Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Gremioak antolatzen duen Liburuaren Egunak, omenaldia egingo dio datorren asteartean Luis Martín-Santosi haren jaiotzaren mendeurrenean, 'Tiempo de Silencio' liburuaren egilearen arrastoei jarraituko dien literatur ibilaldiarekin. Javier Mina idazleak gidatuko duen ibilbide literarioa goizeko 10:30ean abiatuko da, Donostia Kulturaren Gipuzkoa Plazako Liburu Azokaren erakustokitik bertatik.

Aurtengo idazle gonbidatua Harkaitz Cano izango da. Itziar Ugartek elkarrizketatuko du 12:00etan eta ondoren liburuak sinatuko dizkie irakurleei. Idazle gipuzkoarraren azken liburuen artean 2023ko El mundo está roto pero se puede caminar, Ulu egiteko bolondres bila, eta Unai Iturriagarekin batera gidoilari gisa parte hartu zuen Ni ez naiz Mikel Laboa komikia aipatu behar; azken komiki horren irudiak Joseba Larratxerenak dira, eta Ilustrazioaren Euskadi Literatura Saria eskuratu zuen lan horrekin.

Erosketa bakoitzeko ohiko %10eko deskontua eskainiko duten 12 liburu-dendez gain, Donostia Kulturaren Liburutegi Zerbitzuak informazio-gune bat jarriko du azokan, eguneko programari eta liburutegietako zerbitzuei buruzko informazioa emateko.

Gainera, bertaratzen diren pertsona guztiek Ana G. Lartitegui ilustratzaileak Liburuaren Egunerako beren-beregi diseinatu dituen orri-markatzaileak erosi ahal izango dituzte.

Egun osoan zehar, hainbat jarduera antolatu dituzte helduentzako eta haurrentzako. Besteak beste, Luis María Jiménez de Aberasturik Javier Sada Donostiako kronista entzutetsua elkarrizketatuko du, eta Liluratu! ekimen parte hartzailea, Ylenia Benitok gidatuta irakurle taldeen gomendioak azalduko dituena.

Umeei zuzendutako jardueren artean, irakurle onenentzako Amona Tomaxa-ren sari banaketa, eta Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan aurkeztuko den 10 emakumek ilustratutako haurrentzako liburua.