Maisu eta ikaslea baturik; ikaslea, orain, maisu bihurturik. Enrico Rava saxofonista italiarra eta bere crew gaztearen ostean, Trinitate plazako programak Europako jazzean oinarritutako beste proposamen bat ekarriko du gaur, astelehenarekin, David Helbock pianista austriarrak Austrian Syndicate proiektua aurkeztuko baitu Donostiako Jazzaldian. Gainera, bere line up-a osatzeko asmoarekin, Peter Madsen pianista estatubatuarra gonbidatuko du oholtzara, Chris Potter, Joe Lovano, Fred Wesley eta Stanley Turrentine bezain izen esanguratsuekin aritutako maisua.

Helbock-ek eta Madsen-ek New Yorken ezagutu zuten elkar 2001. urtean, lehenengoak 16 urte besterik ez zituela. Gaztea bai, bazen, baina talentu handikoa. Formakuntza klasikoan hezia, 20 diskotik gora kaleratu ditu. Egia da, oraindik ateratzeke daukala Austrian Syndicate taldearekin urte hasieran grabatutakoa. Inolaz ere, Trinitate plazako aukera probestuko du formazio horren azken konposizioak aurkezteko.

Madsenen laguntzaz harago, pianista europarrak bere herrialdeko hiru musikari, gazteak izanda ere Europako eszenan sona handikoak, fitxatu ditu bere sindikaturako: Raphael Preuschl-ek baxua eta bassukulelea joko ditu; Herbert Pirker-ek, bateria; eta perkusioan Claudio Spieler arituko da.