiaren atal berezi horren 12. edizioa uztailaren 24tik 28ra bitartean egingo da, eta aurtengoan Kursaaleko terrazetara itzuliko da, Kutxa Fundazioa Plaza, Tabakalera eta Chillida Lekuz aparte huraxe izango baita agertokietako bat. Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak eta Esther Fernandino Txikijazzeko zuzendariak aurkeztu zuten atzo jaialdiaren hurrengo edizioa. Ziklo hori 2013an sortu zuten, haurrek eta familiek bat eginda, musika elkarbanatu eta ikasteko gune bat sortu asmoz.

Publiko gaztea

Fernandinoren esanetan “oso publiko gaztearengana hurbiltzen diren talde profesionalak dira eta beti egokitzen dute euren errepertorioa, baina helburua familia giroan musikarekin gozatzea da”.

Itziar Yagüe abeslariak hasiko du zikloa uztailaren 24an, Tabakalerako Kutxa Fundazioan eskainiko duen kontzertuarekin. Piano, kontrabaxu eta bateriaz osatutako hirukotea lagun duela, blues, soul, swing eta gospel doinuen errepertorioa izango da entzungai.

Noa & The Helldrinkers

Hurrengo egunean, Noa & The Helldrinkers talde donostiarraren txanda izango da Chillida Lekun. 2023an European Blues Challenge lehiaketan lehen saria irabazi ondoren, Hell's The New Heaven 23/24 bira egiteko aukera izan dute Frantzian, Norvegian, Alemanian, Txekiar Errepublikan, Suitzan, Errumanian, Polonian eta Portugalen.

Kutxa Fundazioa Plaza agertokira itzuliko da Txikijazz uztailaren 26an Swingtronics taldearen eskutik. Talde horrek swinga eta musika elektronikoa uztartzen ditu, eta Madonna, Amy Winehouse eta Michael Jacksonen kantuak eskainiko dituzte.

Washington DC-ko Carole Alston abeslariak kontzertu lasaiagoa eskainiko du uztailaren 27an Chillida Lekun. Jazz-diskografia zabala izateaz aparte, bere ibilbide artistikoa antzerki musikaleko emanaldiekin eta Municheko Jazz Institute Universityko Jazz Bokaleko lan pedagogikoarekin uztartu ohi du Alstonek.

Fernandinok aitortu zuenez jendearen eskariz, Kursaaleko terrazetako agertokira itzuliko da berriro Txikijazz. Uztailaren 28an Elkano Browning Cream taldeak joko du, Mikel Azpirozen Hammond organoa, Dave Wilkinsonen gitarra eta Franck Mantegariren bateria entzuteko parada izango delarik.

Osagarri gisa, kontzertuen esparru berean tailerrak ere eskainiko dituzte, jazz instrumentuak eta musika txikienei hurbiltzeko helburuarekin.