Donostia. Hamabostaldiko Musika Garaikideko zikloaren azken kontzertuko protagonista Xelo Giner saxofoi jotzailea izango da; gainera, musika mota horretako Konpositore eta Interpreteen Topaketa ere izango da gaur.

Zikloaren lehen bi errezitaldiak jaialdiaren hasieran eskaini ziren, eta gaur Xelo Giner saxofoi-jotzailearen kontzertua aurkeztuko da Kursaaleko balio anitzeko aretoetan. Titanio izeneko obra hori abenduan estreinatu zen Guggenheim Museoan, eta Mikel Chamizo musikari gipuzkoarrak “bidaia espaziala” proposatzen du, 70eko hamarkadan Jupiterrera eta Saturnora bidalitako zunden benetako soinuak ere txertatuz. Atzo Mikel Chamizok kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan azaldu zuenez, saxo tenore eta elektronikarako “uhinak” diren soinuek osatzen omen dute pieza.

Aurelio Edler-Copesen SSSOOOOOMMMM lanak itxiko du kontzertua. Musikagilearen beraren hitzetan, saxorako eta musikariak berak sortutako pedaletan oinarritutako instrumentuarentzako obra omen da. “Gizakiaren eta teknologiaren arteko uztarketa da”, adierazi zuen Edler-Copesek.

Xelo Giner saxofoi jotzailearen errezitaldia osatzeko, Gyorgy Kutag-en Signes Games and Messages interpretatuko dute, Isabel Latorre konposatzaileak IX. mendeko emakumezko autore bat oinarri hartzen duen Saint Wich, eta Miguel Angel Berbis-en Eixe Sentiment... Quan Plou pieza.

Kontzertu hori hasi baino ordu eta erdi lehenago, Musikagileen eta Interpreteen Topaketa egingo da. Bertan, musika sortu berrien esparruan lan egiteko interesa adierazi duten 30 pertsona inguru bilduko dira, eta topaketa, gainera, jarraipena izateko asmoz sortu dela aiderazi zuen Patrcik Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak.

Musika Bulegoak antolatu du ekimena, harreman profesional eta lankidetza berriak errazteko helburuarekin. Musika garaikidea Euskal Herrian “hain instituzionalizatuta” ez egoteko asmoz eratu da topaketa, beste hainbat herrialdetan dagoen “sorkuntza ehuna” eraikitzen hasteko, Chamizok aipatu zuenez. “Hainbat belaunalditako konpositoreak eta interpreteak elkartzeko gunea izango da. Musikenetik atera berri den instrumentista gazte batetik hasi eta egile ospetsu bateraino “, nabarmenduz amaitu zuen.