Arte eta Parte izenburupean, Isabel Azkarate argazkilari donostiarrak artearekin duen harreman estua jarri du erakusgai Donostiako San Telmo Museoan, panorama artistikoa bertatik bertara bizi eta dokumentatu duen sor-tzaile horren hiru serie erakutsiko dituen erakusketa berrian.

Erakusketa maiatzaren 5era arte izango da Donostiako museoan, artearen kontsumitzaile porrokatua eta zuri-beltzeko argazkiarekin liluraturik agertzen zaigun artistaren beste alderdi bat ezagutzeko aukera eskainiko digularik.

Erakusketa honek bat egiten du otsailaren 25era arte Tabakalerako Artegunea aretoan bisitatu daitekeen egile berberaren atzera begirako ederrarekin. Bertan, lehen emakumezko argazki-kazetaritzat hartu izan den artistaren kazetari-tza-esparrua arakatu daiteke, hiru hamarkadatik gorako lan jardunean giza geografiaren katalogo zabala osatu baitzuen bere kamera lagun.

Silvia Omedesek zuzendu eta antolatu dituen bi erakusketa horiek, XX. mendeko emakume argazkilari espainiarren historia osatzen duen argazkilaria omentzen dute, haren lan ikaragarria argitara ekarriz.

Azkarate bera presente egon zen atzo Donostian erakusketa berria aurkezteko prentsaurrekoan, eta “izugarri gustatzen zaiola” eta “espazio zoragarrian” kokatuta dagoela aitortu zuen. “Jada iritsi naiz museo batean erakustera”, esan zuen txantxetan.

Hiru seriek osatzen dute erakusketa, eta lehenengoan euskal artista esanguratsuen hamabost erretratu biltzen dira, beraien lantegi eta estudioetan ateratakoak.

Intimitatea

Hainbat margolari, eskultore, idazle, musikari eta zinegileekin esperientziak eta kezkak partekatu ditu Azkaratek, eta haien intimitatean eta konplizitatean argazkiak ateratzeko beta izan du.

Eduardo Chillida, Juan Luis Goenaga, Jorge Oteiza, Ana Busto, Javier Gurruchaga eta Pedro Ayestaran, Andrés Nagel, Alejandro Garmendia, Bernardo Atxaga, Julio Caro Baroja, Rafa Berrio, La Otxoa, Vicente Ameztoy, Daniel Calparsoro, José Miguel Barandiaran eta Juan Chillida agertzen dira, orain, berriro ere, Donostian elkartu diren lagunen “bilduma” honetan.

Bigarren seriea mundu zabaleko galeria eta museoetan egindako 17 argazkik osatzen dute, non ikusleak arte garaikideko lanen aurrean elkarreragiteko aukera izango duen, batez ere emakumeen gorputzaren irudikapen hipererrealisten aurrean.

Pertsonaia anonimo horien kontenplazioa jaso du argazkilariaren begirada ironiko eta ausartak, oraingoan ispilu-jokoa osatuz, artelanei begira dauden pertsonak ikusteko aukera duelarik bisitariak “zirkulu voyeuristiko” birtuoso batetik, azaldu zuen Silvia Omedes komisarioak.

Inoiz argitara gabekoak

Biltegiratuak izeneko azken sailean, laurogeiko hamarkadan New Yorkeko American Museum of Natural History-n garatu eta inoiz argitara ekarri gabeko argazki-saiakera erakusten da; Azkaratek bertako biltegi batean abandonatuta aurkitu zuen amerindiar eta afroamerikar bustoen bilduma.

Omedesek adierazi zuenez, estigma bikoitz batek markatutako izaki ahaztuak dira: arrazializatutako estatubatuarren komunitate bat irudikatzen dute, herri haren historia ofizialeko bigarren mailako protagonistak, eta irudikapen zaharkitua eta politikoki okerra suposatzen zutenez, diskurtso museistikotik kendu eta biltegian pilatu zituztenak.

Donostiak San Telmo Museoarekin lankidetzan Isabel Azkarateri eskainitako bi erakusketa horiez gain, Blume argitaletxeak, Photographic Fundazioak eta Kutxa Fundazioak Isabel Azkarate liburua editatu eta aurkeztu dute elkarlanean. Liburu horretan, erakusketetako materiala biltzeaz gain, egilearen bizitza eta obraren ikuspegi zabalagoa eskaintzen da 200 argazki ingururekin, horietako asko argitaratu gabeak, Silvia Omedes beraren eta Odile Kruzeta kazetariaren testuekin batera.