Maitasuna edo maitasun eza bere forma guztietan izango da Literaktum 2023 jaialdiaren haria. Azaroaren 13tik 26ra ospatuko da Donostian, eta, besteak beste, Gioconda Belli, Antje Rávic Strubel, Antonio Muñoz Molina, Alejandro Gandara, Ray Loriga eta Maximo Huerta idazleek parte hartuko dute.
Edizio honetan ekitaldi batzuk liburu-dendetara itzuliko dira, eta Ramón Andrés, Patxi Zubizarreta, Jacobo Bergaretxe, Nerea Balda eta Marta Jiménez ere gonbidatuen artean daude, gaur, asteartearekin, prentsaurrekoan Jon Insausti Kultura zinegotziak, Jon Aizpurua Donostia Kulturako ordezkariak eta Arantza Urkia Liburutegi Zerbitzuko zuzendari teknikoak jakitera eman dutenez.
Maitasunaren geografiak izenburupean, Literaktumek hainbat jarduera eskainiko ditu datozen bi asteetan, hala nola erakusketak, solasaldiak, irrati-antzerkia, zineforuma eta beste batzuk, non Mikel Laboa kantariaren heriotzaren 15. urteurrena, Italo Calvinoren jaiotzaren mendeurrena, Julio Verneren Munduari bira 80 egunetan argitaratu zeneko 150 urteak eta Euskal Irudigileak elkartearen hogeigarren urtebetetzea gogora ekarriko diren.
Literatura latinoamerikarreko ahots garrantzitsuenetakoa den Gioconda Belli nikaraguarrak emango dio hasiera programari hilaren 13an, Ernest Lluch kultur etxean. Bertan, El país de las mujeres utopia feministaz izango du hizpide nagusi; obra horrek Hispanoamerikako La Otra Orilla Nobela Saria irabazi zuen 2010ean, eta berriro argitaratu dute.
Asteartea, hilak 14, oso egun trinkoa izango da: Antje Rávic Strubel alemaniarrak, Mujer azul aurkeztuko du; Maximo Huertak, haurtzaroko Adiós pequeño bidaia ekarriko du; eta Jacobo Bergaretxek, “pasioa, galerak eta oroitzapenak” ukituko ditu Las despedidas lanarekin.
Hilaren 15ean, “letra larrizko izena duen” Antonio Muñoz Molina idazleak bere azken lana, No todo el mundo, aurkeztuko du; Arantza Urkiaren esanetan, bere “estiloaren maisulana” beste behin erakutsi duelarik.
Hurrengo egunean Marta Jiménez izango da protagonista, No todo el mundo lanean bildutako kontakizunekin; Blanca Llum Vidalek eta Castillo Suarezek, berriz, maitasunari eta poesiari buruz hitz egingo dute.
Hilaren 17an, ostilararekin, mahai ingurua eskainiko dute Yolanda Arrieta idazleak, Belen Gaudes editoreak eta Sandra Sánchez García irakasleak, ipuin tradizionalen "eguneratzeari" edo "berridazteari" buruzko eztabaida jorratuz.
Azaroaren 20an, Alejandro Gandarak Primer amor aurkeztuko du, eta Patxi Zubizarretak Loak ezkutatzen duena. Azaroaren 21ean, berriz, La alerta amorosa topaketa izango da Santa Teresa komentuan, Ramon Andres poeta eta saiakeragilearekin.
Ray Lorigak Cualquier verano es un final eleberriaz hitz egingo du asteazkenean, hilak 22. Eleberri horretan maitasuna, adiskidetasuna eta suizidioa uztartzen dituelarik. Egile madrildarraren ondoren, hilaren 23an Nerea Baldaren txanda iritsiko da Azpimarrak lanarekin; eta hilaren 24an, ostiralez, Aizpea Goenaga zinemagilea, Mari Jose Olaziregi irakaslea eta Iñaki Salvador pianista bat eginda agertuko dira, Patxi Urkizu idazle eta ikertzailearen ibilbidea aztertzeko.
Juan Carlos Onettiren ipuinen errezitaldia, Call Me by Your Name filmaren proiekzioa, La lucha por la vida antzezlanaren emanaldia eta Kutxa Irun Hiria 45 Literatur Sarien banaketa ere, aurtengo Literaktum 2023ko jardueren artean eskainiko dira.