Lehen aldiz heldu dio goi-mailako lurringintzari Cristóbal Balenciaga Museoak, Balenciaga beraren, Chanel, Dior eta Schiaparelliren lurrinak, Lubin, Guerlain edota Myrurgia etxe historikoenak, eta bertako Gurys edo Calber erreferentziei erreparatuta.

Usain guztitako lurrinak

Getariako Balentziaga Museoaren eraikinaren ondoko Aldamar Jauregian dago ikusgai Lurrina Balenciagaren garaian erakusketa. Komisario lanetan, 20 urtez Frantziako hainbat museotan kontserbatzaile lanetan aritua den eta lurringintzarekin zerikusia duten 3.500 piezatik gorako bilduma osatu duen Anne Thoysy-Dallem aritu da, garai bateko aromak biltzen 40 urte daramatzan Juanjo Ruiz Crivillé-rekin batera.

Guztira, 600 piezatik gora daude ikusgai; maila goreneko lurrinak, kutxatxoak, hautsentzako kaxak, erakusmahaiak, baita Dali, Mucha eta Carmin bezalako artistek egindako publizitate lanak ere.

Aldamar Jauregian datorren abenduren 8ra arte ikus daitezkeen piezen artean, ezin falta Balenciagak sortutako lurrinak, Le Dix, Quadrille, La Fruite des Heures, Eau de Balenciaga eta Hoh Nag Balenciaga, Donostiako Casa Benegaseko beste hainbaten ondoan. Eta lurrinen kontserbaziorako lehen etxea izan zen Osmothèque de Versailles-en eskutik ekarritako usain historikoen berrargitalpenak ere bertan ikus daitezke, besteak beste.

Kronologia

Erakusketan Cristóbal Balenciagaren kronologia osoa dago bilduta, 1895etik 1972ra, lurrin modernoaren historiarekin bat datorren aldia, hain zuzen ere.

Erakusketaren ibilbidea Balenciagaren amak josten zuen Casa Torreseko Dukesak erabilitako lurrinekin hasten da. Garai hartan, bioletetan oinarritutako aromak nagusitu ziren, eta, seguruenik, haiexek izango ziren jostunak umetan usaindu zituen lehenak.

1947an sortu zuen Balenciagak bere lehen lurrina, Le Dix, lurrin-saltzaile bihurtu ziren garaiko couturierrekin bat egin zuelarik; oso negozio oparoa zenez, 40, 50 eta 60ko hamarkadetan diseinatzaile ugari hasi ziren aromak sortzen.

Aromak

Ernest Beauxek 1921ean sortutako Chanel nº5 ikonikoak mugarria ezarri zuen goi mailako joskintzaren eta lurringintzaren arteko loturan. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, batasun hori areagotu eta sendotu egin zen, Pierre Balmainek Elyssées 64.83, Carvenek Ma griffe eta 1947an Christian Diorrek Miss Dior merkaturatu zituztenean.

Balentziaga museoa Iker Azurmendi

Mirurgya eta Pareras bezalako etxe espainiarretako flasko eta materialak ere badaude erakusketan. 1910etik aurrera izen handia hartu zuten Bartzelonako eta Badalonako burgesia lurrinez hornitzen, eta nazioartean ere arrakasta handia lortu zuten.

Bitxikerien artean, Balenciaga Museoak Versaillesko Osmothéque entzutetsuarekin elkarlanean egin dituen hamar usain ikonikoren erreprodukzioak ere badaude, bisitarien gozagarri.

Usaimen-esperientzia

Horien artean dago Casa Torreseko markesak erabiltzen zuena, eta usaimen-esperientzia aparta eskaintzen dio bisitariari, dagoeneko existitzen ez diren usainak berreskuratzen dituelako.

Le Dix ere badago, baita Balenciagak 1955ean aurkeztu zuen Quadrille ere. Azken hori Pierre Caminek diseinatu zuen, erliebezko kartoi zurizko kaxa bereizgarrian, eta Cristóbal Balenciagaren perfume pertsonal bihurtu zen.

Hautaketa horretan daude, besteak beste, 1900ean Parisko Erakusketa Unibertsalerako kaleratutako Le Parfum Idéal, Guerlainen Shalimar, Diorren Eau Fraîche eta Hubert Givenchyren bigarren lurrina izan zen Le De.

Horiek guztiak, Coco Chanelen hitzetan, “lurrina modaren osagarri ikusezin eta behin betikotzat” jo zuten diseinatzaileek egindako ekarpenaren adibide ezin ederragoak dira.