Badira hiru urte Donostiako Igara auzoan zuen egoitza utzi eta Adunan kokatu zela Elkar. Orain, grabaketa estudio berri eta profesionalaren irekierarekin, burutzat eman du bere “kultur fabrika”. Horixe adierazi du gaur, ostegunarekin, Elkar taldeko zuzendari kudeatzaile Mikel Esnalek prentsaren aurrean. “Zergatik diogu kultur fabrika bat dela? Gure egunerokotasunean hemen ekoizten ditugulako euskarazko disko eta liburuak, eta hemendik banatzen ditugulako Euskal Herri osora”, esan du arduradunak.

Haizpea poligonoko estudio berriak 110 metro koadroko balio anitzeko grabazio gela bat dauka, 21 metro koadroko gela osagarria, eta 50 metro koadroko kontrol gela. Azken horretan dago estudioaren bihotza, 56 kanaleko SSL 4000 G+ mahaia. Instalazioak berriak badira ere, mahaia betikoa da, 1982. urtean sortu eta 2000. urtean Elkarrek Europako grabazio enpresa bati erositako altxorra. Benito Lertxundiren diskoak, Mikel Laboarenak, La Polla Records edo Cicatrizen lanak, besteak beste tresna horrekin grabatu ziren Igarako egoitzan, eta horixe izango da hemendik aurrera ere, musika talde, orkestra, abesbatza, txaranga edo big band-en proiektuak erregistratzeko erabiliko dena.

Adunakoa, taldearen historian, Elkarrek ireki duen hirugarren grabaketa estudioa da. Esnalek gogora ekarri duenez, lehenengoa 1983. urtean jarri zuten martxan Lasarte-Orian, teknikari-ideologo lanetan Jean Phocas zebilelarik. Materiala Herri Gogoa zigiluari erosi zioten eta hantxe pasa zuten hamarkada bat Igara auzora salto egin arte. Phocasek lanean jarraitu zuen eta Cesar Ibarretxe batu zen proiektura. Ez zen bakarra izan, gerora ibilbide oparoa izan duten hainbat teknikari laguntzaile pasa baitziren bertatik, Haritz Harreguy eta Unai Mimenza esaterako. 2005ean, halaber, Víctor Sánchez hasi zen Phocasen laguntzaile lanean; hark ekarri zion “aire freskoa” proiektuari, mundu digitalari sarbidea gidatuz. “Profesionala izateaz gain, lehen mailakoa izan zela esan daiteke egoitzaren ezaugarriengatik, arkitekturarengatik, akustikarengatik eta bertan zegoen teknologia-maila kontuan izanik. Batere lotsarik gabe aldarrika dezakegu orduan sortu genuela lehen aldiz maila handiko estudio bat Euskal Herrian”, azaldu du.

Estudioa lehen mailako grabaketak egiteko prestaturik dago. Ruben Plaza

Adunakoa, noski, ez da atzera geratuko. “Elkarrena bezain beste, artistena eta kultur eragileena ere izango da estudioa. Horien sormenik gabe hau kaxa huts bat izango litzateke eta. Haiek ematen diote zentzua azpiegitura honi”, dio Esnalek. Phocasek erretiroa hartu ondoren, Sánchez da, egun, teknikari egoiliarra eta berak diseinatu du soinuaren arkitektura ere.

Andres Camio, Jitu, Elkarreko musika saileko arduradunak ere parte hartu du aurkezpenean, eta gogora ekarri nahi izan du Elkarrek euskal musikaren alde egindako apustua eta ekarpena. 1983tik hona 2.100 lan propio ekoitzi dituzte. Beste eragile askok ere izan dute aukera estudioa beraien beharretarako erabiltzeko. Azpiegitura hau ez da soilik kantuak edo diskoak grabatzeko erabili, bertan material didaktikoa, podcastak, pelikuletarako soinu bandak erregistratu izan dira, eta aurrerantzean ere zerbitzu horiek guztiak eta beste hainbat eskaintzeko asmoa azaldu dute.

“Elkar Musikarentzat oso garrantzitsua izan da beti grabaketa estudioa edukitzea. Alde batetik, gauza ausartak ekoizteko aukera eman digulako eta, bestetik, hainbat musikari, talde, elkarte edo diskoetxeekin aritzeko aukera eman digulako”, azaldu du Camiok. Estudio berria urrian jarri zuten martxan –Next Generation funtsetatik jasotako laguntzari esker egin dute obra– eta harrez gero zenbait grabaketa mamitsu egin dituzte, horien artean, laster kaleratzekoa den Gariren lan berria.

Lokal berriak ekarritako berritasunen artean bada bat azpimarratzekoa, hemendik aurrera, nahasterako garaian, zineman ia ezinbestekoa den Dolby Atmos sistema ere eskainiko baitute. Are gehiago, musika munduan ere zelako garrantzia hartzen ari den kontuan hartuta, Dolby Atmosen nahastutako musika lanak ekoizten hasiko direla iragarri dute Elkarreko arduradunek.

Soinu mahai baten epopeia

56 kanaleko SSL 4000 G+ mahaia da Elkarren estudioko harribitxia. Kontrol programagarriak zekartzan lehenetarikoa izan zen eta, oraindik ere, 3,5 hazbeteko disketeekin funtzionatzen du. Argi zuten Igarako lokaletik Adunarako espaziora eraman nahi zutela, nola ordea? Donostiako kontrol gelako atetik ezin zuten atera, ez zen sartzen. Kontrol gela eta grabazio gela bereizten zituen kristala askatu eta zulo horretatik atera behar izan zuten.

Garraioa lortzea ere ez zen batere lan erraza izan, oso tresna delikatua zelako enpresa askoren ezetza jaso baitzuten. Pisua arintzeko, 56 kanalak desmuntatu egin zituzten. Hala eta guztiz ere, mahaiak 400 kilo inguru pisatzen jarraitzen zuen. Garraio enpresa batek lagunduta lortu zuten, halako batean, mahaiak Igarako egoitza eta Haizpea poligonoaren artean dauden 15 kilometroak zeharkatzea.

Camiok eta bere taldeak bazuten bestelako kezkarik, baina. Mahaia 23 urtez etengabe piztuta egon zen. Behin itzalita, gainera, hiru aste eman zituen energiarik jaso gabe. Beldur ziren, sekula berriz ez ote zen piztuko. Zorionez, epopeia galant horrek amaiera zoriontsua izan zuen, eta etorkizunean ere, Euskal Herriko soinu banda erregistratzen jarraituko du.