Euskaltzaindiak bere webgunean eskegi du Piarres Lafitte (1901-1985) idazle eta euskaltzain osoaren artxiboa. Funtsaren bertsio digitala gaur, ostegunarekin, aurkeztu da Baionan, Akademiaren Ipar Euskal Herriko egoitzan. Clément Mathieu apezpikuaren eskariz eta haren finantzaketarekin osatu zuen Lafittek bilduma “erraldoia”, nagusiki mugaren bestealdeko jatorri askotako dokumentuakk bilduz.

Funtsean, besteak beste, berari zuzendutako gutunak eta kasu gutxi batzuetan berak idatzitakoak topa litezke. Gainera, Lafitte beraren lanak ere badira, euskalgintzan, euskal literaturan eta Euskal Herriko historiari buruz idatzitakoak. Lafittek Herria aldizkarirako jasotako dokumentuak ere gorde zituen, baita Ipar Euskal Herrian han-hemen jasotako bertso bilduma.