Trinitate plazan eskainiko den programa bikoitzarekin, Donostiako Jazzaldiak agur esango dio 58. edizioari gaur arratsalde-gaualdean. Joss Stone mezzosopranoa izango da menuko plater nagusia, baina haren sentimenduz beteriko konposizioak entzun aurretik, Malitik ekarritako doinuak zabalduko ditu agertokian zehar Bamba Wassoulou Groove boskoteak.

Tradizio bambarean oinarritutako musika egiten du, Bamaba Dembelé perkusionista eta Super Djata Band-eko bultzatzaileetako batek, 2013an sortutako taldeak. Beti ere, tradizioa berritzeko eta eguneratzeko helburua erakutsi zuten hasiera-hasieratik. Hamar urte hauetan bi disko kaleratu dituzte, Farmia 2015. urtean eta Dankelé 2019an. Azken hori, ordea, ez zen Dembeléren gidaritzapean grabatu, urtebete lehenago zendu baitzen.

Halere, taldeak aurrera jarraitu du eta gurean izango dira gaur arratsaldean, Jazzaldiak aurreratu duenez, energiaz beteriko elektrifikatutako saioa eskaintzeko. Gitarrak Moussa Dibaté eta Mamadou Bainu Diabatéren eskuetan izango dira; Aboubar Papis Diombanak, aldiz, baxu elektrikoa joko du eta Maguett Diopek, bateria. Abeslari lanetan Ousmane Diakiték hartuko du mikrofonoa eskuan.

Bamba Wassoulou Groove boskoteak proposamen dantzagarria eskainiko du taula gainean Jazzaldia ixteko. Nubya Garciaren igandeko Triniko kontzertuan publikoak erakutsitako jarrera abegikorraren bide beretik, afrikarrek ez dute eragozpen handirik izango, ziur, plaza dantzan jartzeko.